Gure Esku Dagoren erronka berria ekainaren 10ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 25a, 02:00

Erabakitze eskubidearen aldeko giza mobilizazio erraldoiaren bidez, Donostia eta Gasteiz elkar lotuko dituzte. 2014an bezala, eskuz esku lotuko dituzte abiapuntua eta helmuga.

Erabakitze eskubidearen aldeko giza kate erraldoia azken txanpara iritsi denean, izen ematea Beterri-Aiztondon apal doa. Antolatzaileak ekimenak eskatzen duen lan logistikoarekin arduratuta egoteaz gain, eskualdeko biztanleen erantzunarekin kezkatuta daude.

Azken egunetan giza katerako izena eman dutenen kopurua handituz doan arren, helburutzat ipinitako 2.000 lagunen mobilizazioa gauzatzea lortzen ote duten jakiteko azken ordurarte itxaron beharko da. Ekainaren 10ean Aiztondokoak, Tolosaldekoekin batera, Mendaro aldera bideratuko dituzte. Eta Andoaingoak Usurbil aldera. Giza katea errepidean izango denez, antolatzaileek autobusei lehentasuna emango diete. Parte hartzaileei, beraz, izena ematerako garaian autobusetan ere izena emateko deialdia luzatuko zaie. Eguraldiak laguntzen badu, milaka lagunen giza katea, festa erraldoia bilakatuko da.

Nazio mailako Gure Esku Dago taldeak erronka zehatza aurkeztu nahi dio gizarteari, ekaineko mobilizazioarekin: “Erabakitzeko 2019 arrazoi aurkeztuko ditugu Euskal Herriko erakundeetan. Indartu dezagun ekimen hau giza katean parte hartuta”.

Aiurri hamaboskariak Beterri-Aiztondoko Gure Esku Dagoko partaide ezberdinak batu ditu, giza kateaz eta erabakitze eskubideaz jarduteko. Solasaldiak askorako eman zuen. Hona Iker Laskurain billabonatarra, Iker Urruzola zizurkildarra eta Garbiñe Agirre, Eugenio Usarralde eta Josu Lekuona andoaindarrarekin izandako hizketaldiaren laburpentxoa.
 

2017ko herri-galdeketak egin eta gero, ekainaren 10ekoa da erronkarik handiena. Data gerturatu ahala, sumatzen al da igoera parte-hartzean?

Garbiñe Agirre: Sumatu ez, nahi bai. Eta espero ere bai. Optimista jarrita pentsatzen dugu baietz. Zerbait entzuten da prentsa edota irratian, baina ez da askorik zabaldu. Guk ez dugu askorik nabaritzen oraindik. Maiatzaren erdialdeko bilerara jende gutxi gerturatu zen.

Iker Urruzola: Martxoan hasi ginen berriro aktibazio lanean. Orduan oso urruti ikusten zen eguna, eta jendeak badauka grina pixka bat. Hala ere, hotz dago giroa Aiztondo mailan.

Iker Laskurain: Amasa-Villabonan espero dugu azkeneko bultzadarekin mugimendu gehiago somatzea.

Eugenio Usarralde: Iazko bozketatan ere nola egin zen ba? Ez al zen hori pasa edo? Berritu beharra dago dei hori, konpromiso hori. Komunikabideen papera funtsezkoa da.

 

Zer nolako zaporea utzi du iazko parte-hartze prozesuak herri mailako taldeetan?

Iker Urruzola: Aiztondon martxoaren 19an izan ziren herri galdeketak. Parte-hartzeak, nahiz eta zenbakia oso altua ez izan, gogoa adierazi zuen. Baina hura han geratu zen. Hara bideratu genituen indar guztiak xahutu ditugu, lasaitu gara, eta horri berriro buelta ematea kosta egin zaigu.

Josu Lekuona: Andoaingo kasuan, nik uste, antolatzaileen artean nahiko zapore ona utzi zuela. Erronka horren aurrean batzuk ikuspegi baikorragoa edo ezkorragoa zuten, baina azkenean, zenbakiak alde batera utzita, erantzun ona eman zitzaion, kontutan hartuta zer nolako kontsulta den. Andoainen 2.000 lagunek bozkatu zuten, oso eguraldi txarrarekin. Guk oso baikor baloratu genuen.

Iker Urruzola: Zenbakiez haratago jendearen parte-hartzea dago. Portzentajea baino gehiago hainbeste pertsona mobilizatzea herri galdeketa batean, eta jakinda hortik ez doala haratago, ez dela binkulantea…

 

Erronka handia da ekainaren 10ekoa. Adineko nahiz gazte askoren parte-hartzea beharko da.

Eugenio Usarralde: Guztiena, dudarik gabe. Konkretuki Andoaingo kasuan esango nuke bozketako egunean gazteen parte-hartzea baxu xamarra izan zela. Horrek kezka sortzen dit. Agian ez ginen beraiengana behar bezala iritsi, pixka bat gehiago motibarazteko edo. Nahiko nuke gazteen parte-hartzea handiagoa izatea lehen, orain eta noski, baita gerora ere.
{{IMG-40840}}
Josu Amilibia Adunako alkatea, Joxemari Luengo Zizurkilgoa, Mikel Arrastoa, besteen artean 2014ko giza katean.


Horrelako ekimen handiez haratago, zer da Gure Esku Dago mugimendua zuetako bakoitzarentzat?

Garbiñe Agirre: Elkarlana. Nik uste kontziente izan behar dugula eskubideak lortzeko elkarlana ezinbestekoa dela. Egun garrantzitsua da, elkartu gaitzakeena, eta hori da helburua. Pertsona ezberdinak elkartzea, izaera eta adin ezberdinetakoak. Nik uste horrek duela balio handia.  Helburu batzuk lortu ahal izateko elkartasun keinu modukoa da.

Josu Lekuona: Demokrazian sakontzea. Azkeneko urteetan gure ordezkari politikoei utzi izan diegu erabakiak hartzen. Azken batean, guk izan nahi duguna herritarrok erabaki beharko genuke. Demokrazian sakontzea eskatzen du ekimenak;  gure etorkizuna, gure herrian, Euskal Herrian, nolakoak izan nahi dugun erabakitzeko.

Iker Urruzola: Dinamika alaia, demokratikoa, berritzailea eta batez ere inklusiboa. Euskal Herrian gure arteko liskarrak beti eduki ditugu, eta hori mozteko formatua da. Aurreko giza kateak iraganeko dinamika negatiboekin hausteko balio izan zuen. Instituzioak mugiarazteko balio dezakeen dinamika da.

Iker Laskurain: Festa giroan, gure eskubideak aldarrikatzeko modua da. Giza katea izan da jendeak gehien identifikatu duena. Ekainaren 10ekoa izan dadila gogoratuko dugun beste egun bat. Gerora gogoratuko den ekimen horietakoa.

Eugenio Usarralde: Konpromisoa. Ekainaren 10ean giza katean parte hartu behar dutenek horrela hartu behar dute.

{{IMG-40841}}

Gizarte zibila dago lehen lerroan; politikariak, berriz, bigarren maila batean.

Iker Urruzola: Adibide garbiena Katalunia dugu. Kataluniako prozesuak asko erakutsi digu. Gizarte zibilak herriaren nahia erakundeen agendara eramatea lortu du. Horrek du garrantzia. Ohitu gara ia dena politikoen esku uztera, lau urtean behin bozkatu eta badirudi horrekin dena esanda dagoela. Herri honek zerbait badu mobilizazioa da. Herritarrok beste zerbait nahi dugula erakutsi dezagun, eta hori kontutan hartu behar dela.

Iker Laskurain: Katalunia izan da eredu, eta aldi berean nahiko kalte egin diguna. Guk Euskal Herria gurea sentitzen dugu, bada goazen gurea dena aldarrikatzera. Zergatik gelditu behar dugu bidean?

Garbiñe Agirre: Beti aurretik besteren batek bidea irekitzen badu, nondik joan ikusten duzu eta hura gaizki atera bada zuzentzeko aukera. Guk gure modura moldatu beharko dugu.

Josu Lekuona: Gure Esku Dagok bost urte badaramatza eta horrelako prozesuei denbora eman behar zaie. Fruituak epe laburrera ikusi nahi ditugu. Gaurkoz herritarrak ahalduntzen ari gara, eta hori etorkizunerako oso baikorra izango da. Okerragoa litzateke gizartea apatikoa, akritikoa izatea zeinean ordezkari politikoek nahi dutena egingo luketen eta guk beti kexuka erantzun.

Iker Urruzola: Herritarron momentua da. Oraintxe da garaia.

{{IMG-40842}}

Kataluniako prozesuak mesede edo kalte egin al dio parte-hartzeko zalantzan zegoen pertsona horri?

Garbiñe Agirre: Hango egoera zein puntutan dagoenaren araberakoa da. Guk herri galdeketa azaroan egin genuen, urriaren 1etik aste gutxira. Gure kasuan, Katalunian aste horietan bizi izan zenak mesede egin zigun. Momentu honetan, gizartean nabaritzen dugun hoztasuna Katalunian bizitzen ari diren egoeragatik izan daiteke.

Iker Urruzola: Zein begiekin begiratu, halako hausnarketa egiten duzu. Kataluniak erakutsi diguna, hasieratik bukaerara, positiboa da: herriaren mobilizazioa, instituzioen parte-hartzea, arrazoitzea… Biolentziarik gabe gauzak lor daitezkela zioen estatuak. Ikusi dugu ezetz, ez dela horrela. Erakutsi behar diogu munduari zer nolako estatu politika dugun parean.

Josu Lekuona: Erreferenduma, neurri handi batean, tabua zen estatu espainiarrean. Katalunian lortu zuten erreferendum hori gauzatzea. Europako agendan  erreferendum demokratikoa lortzeko lehen pieza izan da hori. Niretzat denbora kontua da. Herritarrek beraiek erabakitzeko eskubidea izatea, lehenago edo geroago gauzatuko den zerbait izango da. Espainiar estatuak etorkizunean ezingo du boterekeriaz edo indarraz gizarte oso baten ahotsa isildu.

 

Nola definituko zenukete ekainaren 10eko eguna? Jai giroko eguna?

Iker Urruzola: Ekainaren 10eko giza katea jai girokoa izango da, bai. Baina ‘Herritarron ituna’ delakoak garrantzia handia dauka. Herri ezberdinetan ibili gara  arrazoiak bilatzen, eta 2019 arrazoi nahi ditugu urte horretan erakundeetara jo eta arrazoiak erakusteko. Nik hori azpimarratuko nuke.

Josu Lekuona: Herritarrak eta arrazoiak aipatzen hasita, Andoaingo iazko udazkeneko esperientzia aipatzeko modukoa dela deritzot. Andoaingo herri galdeketako galdera adosteko garaian, Basteron batzarra egin genuen. Sentsibilitate ezberdineko jendea egoera horretan jarri eta, ondo eztabaidatuz eta arrazoituz, galdera adosteko gai izan ginen. Debate hori gauzatzea oso garrantzitsua izan zen gure herrian. Niri oso aberasgarria iruditu zitzaidan. 50 pertsona bildu ginen, horrelako eztabaida eta hausnarketa egiteko.

Iker Urruzola: Ezberdinen arteko dinamika horiek oso baliagarriak dira: ezberdinen artean eseri eta elkarrizketa sanoak eta naturalak izatea, errespetuz jokatzea. Etorkizunera begira askotan egingo dugula uste dut.

 

Noiz eta non eman daiteke izena?

Iker Laskurain: Autobusean izena emateko azken eguna ekainaren 1a izango da. Horrek herri guztietarako balio du. Amasa-Villabonan larunbatero Malkar plazan izena emateko mahaia jartzen ari gara, 11:00etatik 13:00etara. Ekainaren 1ean eta 2an ere hortxe izango gara.

Iker Urruzola: Asteasun eta Zizurkilen mahaia ipini genuen, joan zen asteburuan. Herri bakoitzak bere dinamika du, ezagunak gara herrian. Beraz, dei dezatela lasai. Bestela, internet bidez ere izena eman daiteke. Ekainekoak, gainera, zein herrirekin joan erabakitzeko aukera ematen du. Tolosara jotzeko joera dutenek jakin dezatela han ere denda zabalik dagoela ostegun eta ostiral arratsaldetan, eta larunbat goizetan. Enperadore kaleko 5. zenbakian dago.

Garbiñe Agirre: Andoainen, egoitza zabaldu berri dugu Zumea kaleko bosgarren zenbakian. Asteartetik ostiralera goizez eta arratsaldez zabalik dago, baita larunbat goizetan ere.

Iker Laskurain: Jendea autobusetan joatera animatzen dugu. Horrenbeste jende mugitzea nahiko konplexua da. Autobusek lehentasuna izango dute, beraz kotxez doazenek itxaron egin beharko dute.

Iker Urruzola: Autobusek dagokigun kilometrora eramango gaituzte. Han utzi eta autobusa bere parkinera joango da. Kotxez doazenek ez dute lehentasunik izango. Kilometro bakoitzeko 10 autobus beharko dira, eta Tolosaldetik 80 autobus mobilizatu behar ditugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!