Euskaraldia aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 23a, 02:00

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskararen erabilera hauspotzeko asmoz antolatutako egitasmoa da EUSKARALDIA, euskalgintzako hainbat erakunde eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, besteak beste.

Tolosaldeko ia herri guztietako herritarrak eta udal ordezkariak bildu ziren, atzo, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Izan ere, azaroan egingo den EUSKARALDIAri begira jarrita daude eskualdeko herri gehien gehienak.  Euskaldunak direnen eta euskara ulertzen dutenen hizkuntza ohiturei eragiteko asmoz, hamaika egunetan zehar Euskal Herri osoan burutuko da EUSKARALDIA eta Tolosaldean ere, baiezkoa eman diote herriek ariketa honi.

Euskal Herriko lurralde guztietako herriek eman dute izena EUSKARALDIAn eta guztira 300 herri baino gehiagok hartu dute beraien herrian EUSKARALDIA antolatzen hasteko erabakia. Tolosaldearen kasuan, 28 herrik osatzen dute eskualdea eta dagoeneko 25 herrik eman dute izena ariketa sozial horren  antolaketan parte hartzeko. Beraz, aurkezpenean bildu ziren Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkilgo udal ordezkariak eta herritarrak.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa  pertsonala egingo dute EUSKARALDIAn parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko da izena udazkenetik aurrera. Beraz, ekimenean parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, praktikatzea edo euskara erabiltzea, bi modutara egin ahalko delarik:

  • Ahobizi: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko duen pertsona izango da ahobizia, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die.
  • Belarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarripresta, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke. Hainbat arrazoi tarteko, hamaika egunetan aho bizi izateko prest ez daudela uste dutenak ere belarriprest izan daitezke.

Herritar bakoitzak erabakiko du nola hartu nahi duen parte ekimenean eta kolkoan zein txapa jantziko duen. Baina hori guztia aurrera eramateko lanean hasi dira eskualdeko hainbat herri. Beste batzuk ere buruan dute lanketarekin hastea, herri bakoitzak bere erritmoan. Aldi berean, guztiek batera modu koordinatuan lan egiteko erabakia ere hartu dute herriek, Tolosaldean euskaraz bizitzea posible dela bistarazi nahi baita, hamaika egun horietan aukera praktikan jarriz.

Eskualdeko herriek errealitate desberdina bizi dute. Baina kontuan izan behar da bertako biztanle ia denek herritik kanpora ere oso maiz jo behar izaten dutela. Euskal Herri osoan batera horrelako ariketa bat garatzeak are eta zentzu gehiago ematen dio Tolosaldean EUSKARALDIA bultzatzeari. Lanean, etxean, kalean edota lagunartean euskara zabaldu eta mihia astintzeko aukera ederra ekimena. EUSKARALDIA badator, herriak martxan daude eta hamaika egun horiek baliatu nahi dira euskarari beste aire ufada bat emateko Tolosaldean ere.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!