Villabonako EH Bilduren batzar irekia, maiatzaren 16an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 11a, 02:00

Villabonako EH Bilduk batzarrerako deia egin du maiatzaren 16rako. Subijana etxean egingo dute batzarra, 19:30etan hasita. Jarraian, batzarrerako gai zerrenda:

Batzar irekiak hiru gai nagusi izango ditu:

1. Udal legealdi honetako balantzea

EH Bilduko udal-taldeak legealdi honetako lehen 3 urteetako balorazioa aurkeztuko du. Lehenik eta behin, EH Bilduren zinegotzi taldeak garatutako lana azaldu eta baloratuko da, egindako proposamenak, hartutako erabakiak etab. azalduko direlarik. Ondoren, udalean agintean egon den PNVk aurrera eramandako udal-politikaren errepasoa eta balorazioa egingo da. Bertaratutako herritarrek euren ikuspegia edo balorazioak partekatu ahal izango dituzte EH Bilduko zinegotziekin.

2. Herri programa osatzeko prozesuaren azalpena

Datorren udazkenean EH Bilduren herri programa osatzen hasteko prozesua abiatuko da eta herritar guztiek aukera izango dute Amasa Villabona hobetzeko ideia, egitasmo edo proiektuak proposatzeko. 2019-2023 legealdirako ibilbide orria izango den programa ere, ahalik eta herritar gehienen parte hartze zuzenarekin egin nahi du EH Bilduk. Batzar honetan aurkeztuko dira herri programa osatzeko EH Bilduk garatuko duen prozesuaren nondik norakoak.

3. Alkategaia eta udal zerrendaren prozesua

Amasa-Villabonako EH Bilduk 2019ko udal hauteskundeetarako zerrendaburu edo alkategaia aukeratzeko prozesu zabal eta parte-hartzailea garatuko du eta batzar ireki honetan aurkeztuko du publikoki. Prozesu honetako lehen urratsa herritarren proposamenak jasotzea izango da; herritar guztiei aukera emango zaie Amasa-Villabonako alkate izateko pertsona egokiak proposatzeko eta EH Bilduk pertsona horiekin hitz egingo du, beren disponibilitate edo prestutasuna ezagutzeko. Ondoren, alkategaiaren aukeraketa egingo da modu garden eta demokratikoan, herritarren bozka zuzenaren bidez. Udal-zerrenda osoaren aukeraketa ere prozedura parte hartzailearekin garatuko da uda ondoren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!