Gaztetxoak bertsotan, bapatekotasuna landuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 23a, 02:00

Aita Larramendi ikastola, La Salle-Berrozpe eta Ondarreta ikastetxeetako ikasleek bertsoa, bapatekotasuna eta umorea uztartu zituzten Basteroko auditorioan, atzo. Bertsozaletasuna eta bapatekotasuna ikasle gazteengan sustatzeko asmoz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, Andoaingo Udalak eta bere Euskara Zerbitzuak eta aipatu ikastetxeek elkarlanean aspaldiko urtetan aurrera daramaten “Gu ere bertsotan” programaren baitan kokatzen da atzoko ekitaldia.

[Argazkiak]

Guztien irakasle den Unai Muñoak egin zituen aurkezpen lanak. Bere hitzetan “inork aitormenik merezi badu gaur, ikasle gazte hauek dira”. Ikusleei, guraso eta senidartekoei, begiratuz, hara zer esan zien: “Pentsatu, zuek, gaur, hainbeste ikusleen aurrean kantatu beharko bazenute, nola egongo zinateketen... Bada, hori da gaur egingo dutena neska mutiko horiek. Iruditzen zaigu oholtzara igo eta edozer egiteko kapaz direla, baina beraiei ere kostatu egiten zaie; tentsioa, urduritasuna, entseguak...”.

Ikasleek, taldeka eta era guztietara mozorrotuta, gai ugari jorratu zituzten bertsoen bidez: baserritarren bizitza, pertsona ezberdinen arteko elkarrizketak prestatuta, munduko kultura ezberdinak, txiroen eta aberatsen bizimoduak, aitona-amonen gogoetak, hainbat lanbideen (sukaldariak, tabernariak, bulegariak, poliziak, abeslariak...) gorabeherak, raperoen kantak, magia...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!