Larraulgo liburutegia, berritua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri

Udaletxeko bigarren solairuan kokatua dago Larraulgo liburutegia. Astean behin zabaltzen zuten orain arte, eguneroko zerbitzua eskainiko du aurrerantzean.

Maiatzaren 21ean egingo dute liburutegi berrituaren inaugurazio ekitaldia eta aurrerantzean, arratsaldero izango da zabalik, 16:30etatik 19:30etara. Ander Leon zinegotziak azaldu du liburutegia berritzeko premiaren arrazoia: “Orain arte, astean behin bakarrik egoten zen zabalik, asteazkenetan. Oso erabilera gutxi ematen zitzaion baliabide honi eta egoera horri buelta bat eman behar zitzaion. Horrez gain, geroz eta gazte gehiago dugu herrian. Ikasteko, lanak egiteko…, horretarako toki egoki baten premia sortzen ari zela ere nabaritu genuen”. Enplegu planerako dirulaguntza bat baliatuz liburutegiari buelta bat emango zion norbait kontratatzeko aukera bazegoela ikusi zuten udal ordezkariek, eta aurrera egin zuten. Aukeraketa prozesuaren ondoren, Nora Urbizu izan zen lan horretarako aukeratua.

Berritzea

Urtarrilean itxi zuten liburutegia, beharrezko eraldaketa lanak egin ahal izateko. Nora Urbizu ari da liburuen katalogazioa egiten. “Katalogoa informatizatzen ari naiz eta dagoeneko 5000 liburu inguru dago katalogatuta. Denetarik aurki daiteke; haur literatura, nobela, saiakerak…, bertsolaritza eta antzerkiari buruzko liburu funtsa ere handia da”. Ohiko mailegu zerbitzua, prentsa gunea, ordenagailuak erabiltzeko aukera…, horiez gain, liburutegien arteko mailegua erabiltzeko aukera ere izango dela azaldu dute: “Irakurleak behar edo nahi duen liburua bertan ez badugu, beste liburutegiren batetik ekarri eta maileguan hartzeko aukera eskuragarri jartzea da gure helburua”.

Auzolanak ere garrantzia berezia izan du Larraulgo liburutegiaren eraberritze prozesuan: “Liburu bakoitzari bere etiketatxoa jartzea, hormak margotzea…, auzolanean egin ditugu”. Altzari berriak erosi dituzte eta leihoak ere aldatu dituzte, “izan ere, hezetasun arazo handiak genituen eta erabat hondatutako zenbait liburu bota beharra ere izan dugu. Arazo guzti horiek konponduta daude dagoeneko”.

Azala eta mamia

Itxura berria izango du liburutegiak, baina mamia ere berritua ekarriko du. Izan ere, liburuzain jardunean aritzeaz gain izateaz gain, kultur dinamizatzaile ere bada Nora Urbizu. “Liburutegia herriko kultur bizitzaren erdigunea izan dadila nahi dugu. Kultur eskaintza aberatsa eskaini nahi dugu, izan didaila gune bizia, dinamikoa, baina hori ez da posible izango herriko gainerako eragile horien elkarlanik gabe; herriko gazteak, gurasoak, Dina 7 kultur taldea, jai batzordea…”, azaldu dute Norak eta Anderrek.

Elkarlana

Aiztondoko gainerako herriekiko harremana mantendu eta zaindu nahi dute larrauldarrek. “Herri txikiak gara, eta zaila da zenbait ekintza bakarka antolatzea. Elkarlan horrek aberastu egiten gaitu, eta horri eutsiko diogu. Haur eta gazteentzako udalekuak, mendi irteerak, jubilatuentzako ekintzak…, elkarlanean antolatzen jarraituko dugu”, azaldu dute. Plazida Otaño liburutegiarekin harremanetan daude Larraulgo arduradunakl “izan ere, hura baita gure erreferentea”, gaineratu du Norak. Bestalde, orain arte liburutegian eskaini izan dituzte euskara edo ingeles ikastaroak, baina aurrerantzean, beste gela batean bilduko dira. “Bake epaitegia izandako gela prestatuko dugu horretarako, baina bilerak egin ahal izateko ere”, azaldu du Anderrek.

Ekitaldiak

Dagoeneko ekitaldi ezberdinak prestatzen hasita daude. Maiatzaren 26an, ontzi tibetarren ikastaroa egingo dute Hector Lealekin eta ekainaren 22an, Arantzadiko astronomia saileko kideak gerturatuko dira, gaueko behaketa gidatua egitera. Zerua eta konstelazioak ezagutuko dituzte, adituaren eskutik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!