Senidetze egun berezia aurtengoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 24a, 02:00

25 urte betetzen dira aurten Zizurkil eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatea senidetu zirela. Urteurren borobila gogoan izango dute aurtengo Senidetze egunean.

Mikel Arrastoak gertu-gertutik bizi izan zuen senidetzea gauzatzeko prozesu hura, Zizurkilgo alkate zela. “Euskal fondoarekin joan ginen El Salvadorrera. Gerra amaitu berria zen. 1980tik 1992ra luzatu zen gerra eta 1993an joan ginen hara, Euskal fondoaren ekimena bertatik bertara ikusi eta egoera ezagutzera. Den-dena txikituta zegoen, kiskalita. Komunitate ezberdinak ikusi genituen, eta tartean, Segundo Montes komunitatea”. Valladolideko jesuita baten ohorez jarri zioten izena komunitateari, gerra ondoren bertakoen itzuleraren alde egin zuen lana eskertzeko.

Senidetzeko giltza

Musika izan zen senidetzerako atea zabaldu zuen giltza. “Ongi-etorria egin zigutenean, bertako musikariek emanaldia eskaini ziguten. Bitxikeria gisa, kataluniarrak ginelakoan, katalanez abestu ziguten. Euskaldunak ginela azaldu ondoren, oso ondo jotzen zutela esan genien, eta baita Euskal Herrian arrakasta izango luketela ere”. Hitz haiek izan ziren musika talde hura Euskal Herrira ekartzeko bidea. Hiru hilabete pasa zituzten hemen, kontzertuak eskainiz. Harreman sendoa sortzen joan zen bidaia hartan eta horrek ekarri zuen Zizurkil eta Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea. “1993ko azaroan onartu zen udal plenuan. Hortik aurrera, senidetzea eskualdera zabaltzea zen helburua. Tolosaldeko udaletxetara luzatu genuen gonbita, eta Aiztondoko zenbait herrirekin egitea lortu zen. Asteasu, Aduna… senidetzen joan ziren eta baita Amasa-Villabona ere. Josune Arretxe zer orduan zinegotzi eta ikaragarri inplikatu zen ekimen horretan”, azaldu du Mikelek.

Hainbat ekimen

Euskal Fondoak ekimen handiak bultzatu izan ditu El Salvadorren, eta horretan jarraitzen du egun ere: “Ur biltegiak, ikastetxeak, blokez egindako etxebizitzak…, ekimen potoloak gauzatuz joan da urte hauetan. Beste ekimen txikiago batzuk ere burutu izan dira: haurreskoletarako baratzak eraikitzekoa, esaterako”.

Egun, zenbait gazteri ikasketak egiten laguntzera bideratzen dute laguntza. “Izan ere, nahiko ohiko da gaitasuna duten gazteak ikasketak egin izanik geratzea, baliabide ekonomikorik ez dutelako. Hori saihesteko, bekak bideratzen dira”. Zizurkilgo urriko azoka berezian taloak salduz lortzen den dirua, Asteasuko kros solidariotik lortzen dena, Adunako Santa-eskean ateratzen dutena…, diru-iturri ezberdinak erabiltzen dituzte El Salvadorreko zenbait gazteri ikasketak ordaindu ahal izateko.

Bide aberatsa

Hogeita bost urtetako ibilia aberatsa izan dela azpimarratu du Mikelek: “Jende asko ezagutu dugu eta oso harreman politak sortzen joan dira bide honetan guztian. Egoera ezberdinak bizi izan ditugu; gora-behera politikoak, maren sorrera… baina merezi izan du”.

Hogeita bost urte hauetako ibilia ezagutu nahi duenak, horretarako aukera ederra izango du maiatzaren 26an bertan, Intxaur pilotalekuan. “Argazki erakusketa jarriko dugu bertan, urte hauetan ateratako argazki eta diapositibak bilduz. Gauzatzen joan diren proiektu ezberdinak ikusi ahal izango dira”.

Lladokoak bertan

El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin ez ezik, Kataluniako Lladó herriarekin ere senidetuta dago Zizurkil. “Urtero bezala, Senidetze egunera etorriko dira Lladóko lagunak. Kooperazioa eta internazionalismoa ospatzeko elkartuko gara guztiok. Lladó ere El Salvadorrekin senidetzeko pausoak ematen ari da eta laster gauzatuko dutela dirudi”, azaldu du Arrastoak.

Ospakizun betea

Bi egunetako ospakizuna izango da. Lladóko lagunei ongi-etorria egiteko elkartuko dira ostiralean, eta larunbatean egingo dute Senidetze eguna. Udaletxeko ekitaldi ofizialaren ondoren, herritarren ongi-etorria jasoko dute El Salvadorretik gerturatutako kideek. Gainera, aurten urteurren bereziarekin bat, El Salvadorren izan eta senidetzean buru belarri sinesten zuen pertsona bat gogoan izango dute: Josune Arretxe Villabonako zinegotzia, duela 8 urte hil zena. El Salvadorren izan zenean jasotako gogoeta eta artikuluekin egin zuen lana banatuko da Udal ordezkarien artean.

El Salvadorrekoen bisita

Plazako ekitaldi herrikoiean, “hitza emango zaie El Salvadorretik iritsi direnei. Hiru pertsona dira etortzekoak. Batetik, institutuko sukaldari arduraduna, bestetik, beka bati esker ikasten ari den neska gaztea, eta azkenik,  Giovanni Diaz Pereira, alkate izandakoa eta institutuko zuzendari lanetan ari dena. Urte hauetan izandako harremanen berri emateko pertsona garrantzitsua da Giovanni”.

Aurreko urtetan baino egonaldi laburragoa egingo dute El Salvadorreko lagunek. “Arazoak izan dituzte hegazkineko txartelekin, eta nahi baino egun gutxiagoz egongo dira hemen. Nolanahi ere, ahalik eta ondoen aprobetxatzen saiatuko gara. Getxoko zinegotzia den turismo arduradunarekin bilduko gara, Xabier Tello sukaldariarekin ere lotu dugu hitzordua…, batera eta bestera ibiliko gara, ahalik eta gauza gehien ikus eta ezagutu ditzaten”. Euskal Fondoa gauzatzen ari den ekimenei errapasoa egiteko ere aprobetxatuko dute egonaldia.

Xamurtasuna

Euskal Fondoa Ertamerikan egiten ari den lana azpimarratu du Mikel Arrastoa. “Krisi garaia iritsi zenean, hainbat eta hainbat herrialdek utzi egin zioten kooperazioan aritzeari. Euskal Herriak, berriz, ahalegina egin du kooperazio mailari eusteko eta hori azpimarratzekoa dela iruditzen zait”. Hori guztia ospatuko dute Zizurkilen maiatzaren 26an, “1993-2018, Elkartasuna da herrien xamurtasuna” lelopean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!