Urnietako Gure Esku Dago taldea sentsibilizazio kanpaina egiten ari da asteburuero, ekainaren 10eko giza-kateari begira. Euskal Herri osotik 100.000 lagunen parte hartzea espero da, eta Urnietatik 250 lagun beharko dira.
Urnietarrei Usurbilgo Aginan egotea egokitu zaie, 500 metroko tartea osatzeko. Antolatzaileek bidalitako oharraren arabera, ekainaren 10ean "autobusak goizeko 10:00etan aterako dira Anbulategi zaharren ondoko biribilgunetik, eta ondoren, ekitaldia amaitu ostean, 12:30 inguruan berriro Urnietara itzuliko dira autobusak". Izen-ematea herriko hainbat tokitan egin daiteke.
Klik eguna San Juan plazan
11:00-12:00 Joxe Mari Mujika, Fermin Argiñarena eta Andoni Mujika bertsolarien agurra. Segidan, Egaperen dantza saioa, Bertso Eskolako kideen saioa eta kantaldia Txanbolin musika taldeak lagunduta.
12:00-13:30 Hamaiketakoa herriko merkatarien eskutik. Pankarta erraldoia osatuko da orrialde desberdinetan idatzitako argudioekin.
13:30 Taldeko argazkia plazan.
Zozketa eguerdian
Euro bateko txartelarekin, 20 sarien zozketan parte har daiteke.