Txirrindularitzari lotutako familia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 13a, 02:00

Entrenamentuak, lasterketak, bidaiak…, bi gurpilen inguruan giraka dabil Adunako Etxarri Aranburu familiaren zaletasuna.

Arene, Markel eta Izaro Etxarri txirrindulariak dira. Iaz murgildu ziren, buru-belarri, txirrindularitza munduan eta gustura ari dira. Pistan zein errepidean dabil Arene, errepidean Markel eta Izaro. Uxue, etxeko txikiena, datorren ikasturtean hastekoa da.

Aitak animatuta

Etxetik datorkie zaletasuna. Aita, osaba…, guztiei gustatzen zaie txirridularitza. Aitak animatuta hasi zen Arene Gipuzkoa-Ogiberri taldean. “Froga egitera animatu, eta oso-oso gustura sentitu nintzen hasieratik. Ordura arte bizikletan gutxi ibilia nintzen. DBH2-n nenbilela Santiagoko bidea egin nuen aitarekin, baina gainerakoan, ez nuen ohitura handiegirik”, azaldu du.

Pistan eta errepidean dabil Arene. Urria eta martxoa artean pistan lehiatzen da eta otsaila amaieratik aurrera, errepidean. Astean zehar entrenamenduetan murgilduta ibiltzen da eta asteburuetan, lasterketak izaten ditu. “Pistako denboraldian, entrenatzaileak jartzen digun entrenamendu-gida jarraitzen dugu. Berak esandako ariketak eta saioak egiten ditugu, bakoitzak ahal duenean. Astebururen batean lasterketarik ez badugu, taldeko entrenamenduak egiten ditugu, baina gainerakoan, bakoitza ahal duenean aritzen da”.

Pistako denboraldia

Ondo joan da pistako denboraldia. Larunbatero izan dituzte lasterketak Anoetako belodromoan eta “denboraldiari amaiera emateko, Espaniako txapelketa jokatzen da. Bertan lehiatzeko behar nuen denbora egitea lortu nuen eta Euskal selekzioa ordezkatuz joan nintzen. Tafallan jokatu da aurtengo txapelketa. Taldekako lehen postua lortuta, gustura geratu ginen egindako lanarekin”, azaldu du gazteak. Maila horretako lehian aritzen zen lehendabiziko aldia zuen Arenek, eta esperientzia ederra izan zela azpimarratu du, “ikaragarrizko giroa zegoen, ederki ibili ginen”.

Errepidean

Errepideko denboraldian ari da orain Arene buru-belarri. “Oraindik errepideari puntua hartzea falta zait, baina gustura nabil. Pistako lasterketak laburragoak izaten dira, eta eramangarriagoak egiten zaizkit, nahiz eta errepidean ere gozatzen dudan”, azaldu du. Entrenamendu saio asko eta luzeak egin beharra daude txirrindularitzan aritzeko. “Zenbat eta ordu gehiago eskaini, orduan eta emaitza hobeak lortzeko aukera duzu. Kirol lotua da txirrindularitza, baina baita polita ere”. Kirol-zaletasuna ikasketekin bateratzeko arazorik ez du Arenek, “DBH4 egiten ari naiz, eta momentuz, ondo moldatzen naiz guztia bateratzeko. Batxillergoa egiten hastea egokituko zait datorren ikasturtean, eta ikusiko dugu zer moduz moldatzen naizen”.

Etxekoak

Etxekoen babes osoa du Arenek. Lasterketa guztietara joaten saiatzen dira. Markel eta Izaro anai-arreba gazteagoak ere txirrindularitzen dabiltza, eta asteburu askotan hiruek izaten dituzte lasterketak. Gurasoetako bat bi gazteenekin joaten da horrelakoetan, eta bestea, Arene animatzera.

Sukaldeko mahaian, txirrindularitza izaten dute aipagai askotan. “Aurreko asteburuko lasterketen inguruan hitz egin, entrenamenduen planing-ak errepasatu, hurrengo asteburukoak antolatu…, horrela aritzen gara maiz”, diote irribarretsu. Maiatza amaieran Zizurkilen jokatuko duten lasterketa du begiz jota Arenek. “Etxe inguruan jokatutako lasterketen ilusio berezia egiten dute”.

Mutilekin korritzea egokitzen zaie tarteka Areneri eta bere maila bereko neskei. “Horrelakoetan, gure denborak eta emaitzak ez dituzte kontuan hartzen. Geldirik ez egotea da helburu nagusia. Aurten, behin baino gehiagotan gertatu zaigu hori”, azaldu du.

Etorkizuna

Eukene Larrarte eta Leire Olaberria ere Gipuzkoa Ogiberri taldeko kideak dira. Urruti ikusten du Arenek haien mailara iristea: “Gustatuko litzaidake, baina badakit ez dela erraza haiek lortu dutena lortzea. Nolanahi ere, oso gustura nabil txirrindularitzan eta jarraitzeko gogoz nago”.

Gaztetxoen indarra

Markel eta Izaro ere iaz hasi ziren txirrindularitzan. Arene gustura zebilela ikusita, Andoaingo Txirrindularitza eskolan izena ematea erabaki zuten. 12 urte ditu Markelek, 10 Izarok; infantil eta alebin mailan dabiltza, urrenez urren. “Astearte eta ostegun arratsaldetan elkartzen gara taldekideekin, entrenamenduak egiteko. Neguan, Arrate pilotalekuan aritzen gara, ariketa ezberdinak egiten. Orain berriz, bizikleta gainean ibiltzen gara”. Taldekideekin egindako saioez gain, aitarekin ere ateratzen dira bizikletan ibiltzera. Markelek, eskolara bizikletaz joateko ohitura ere badu. “Erniobean nabil eta batzuetan, bizikletaz joaten naiz. Autobusean joandakoan baino azkarrago egiten ditut joan-etorriak eta bide batez, entrenatu egiten dut”.

Maila bikaina

Larunbatero lehiatzen dira Markel eta Izaro. Gipuzkoako herri ezberdinetan izaten dituzte lasterketak. “Zirkuitu berean lehiatzen gara guztiok eta mailaren arabera, itzuli gehiago edo gutxiago ematen ditugu”. Maila bikainean dabiltza nola Markel hala Izaro. Izarok lortu ohi du txapela bere kategoriako nesken artean. Larunbatero-larunbatero lehiatuta, lehiakideak ere ondo ezagutzen dituzte dagoeneko. Ampo taldeko mutiko bat da Markelen kategorian txapel gehien etxeratzen dituena eta Izarok, Anoetako neskatxo bat du arerio nagusi.

Arene bezala, Markel eta Izaro ere ondo moldatzen dira ikasketak eta txirrindularitza bateratzeko garaian. Markelek azaldu duenez, “eskolako lanak amaitu ondoren hartzen dugu bizikleta. Orokorrean, ondo antolatzen gara guztia bateratzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!