“Interneten baino informazio zehatzagoa eskaintzen dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 21a, 02:00

Noaoa bidaia-agentziako Garbiñe Martijak udari begira oporretara joateko zenbait herrialde proposatu ditu.

Udan pentsatzen ari gara jada.
Denbora daramagu udarako erreserbak egiten, zenbat eta denbora gehiagorekin egin, hobe ateratzen baita prezioz.

Oporraldi garairako, ez ohiko bidaia proposatuko al zeniguke?
Udan gehiengoak hondartza du buruan, baina badira bidaia oso interesgarriak, adibidez Eskoziara. Parajeak, gazteluak, kultura, destileriak..., oso interesgarria egiten den ez ohiko bidaia da.

Hamabostaldi baterako edo astebeterako, zer eskaintzen duzue?
Eskozia irailean bisitatuko dugu taldean, astebeteko bidaia batean. Hamabostaldi baterako, ondo ezagutzen dugun Bali proposatuko genizueke.

Garaiaren arabera ere asko aldatzen al da eskaintza?
Bai, noski. Normalean eguraldi onaren bila abiatzen gara. Neguan iparraldeko herrialdeak ere oso interesgarriak dira bisitatzeko, eskaintza ezberdina delako.

Ekainean nora joatea aholkatzen diguzu?
Ekainean kruzeroa egingo genuke. Hemendik, taldean joango den irteera antolatu dugu Greziako uharteetara.

Eta uztailean edo abuztuan?
Egun kopuruaren arabera eta aurrekontuaren arabera asko alda daiteke. Asia aldera bidaia proposatuko nuke, eta gertuago, Balear uharteetara edota Cadizeko kostaldera.

Eta iraila-urrian?
Zirkuitu edo ibilbidea egingo nuke Eskoziara, edota Alemaniako Selva Negrara astebeteko bidaia.

Bezeroen joerak zeintzuk dira?
Udan, adibidez, jendea kostatik asko mugitzen da Kanariar edota balear uharteetara. Kruzeroek gora egin dute azken urteetan.

Bidaia agentziak zein balio erantsi eskaini behar du, on line salmenta zuzenak dakarkizuen konpetentzia gainditzeko?
Bidaia agentzia batek informazio zehatzagoa eman dezake internetek baino. Gure balio erantsia dugun ezagutza eta urteetako esperientzia da. Bost kontinenteetan zehar bidaiatu dugu. Nondik nora ibili, non jan, bisitaldiak nola egin..., ezagutza hori badugu. Horrez gain, bidaiaren jarraipen zehatza egiten dugu. Internet sareak ez dizu horrelakorik eskaintzen.

Bidaiariari zein aholku eman ohi diozue atzerrira doanean?
Kasu bakoitza aztertu beharko litzateke, nora doan, eta noiz. Gure indargunea eztei-bidaiak dira, bidaia handiak beraz. Kasuan kasuko informazio pertsonalizatua eskaintzen dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!