Tradiziozko mezaren ostean bertso saioa eta hamaiketakoaren txanda izan zen Lekaion. Bertan, Beñat Gaztelumendik eta Agin Laburuk bertso saio bikaina osatu zuten, librean. Gai ugari ukitu zituzten: San Isidro eguneko meza Urnietan, elizarako gazteen joerarik eza, gaztetasuna, zahartzaroa...
Arratsaldean, txistularien topaketa antolatu zuen Txanbolin taldeak. Buruntzaldea, Errenteria eta Donostiako txistulariak kaleetan barrena ibili ziren, Jose Ignazio Ansorenak zuzenduta. Ondoren, Easo abesbatzako emakumeek osatutako Araoz abesbatzak emanaldia eskaini zuen San Migel elizan. Ana Belen Garcia piano-jotzaileak lagunduta, abesbatzak hainbat konposatzaile erromantikoren obrak interpretatu zituen.
Bertso saioa Lekaion
Agin Laburu:
Egunon danoi hamabi t'erdik
Ia ia izango di(r)a.
Hori nahikoa degu hasteko
Beñat ta nik arrazoia.
Bertsotarako nahiz eta asko
beharrik ez dan sasoia,
rimatuz eta neurtuz doa
gaurko bigarren sermoia.
Beñat Gaztelumendi:
Etorri gara honantz eta
mahai guztia zegon lepo.
Begira Agin platerak hutsik
dauzkagu dagoeneko.
Hementxe gaude bertso kantari
tripa degula konpleto,
giro honetan moldatzen gera
elizan baino hobeto.
Agin Laburu:
Elizan baino askoz hobeto
ezin dek egin ordea.
Lenengo filan hantxe baigeunden
ezin zen egon gordea.
Apaizak ere erakutsi dik
kaliza bat dotorea,
baina elizan edo mahai hontan
non dago ardo hobea?
Beñat Gaztelumendi:
Hangoa ona zegoen baina
hau gehiago gustatu neri.
Eliz kontutan biok ez dugu
eta ohitura gehiegi.
Hainbeste urte joan gabe ta
ezin ohiturari segi,
ia asmatu ezinda geunden
noiz altxa ta noiz eseri.
Agin Laburu:
Arrazoi dek bai, izan gabeak
geralako gu aintzinan.
Ezjakitunak izaten gera
berdina hemen eta berdin han.
Noiz altxa eta noiz eseri, hor
galdezka geunden iskinan.
Txorixo eta tortila balitz
gehiagotan joango ginan.