Futbola heziketarako tresna gisa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 19a, 02:00

Futbola eta heziketa elkar lotuta doazen bi jarduera dira Igor Bere andoaindarrarentzat eta Pablo de Torres urnietarrarentzat. Eskarmentu handikoak biak, egunerokoan futbola ikuskizunaz harago doan jarduera dela erakusten dute.

Bakoitza bere herrian, aski ezagunak dira Igor Bere andoaindarra eta Pablo de Torres urnietarra. Futbolean ibilbide polita osatu dute, tarteka arnasa hartzeko irten egin izan behar badute ere. Ez ditugu kluben bozeramaile gisa elkarrizketatu, Aiurrin adituen eta arituen ahotsa izateko baizik.

Futbola ia denon ahotan izaten den kirol jarduera da. Zuen kasuan, benetako pasioa da.
Pablo de Torres: Bai, pasioa da, droga on bat. Batez ere afizionatuen mailako futbola. Ingurua atsegin dut, eta heziketa modu edo bitarteko bezala hartzen dut. Bere alde onak eta txarrak ditu, baina nik ilusioa bizi-bizirik mantentzen dut. 32 urte daramatzat entrenatzen, eta jokatzen ere batzuk egin nituen.
Igor Bere: Pasioz bizi dut futbola, baina futbolak nirekin egin zuen topo. Saskibaloiarekin hasi nintzen La Sallen, baina pixkanaka futbolera egin nuen, sortzen zuen ilusioa ikusita. Euskalduna taldean hasi nintzen, hezitzaile-irakaslea naiz lanbidez, eta gazteen formazioan heziketa oso garrantzitsua da. Ikasi egiten duzu, eskarmentua hartu, eta behin sartuta zaila da uztea.

Futbola balio onak txertatzeko modua da, beraz.
I. B.: Gogoan dut behin Espanyol taldea etorri zela. Javier Aguirre mexikarra zen entrenatzailea orduan, eta zera esan zidan: “Futbol jokalariak baino, pertsona onak izan daitezela izan behar da zure erronka”. Futbolaria izan, ahalik eta ondoen jardun, irabazi, baina talde lana lehenetsiz, norberaren interesen gainetik. Helburu komuna edukitzea, eta denak inplikatuta sentitzea. Norbaiti gutxi jokatzeak min egiten ez dionean, taldearen mesedean, aurrerapauso handia eman duzu.
P. T.: Edozein kirol jarduera baloreak sustatzeko egokia da. Talderen bat zuzentzeko ardura hartzen duzunean, helburu bat finkatu behar da,  jokalariak gazteak edo zaharragoak izan. Alor teknikoa eta taktikoa ere garrantzitsua da, landu beharrekoa, balioekin batera.

Berekoikeriari aurre egitea ez da batere langintza erraza izango, bereziki lehia handia dagoenean.
I. B.: Gizarteak aukera berdintasuna eskatzen du, baina kirol mailan gora zoazen heinean lehiakortasuna agertzen da, eta lehiakortasun horrek talka egiten du berdintasun irizpide horrekin. Prozesu naturala da, une batean agian ezin duzu aukera berdintasun hori mantendu. Eskola Kirolan denek antzera jokatzen dute, gutxieneko teknika bat lortu eta garatzeko, baina uneren batean batzuk besteak baino hobeak izango dira, eta orduan, zenbaitzuk taldearen mesedean lan egiteko bidea bilatuko dute, eta bere buruaren distira bilatu. Futbol federatua hasten denean beti piztuko da lehiakortasunaren alde ezkutu hori.  
P. T.: Ume guztiek ez dute maila berdina, teknikoki edo taktikoki. Eta hori onartu egin behar da. 7-8 urteko mutikoak gardenagoak dira, ez daude hain kutsatuta telebistan futbolak islatzen duen antzerki eta polemikarekin. Hazten doazen neurrian, ordea, gauza asko ikusten dituzte, gauza asko barneratu, eta gure lana antzerki eta polemika egoera horiek saihesteko lan egitea da.
Entrenatzaileak talde berarekin gehienez bi urte egitearen aldekoa naiz. Berekoikeriak, egon, badaude, noski. Landu, zaindu egin behar dira. Kudeaketa hori oso zaila da. Familia bat kudeatzen ari zara, ez jokalari bat bakarrik. Jokalaria eta horren familia. UKEn 268 familia kudeatzen ditugu. Guk ordu gutxi egiten ditugu beraiekin, eta tarte horretan arau eta balio batzuk betetzeko eskatzen dugu, eta denok ez dute borondate ona. Arau horiek betetzeko ardura duten lehenak entrenatzaileok gara. Entrenatzera ez doanak ez duela jokatuko dioen araua indarrean jartzen baduzu, betearazi egin behar duzu, jokatu gabe geratuko dena taldeko Messi bera bada ere. Batzuetan kirol egoerak, garaipen beharrak, arau horiek kolokan jartzen dira… Ez da erraza.

Gurasoengandik gertu zaudete,  ezinbestean. Zer nolako esperientzia izan duzue gurasoekin?
I. B.: Orokorrean familiekin esperientzia onak izan ditut. Helduak entrenatu izan ditut, eta litekeena da maila horietan familien halako presiorik sentitu ez izana. Gazteagoekin ere ez dut halako oroitzapenik. Eskola Kirolean hasi nintzenean, ohartarazi ninduten, gurasoak hau eta beste, baina ni oso pozik nago. Komunikazioa egotea asko eskertu digute, zer egin nahi dugun azaltzeko urte hasierako bileran esaterako.  
P. T.: Gurasoen jarduna ezinbestekoa da. Gurasook lagundu egin behar dugu gure semea edo alaba, eta taldea. Ez zuzendu. Halako marra bat finkatu behar da, eta gurasoei, marra hori zeharkatzen badute ezer larririk ez dela gertatzen adierazi, baina garbi utzi marra hori pasa gabe badagoela entrenatzaile bat, taldea zuzentzeko ardura duena.
Taldearen inguruko eragile guztiei ulertarazi behar zaie funtsezkoak direla taldearen funtzionamendu onean: jokalariak, gurasoak, entrenatzaileak, monitoreak…

Hona iritsita, entrenatzaile baino gehiago hezitzaile al zarete?
I. B.: Klub askotan ikusi dut entrenatzaile onenak gazteen taldean egon behar dutela diotela, baina gero entrenatzaile onenak jubenil edo senior mailara bideratzen dituzte. Alegia, klubeko talde onenera. Gure kasuan, gazteekin konfiantza eduki zaleak gara, hezitzeko grina eta ilusioa sumatzen dugulako.
Hezitzaile figura hori oso garrantzitsua da gazte mailatan. Heziketak integrala izan behar du. Futbolaz ari gara, baina baita errespetuaz ere: aurkariari, epaileari, denei. Balio horiei garrantzi handia ematen ari gara. Entrenamenduetan teknika eta taktika bai, heziketa ere bai.  
P. T.: Entrenatzailearen formazioa funtsezkoa da. Lehen zeregina entrenatzea gustukoa duen jendea bilatzea da. Eta bilatu ostean, formakuntza jasotzera animatu. Egin behar duzuna ikasteko baino, egin behar ez duzunaz jabetzeko. Futbola garatzen ari da, familiek diru gehiago dute, baina klubek gutxiago, eta horrek entrenatzaileek titulazioa lortzeko zeregina zailtzen du, ikastaroak ordaindu egin behar direlako. Bakoitzak bere kabuz edo klubak ordainduta, titulua lortu ostean klubarentzat lan egiteko baldintzapean. Aldundiak teknikarien formakuntzan ekimen interesgarria burutu zuen bere garaian, baina orain teknikari horiek guztiak igerilekuetako monitoreak dira, ez dagoelako jende horren garapena bultzatzeko esparru ekonomiko bat.

Profesional mailako futbolaz zein iritzu duzue?
I. B.: Txanponaren bi aldeak aurki daitezke futbol profesionalean. Pasio handiko kirola da, jende askok praktikatzen duena, denon ahotan dago. Kirol sinplea da, baloi bat eta 22 lagun behar direlako, ez gehiago. Telebistak uneoro futbola erakusten du, eta horrek irismena ikaragarri handitu du. Oihartzuna, negozioa ikaragarri hazi da eta hortik karga ezkorra datorkigu. Ni jarraitzailea naiz, futbola ikusten dut, baina ez nau asetzen… Reala 2. mailara jaitsi zenean jendea negarrez ikusi nuen, eta futbolariak bazkidea baino gutxiago sufritzen… Horrek erakutsi zidan futbol emaitza batengatik ez nuela triste egon behar.
P. T.: Beste mundu bat da. Polemikaz harago, jubenil mailako mutilei eta, golei edota estrategiari erreparatzeko eskatzen diet.
Futbol profesionaleko kirol talde batzuk atsegin ditut, Atletico de Madril taldearen egunez eguneko lan hori. Edo Eibar taldea, 7.000 zalerekin lan puska egiten ari baita.

Emakumezkoen futbolak garapen ikaragarria izan du. Fenomenoak oinarri sendoak dituela dirudi.
I. B.: Euskalduna, zuzendaritza berriarekin, emakumezkoen futbola sustatzen ari da. Egin izan da orain baino lehen ere, baina orain sendoago. Urnietari dagokionez, uste dut erreferente bat dela. Andoaingo neskek han jokatu izan dute, Andoainen ezin zutelako, eta azpiegitura sendoa daukate bertan.
Euskaldunan egun Salva Parada ari da lanean, eta asko mugitzen ari da. Realeko jokalariek Ubitarten prestaketa saioa egin zuten. Gure jokalariek  erreferenteak dituzte, Nahikari Garcia adibidez, eta hori ezinbestekoa da. Andoainen bi talde ditugu: Infantil mailan 8 eta 11 jokalariko talde bana. Garrantzitsuena da kolektibo batetako kide gisa sentitu direla, eta horrek indartsu egin dituela. Hurrengo denboraldiari begira, hiru talde atera nahiko genituzke: infantil, kadete eta jubenil mailako talde bana.
Ez dugu ahaztu behar, Urnietan bezala, Andoainen ere eskubaloiak tiradizo handia duela, eta hori jokalariak erakartzeko garaian ere ere aintzat hartu behar da.
P. T.: Zeresana eman dezakeen baieztapena egingo dut. Futbolak matxista izaten jarraitzen du, eta emakumezkoen futbolaren garapena futbola nork zuzentzen duen finkatuko du. Gipuzkoan, ezagutzen dudanagatik, zuzendaritza taldeetan-eta gizonak dira nagusi, eta horrek egoeran eragin zuzena dauka. Pausoz pauso bagoaz, baina… Urnietan infantil, kadete eta erregional mailan ditugu taldeak. Joera jubenilen kategoria ezabatzea izango dela dirudi. Lana behe-behetik egin nahi genuke, katea mantenduz infantil mailatik erregionalera. Katea hausten bada ez baita prozesua bere osotasunean betetzen.

Gurasoak aipatu ditugu lehen. Inguruan epaileekin izandako ika-mikak ez dira gutxi.
P. T.: Epailea jokoaren atal bat da. Zenbaitetan esan dit jokalariren batek, epaileagatik: “Oso txarrak dira, baina!”. Eta nik erantzun: “Bai, baina zu ere bai”. Epaile jarduna oso zaila dela ulertu behar dugu, eta harmailetan jakintsu asko dago, ustezko entrenatzaile asko. Epaileek ere laguntza onartu behar dute, ez urrundu, edo harropuzkeriaz jokatu. Egun, partida guztietan daude epaileak, baina nik ezagutu nuen garai bat hala gertatzen ez zena, eta moldatzen ginen.
Andoaingo Ubitarte futbol zelaian bada halako errespetuzko dekalogo bat, zelaira daraman bidean, eta hura irakurri eta aintzat hartzea interesgarria da denontzat. Horrelako eredu gehiago behar ditugu Gipuzkoako futbol zelaietan.
I. B.: Ondo ezagutzen dut gaia, anaia 3. mailako epailea baita. Askotan eztabaidatzen dut berarekin. Konparaketa  egingo banu jokalari, guraso, entrenatzaile eta epaileen artean, garbi daukat nondik sortzen diren jokabide kaskar gehienak. Jende arrunt kopuru handiena epaileen artean dago.
Nork ez du akatsik egiten? Fororen batzuk sortu beharko lirateke, hainbat egoerei buruz edo pertsonen inguruan iritziak elkar trukatzeko. Sentsazioa daukat futbolak eta futbolaren bazkak kontrolpetik ihes egin digula.

Denboraldia amaitzen ari da, eta zuen klubak dagoeneko balantzea egiten hasi dira. Zein da UKErena eta Euskaldunarena, denboraldiaren azken txanpa honetan?
I. B.: Orokorrean oso pozik gaude. Kirol helburuak ia erabat bete dira, batez ere talde nagusia, liga hasieratik igoera lortzeko borrokan mantendu baita. Jubenilek igoera lortu dute, entrenatzaile eta laguntzaile gazteekin. Kadetea ere mantendu egin da Ohorezko Mailan. Beste kirol helburu batzuk ere badaude, jakina, baina balantzea baikorra da.
P. T.: Ez dugu nahi genituzkeen kirol helburuak lortu, hori horrela onartu behar da. Entrenatzaile guztiak tituludunak izateko helburua dugu, ez gaude denbora pasa, eta kirol emaitzetatik harago, gazteak entrenatzera ilusioz joate hutsarekin ni konforme.
Ez daitezela obligazioz hurbildu prestaketa saioetara, gustuko dutelako baizik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!