Etxean bezala sentitzeko txokoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 24a, 02:00

Javi Rivero billabonatarra eta Gorka Riko asteasuarra proiektu berrian murgilduta dabiltza. Ama taberna zabalduko dute, egun gutxi barru, Tolosan.

Sukaldariak dira Gorka Riko eta Javi Rivero. Basque Cullinary Centerren ikasi dute biek, eta odolean daramate sukaldaritza. Lanpostu finkoak zituzten biek ere, baina euren bideari eta gogoari jarraituz, ekimen berria dute martxan. Taberna irekiko dute Tolosako Aroztegieta kalean. Hornitzaileak zainduz, produktua zainduz, jaki goxoak eskaintzea dute helburu.

Elkarlana

Elkarrekin ikasi zuten Gorka eta Javik, baina ez zuten harreman esturik bigarren mailara iritsi ziren arte. Javi Riverok azaldu duenez, “sukaldaritza ikastaro ezberdinak eskaintzen hasi nintzen Eneko Amondarainekin batera. Ikastaro haietatik, zenbait otordu ematen hasteko aukera sortu zen. Bigarren mailan ari ginela, Galiziara joan ginen Gorka eta biok, jatetxe berean praktikaldia egitera. Harreman polita sortu zen bion artean eta geroztik, Gorka ere etortzen zen otordu bereziren bat prestatu behar genuenean”. Hiru urtetan denetarik egin dute Gorkak eta Javik, elkarlanean: Inaugurazio festak, zilar eta urre ezkontzak, jaunartzeak… “Gure filosofiarekin bat zetorren zerbait egin nahi genuen, ordea. Galiziako negozio hura zen gure erreferentzia. Bion artean ondo defenditzeko moduko proiektua zela iruditzen zitzaigun eta askotan hitz egiten genuen horren inguruan”.
{{IMG-40829}}

Tolosan

Lanpostu finkoa zuten bai Gorkak, bai Javik ere. “Gure ideia martxan jartzeko gogoa, ordea bizirik zegoen, eta lokalak begiratzen hastea erabaki genuen. Arratsalde batean, Tolosako Aroztegieta kaleko lokal bat ikustera joan ginen. Taberna izandakoa zen, eta dena jarrita zegoen. Guk ondo egiten dakiguna egiteko prest zegoen, sukaldatzeko. Lokal txikia da, manejatzeko erraza. Gure lehendabiziko negozioa da eta, txikitasunak, ikasteko aukera ematen digu”, azaldu dute.

Moldaketak

Azaroan hasitako prozesuak, maiatzean emango du bere lehen fruitua. Maiatza amaieran zabalduko dute Ama taberna. “Taberna moldatu, gure gustura jarri, burokraziaren eskakizunak bete…, pausoak markatu genituen, eta maiatzean irekitzeko helburua jarri genion geure buruari”. Sukaldetik kanpora, beste lan batzuk egiten  ere ikasi dute bi gazteek bide honetan zehar: Eskaiola jartzen, elektrizitate lanak egiten, gauza berriak egiten ikasi dute. Lanak amaituta, buruan zuten ideia gauzatzea lortu dute bi gazteek.

Babesa

Gustura daude jasotzen ari diren harrerarekin. “Jende askoren babesa sentitu dugu bide honetan, eta hori ikaragarri polita izaten ari da. Laguntza eskainiz gerturatu zaigu jendea, mezuak bidali dizkigute… Momentuz eroso eta gustura ari gara lanean, baina premia etorriko balitzaigu badakigu babes handia izango dugula atzetik eta horrek lasaitasun puntua ematen digu. Bestalde, erantzunkizuna ere eransten dio. Atzetik jende asko dagoela jakiteak, ondo erantzuteko premia areagotzen duelako. Nolanahi ere, oso eskertuta gaude erakutsi diguten jarrerarekin”.

Produktuak eta hornitzaileak

Hornitzaileen garrantzia azpimarratzen dute Javik eta Gorkak. “Produktu ona eskaini nahi dugu. Inguruko hornitzaileekin harremanak lantzen ari gara. Gertukoak izatea nahi dugu”. Asteazkenean egingo dute erosketa nagusia, Ordiziako azokan “eta astebururako juxtu bagabiltza, Tolosako azokan hornituko gara. Hortik aurrera, gure kale berean dagoen harategian erosiko dugu haragia, eta aldamenean dugu arrandegia ere. Horrez gain, aurrez ezagutzen genuen Getariako hornitzaile bati ere erosiko diogu arraina; olagarroak, mariskoa…, gauza bereziagoak handik hartuko ditugu. Hornitzaileak ingurukoak izatea nahi dugu, gertutasun hori oso garrantzitsua dela sinesten dugu”.

Dagoeneko hornitzaileekin kontaktuak eginak dituzte eta bide horretan aurrera doaz. Tabernako produktu guztiek, noski, ezin dute bertan ekoitzitakoak izan. “Kaferik, adibidez, ez da hemen ekoizten, baina herrian bertan badago kafea saltzen duenik. Hori ere zainduko dugu”. Balioan jarriko dute hornitzaile horien lana: “Bezeroek badakite mahai gainean jarritakoa guk sukaldatu dugula, baina produktua nondik datorren azaldu nahi dugu. Getariako Manuelan arrantzatutako olagarroa dugunean, esan egingo dugu, adibidez. Oso garrantzitsua da hornitzaile horiek zaintzea. Izan ere, beraiek lan hori uzten badute, plastikoa besterik ez zaigu geratuko”.

Tradizioa

Produktua zainduz, lan egingo dute Gorkak eta Javik. “Tradizioari eutsi nahi diogu. Eltzetatik hasita sukaldatu nahi dugu. Esaterako, salda guztiak guk egingo ditugu, karrillerak guk gisatuko ditugu egosita erosi gabe, kroketak ere bertan egingo ditugu… Hori guztia eskainiko dugu gure tabernan. Produktua plazaratu nahi dugu, formatu sinplean, mozorrotu gabe. Produktu ona eskuratzen badugu, guk sukaldatu egingo dugu, horretan gara onak”.

Transparentzia, gardentasuna da Ama tabernaren filosofiaren oinarri nagusienetakoa. “Sukaldean zer gertatzen den erakutsi nahi dugu. Gauzak nola egiten ditugun eta horrela zergatik egiten ditugun azaldu nahi dugu. Gure errezetak emateko arazorik ez dugu”.

Ama

Ama izena aukeratu dute tabernarentzat; “Inork ez du sukaldatzen beste norbaitentzat, ama batek bere seme-alabentzat egiten duen bezala. Hori da izenarekin islatu nahi duguna. Estetikoki ere goxotasuna bilatu nahi izan dugu tabernan. Bezeroak etxean bezala sentitzea nahi dugu; janarian, zerbitzuan, etab.”. Plateren bitartez, zerbitzuaren bitartez jendea zoriontsu egitea da Gorka eta Javiren helburu nagusia. Maiatza amaieran zabalduko dute Ama taberna.

Ekitaldiak

Orain Ama taberna martxan jartzeko lanean ari dira buru-belarri, baina etorkizunari begira, ekitaldi ezberdinak antolatzen hasteko asmoa ere badute: “Bizitasuna eman nahi diogu inguruari. Horretarako, ekitaldi ezberdin asko antola daitezke, beste dendariekin elkarlanean, adibidez”.

Etorkizuna

Etorkizunari begira jarrita daude bi sukaldari gazteak, eta Ama taberna izango dute oinarri. “Oinarri hori gabe ezin genuen hazi. Gauza ezberdinak egiten aritu gara, baina ez genuen hankak jartzeko oinarririk. Ama tabernak eskaini digu hori. Ez dakigu etorkizunean zer egingo dugun, edo non egongo garen hemendik 10 urtera, baina badakigu hemen izango dugula gure oinarria eta sustengua. Martxan jartzeko gogoa eta errespetu handia dugu, baina beldurrik ez”.
 

{{IMG-40830}}

Diseinua

Jon Ander Artolak egin dizkie markaren diseinu lanak. “Laguna dugu Jon Ander, eta gure ideiaren berri eman genionean, berehala hasi zen lanean. Primeran ulertu zuen gure filosofia, eta ikaragarri gustatu zaigu egin duen lana”. Marka horretan oinarrituta, Beñat Iraola diseinatzaileak sortu die lanerako erabiliko duten arropa. “Marka Jon Anderren estiloa da, eta arroparen diseinua Beñatena. Hori garbi esan nahi dugu. Beraien lana da, eta haientzako eskaparatea izan bagaitezke, primeran”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!