Musika harrobiko kideak indartsu datoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 26a, 02:00

Jokin Jauregi andoaindarrak bost urterekin eman zuen izena Andoaingo musika eskolan. Donostiako kontserbatorioan ari da orain, buru-belarri, bere zaletasuna jorratzen.

Tronpeta-jotzailea da Jokin Jauregi gazte andoaindarra. Umetan, musika tresna aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, erraz egin zuen hautua. “Bizilagun batek jotzen zuen, eta asko gustatzen zitzaidan. Ez nuen zalantza handiegirik izan eta tronpeta aukeratu nuen”, azaldu du. 

Eskarmentu handia

Hamalau urte besterik ez baditu ere, eskarmentua pilatzen ari da Jokin. “Basteron eskaini nituen lehen emanaldiak, musika eskolan. Aurreraxeago, herriko txarangarekin jotzen hasi nintzen eta hiru urte egin nituen bertan”. Txarangako ibiliak beste ate bat ere zabaldu zion Jokini: “Eneritz Jauregi ezagutu nuen txarangan eta hark proposatu zidan Getariako bandan jotzen hasteko aukera. Aurrera egitea erabaki nuen”.

Bandan ari zela egin zioten Donostiako kontserbatorioan izena emateko proposamena. “Ezezkoan nengoen. Azken momentuan, ordea, aurrera egitea erabaki nuen. Ikasturtea hasi aurretik, solfeoko eskola bereziak jaso nituen, maila egokia lortzeko. Izan ere, sarrerako proba egin behar izaten da kontserbatoriora sartu ahal izateko. Solfeoan edota musika tresnarekin duzun maila neurtzen dute”. Probak gaindituta, kontserbatorioan hasteko aukera izan zuen Jokinek. Hirugarren ikasturtea du dagoeneko.

Orkestran

Euskadiko Ikasleen Orkestran ere aritu da Jokin. “Urtero egiten dituzte sarrera-probak. Duela bi urte hartu nuen parte lehendabizikoz. Eukadiko Ikasleen Orkestra txikirako probak ziren orduko hartan, eta sartzea lortu nuen. Bi astez behin elkartzen ginen orkestrako kideak, asteburuetan, entsaioak egiteko”. Lehen esperientzia hark, jarraitzeko grina eta gogoa piztu zizkion Jokini: “Gazte mailako orkestran parte hartzeko aukera izan nuen iaz eta aurten Claudia Alduncin herrikidearekin batera, EIO handian. Jende asko ezagutzeko modua eskaintzen du orkestran aritzeak, oso esperientzia aberasgarria da alde horretatik, eta musika asko ikasten da gainera”, azaldu du Jokinek.

Astebeteko egonaldiak egiten dituzte EIO Gazte eta EIO-ko partaideek. “Aste Santuetako oporraldia aprobetxatuz, aterpetxe batean elkartzen gara musikari guztiak. Egunean zazpi edo zortzi ordu eskaintzen dizkiegu entsaioei. Asteburuan, bi kontzertu eskaini ohi dira”. Toki ezberdinetan egin izan dituzte orkestrako egonaldiak. Jokini, Gernikan eta Bilbon egotea egokitu zaio, baina atzerrira ere joan izan dira partaideak beste urte batzuetan.

Lorpen handia

Orkestran parte hartu ahal izateko, proba bereziak gainditu behar izaten dituzte musikariek. “Proba horietan, pieza jakin batzuk jotzeko eskaera luzatzen dute. Egonaldiaren amaierako kontzertuetan orkestrak eskainiko dituen piezak izaten dira probarako prestatu behar direnak. Pieza horiez gain, bestalde, norberak nahi duen beste obra bat ere jo beharra dago”. Lorpen handia da Jokinena, ez baita batera erraza Orkestrako kide izatera iristea. Tronpetaren kasuan, hamabost pertsona inguru aurkezten da orkestrarako probetara, eta lauk lortzen dute sartzea. “Datorren urtean are zailagoa izango dela uste dut. Orkestra Manchesterrera joatekoa ote den zabaldu da eta, hala bada, bi tronpeta bakarrik sartuko direla ere bai”. Saiakera egin gabe geratzeko asmorik ez du andoaindarrak: “Lan gehiago egitea eskatuko du prestakuntzak, baina saiatuko naiz”. Atzerrira joateko esperientzia bizi nahi du Jokinek.

Gustuko tokian…

Ahalegin handia eskatzen dio musikak Jokini, baina gustora egindako ahalegina da, noski. “Ordu asko eskatzen ditu. Kontserbatorian pasatzen ditudan orduez gain, etxean ere denbora eskaini behar zaio. Egunero-egunero jo behar da tronpeta. Egun guztiak ez dira berdinak noski, eta batzuetan kosta egiten da horretarako tartea bilatzea, baina oso gustura egiten dudan zerbait da”.

Musikarako zaletasuna gutxi balitz, beste ordu mordoxka bat eskatzen dion bigarren zaletasuna ere badu Jokinek: “Andoaingo txirrindulari eskolan nabil. Entrenamenduak, lasterketak…, horrek ere bere denbora eskatzen du. Denboraldi betean, astebururo izaten ditut lasterketak. Ikasketak, musika eta txirrindularitza, batzuetan ez da erraza denerako denbora ateratzea. Gustura nabil eta ahal dudan bitartean, eutsi egingo diot”, azaldu du.

Tarteka, Alikantera bidaiatzen du Jokin Jauregik. “Rudy Korp irakaslearengana joaten naiz. Kontserbatorioan eman zidaten haren berri, eta oso gustuko dut. Duela gutxi joan naiz, asteburu pasa, haren irakaspenak jasotzera. Gauza ezberdinak ikusteko eta ikasteko aukera eskaintzen dit”.

Etorkizuna

Etorkizunari begira, musikara bideratu nahi luke Jokinek bere ibilbide profesionala. “Oraindik oso gaztea naiz, baina orkestra bateko kide izatea gustatuko litzaidake, bai. Kontserbatorioan, maila elementala bukatu dut eta profesionaleko bigarren mailan ari naiz orain. Sei urte dira denera eta horren ondoren, maila gorena iritsiko litzateke, Musikenen egiten dena.

Klasikoa

Musika klasikoa gustatzen zaio bereziki Jokini. “Kontserbatorioan sartu nintzenean hasi nintzen klasikoa gertuagotik ezagutzen eta jorratzen. Asko gustatzen zait. Entzuteko, denetariko musika gustatzen zait, oso estilo ezberdinetakoa entzuten dut. Jotzeko, ordea, klasikoa dut bereziki gustuko”. Jazz-arekin ere proba egin izan du, “baina ez zait gehiegi gustatzen. Donostiako Txiki Jazz-en parte hartu nuen iaz. Gustura aritu nintzen, baina nahiago dut klasikoa”.

Pianoa ere jotzen du Jokinek. “Kontserbatorioan derrigorrezkoa da. Oso oinarrizko tresna da pianoa eta beharrezkoa da jotzen jakitea. Konposatzeko oso baliagarria da eta baita solfeoan edota abesteko ere. Niri ez zait bereziki gustatzen, baina aritzen naiz”. Gainerakoan, bonbardinoa edo haizezko beste instrumenturen bat ere jo izan du noiz edo noiz, “probatze aldera, eta lagunartean, besterik ez”.

Kontserbatorioa

Zazpi andoaindar gazte joaten dira Donostiako kontserbatoriora. “Astean bitan joaten gara batzuk eta, elkarrekin egiten ditugu joan-etorriak. Presaka garenean, guraso saiatuekin kotxez joaten gara, eta gainerakoetan autobusez”. Astelehen eta asteazkenetan joaten da Jokin kontserbatoriora. 17:15etan sartzen da astelehenetan, eta gaueko 21:00ak aldera aritzen da bertan. Asteazkenetan, 15:45etan sartu, eta 20:15etan ateratzen da. Jokinen lagunek harriduraz jarraitzen dute bere zaletasuna. “Ordu asko eskaintzen dizkiodala esaten didate”.

Musika klasikoan murgilduta, egile ezberdinak ezagutzen ari da Jokin pixkanaka. “Hummel asko gustatzen zait. Baina badakit asko geratzen zaidala ezagutzeko. Oraintxe Hummelen pieza batekin ari naiz, eta asko gustatzen ari zait”, azaldu du.

Kontzertuak

Kontzertu eta emanaldi ezberdinak eskaintzen ere ari da Jokin, noski. “Taldean batzuetan, bakarka beste batzuetan. Ez dut saio asko eskaini, baina tarteka egokitzen zait, noski, jendaurrean aritzea”. Horrelakoetan, ondo eusten dio Jokinek urduritasunari. “Batzuetan tentsio handixeagoa sentitu izan badut ere, ez dut kontrola galtzerainoko urduritasunik izaten”, azaldu du.

Etxekoen babesa du Jokinek. “Gurasoak, aiton-amonak…, kontzertuetara etortzea gustatzen zaie. Gustura hartzen dut babes hori”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!