Ostiral honetan pailazo ezagunek "Borobilean" ikuskizuna taularatuko dute, Egapeko jolastoki estalian. Urteak dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunak Urnietara ikuskizun berriena eskaintzera bertaratzen direla, eta muntaia berriarekin ere gogotsu hurbilduko dira herrira. Pailazoek muntaia berrian galdera egingo diote euren buruari: "Nork agintzen du etxean? Nork eskolan? Eta kalean? Lagunartean?". Borobilean eseriko dira denak, begiak eta bihotzak elkarri begira: Arauak ezarri, ardurak hartu eta banatu, antolatu, nork bere lekua hartu, pozak, minak eta desirak elkarri kontatu, errespetua landu, elkar ulertzen saiatu, erabakiak hartu… Eman, jaso eta moldatu, bizikidetzaren sokan funanbulista bihurtuko dituzte ikusleak.
Ikuskizuna Aiurri astekariak antolatu du, Urnietako Udalaren laguntzarekin.
Sarrerak salgai
7 euroko prezioan salgai daude Andoaingo Aiurrin eta Ernaitzan eta Urnietako BKN kafetegian eta Xauxar tabernan. Baita Hernaniko Leokadisti liburu-dendan eta Lasarte-Oriako Ttakun euskara elkartean. Azken sarrerak, geratuko balira, salgai ipiniko dira Egape ikastolako jolastoki estaliaren kanpoaldean arratsaldeko 16:30etik aurrera.
17:30ean hasiera emango diote "Borobilean" ikuskizunari.