Sormena, gozamen iturri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 11a, 02:00

Arrebak proposatuta murgildu zen Alonso Murillo billabonatarra margoketaren munduan. Zizurkilen ditu bere lanak ikusgai, hilabete osoan zehar.

Pozik ageri da Alonso Murillo, bere lanak erakusteko aukerarekin. Aurrez ere jarri izan ditu ikusgai taberna eta areto ezberdinetan, baina aukera berri honek zirrara berezia sortu dio. “Pozik nago eta baita urduri ere. Etxetik gertu, nik egiten dudana erakusgai jarri ahal izatea, oso aukera polita da niretzat. Maiatzaren 4an zabaldu, eta hilabete osoan zehar zabalik egongo da Plazida Otaño liburutegiko erakusketa”.

Arrebaren  proposamena

Arrebaren bidez hasi zen pinturaren mundua gertuagotik ezagutzen eta eskertuta ageri da Alonso. “Ordu asko eta asko pasatzen nituen lanean. Eguneroko horretatik pixka bat ateratzen lagunduko zidan zerbait behar nuela esan zidan arrebak, eta pintura ikastaro batean izena ematera animatu ninduen. Geroztik, buru-belarri nabil honetan. Gozamenerako tartea da niretzat margotzen aritzea. Nire barnean dagoena islatzeko ere balio dit”, azaldu du Alonsok.

Lehen ikastaro hura izan zen abiapuntua eta geroztik, bere kasara ari da Alonso, autodidakta. Akuarela, akrilikoa, papera, lientzoa, euskarri eta materiale ezberdinekin aritzen da, baita ordenagailuarekin edo tableta erabiliz ere. “Edozein euskarri da egokia margotzeko: papera, kartoia…, hori ez da garrantzitsua niretzat. Buruan dudan ideia islatzen saiatzen naiz eta horrekin nahikoa dut”.

Abstraktua

Pintura abstraktua interesatzen zaio bereziki Alonsori. Ez ditu figurak bere horretan islatu nahi izaten. “Batetik, zaila egiten zaidalako, baina bestetik, nahiago dudalako irudi edo figura horiek adierazi. Ikuslearen irudimena piztu nahi izaten dut, eta horretarako, hobea da figura bere horretan erakutsi baino, adieraztea”. Akuarelaz osatutako erakusketa jarri du Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian. “Naturako koloreak erabiltzea gustatzen zait, baina gehienbat horixkak, gorriak, laranjak, marroiak…, kolore gama hori gustazen zait. Berdea eta urdina oso gutxitan erabiltzen dut”. Nolanahi ere,  beltzaren presentzia nabarmena da Alonsoren lan gehienetan. “Asko gustatzen zait beltza, bai nire egunerokotasunean, baita margolanei ematen dien indarragatik ere”, azaldu du.

Diseinua eta argazkia

Argazkigintzan eta diseinu grafikoan ere aritzen da Alonso. Argazkigintzako ikastaroak egin izan ditu eta zaletasunari eusten dio, nahiz eta orain margogintzari eskaintzen dion tarte gehiago. “Diseinu grafikoa ere asko gustatzen zait. Langabezian egon nintzen boladatxo batean aprobetxatu nuen ikasteko. Asko gozatzen dut lan horiek egiten ere”. Pintatzerakoan erabiltzen duen lanerako modua edota diseinugintzan darabilena oso ezberdina dela azaldu du Alonsok. “Baita helburua bera ere. Diseinatzen ari naizenean, oreka bilatzen dut; formak, koloreak, euskarria…, pintatzean berriz ez dut hori guztia hainbeste zaintzen. Sentsazioak bilatzen ditut, nire barnean ditudan ideiak, sentipenak edo gogoak islatzea, eta horretarako ez dut orekarik bilatu beharrik”.

Akuarelaren xarma

Akuarelaz egindako lanak dira Zizurkilen ikus daitezkeenak. “Akuarela oso berezia da. Paperak xurgatu egiten du pintura, eta koloreak lausotu egiten dira pixka bat. Gainera, paperean barrena zabaldu egiten da, libreki. Hori dela eta, batzuetan buruan duzun hori ez da zehatz-mehatz ateratzen. Hori, ordea, ez da garrantzitsuegia niretzat. Sortzeak, margotzeak, lasaitu egiten nau, ondo sentitzen laguntzen dit, eta askotan, emaitza da gutxien axola duena”, azpimarratu du billabonatarrak.

Sormen handia

Alonsok ez du egunero-egunero margotzen, baina premia sentitzen duen aldiro, denbora tarteren bat duenean, sortzeari ekiten dio. “Ez naiz oso metodikoa. Ez dut ordutegi finko bat ezarrita. Margotzen edo sortzen hasten naizenean, ordea, orduak pasa ditzaket horretan”. Lan batzuei, noski, beste batzuei baino denbora gehiago eskaintzen die: “Zenbaitetan, pintzelkada gutxi batzuekin osatuta geratzen da lana eta beste batzuetan denbora gehiago behar duzu bilatzen duzun hori lortzeko. Oso erlatiboa da”.

Teknologia berriak

Teknologia berrien zale ere bada Alonso eta ordenagailua zein tableta erabiltzen ditu gauza ezberdinak sortzeko. Beti aldean eramaten du tableta eta horrek, asko errazten dio edozein momentu eta tokitan lan egin ahal izatea. “Ordenagailu nahiz tablet bidezko sorkuntzan, irudi geometrikoak erabiltzen ditut gehienetan. Zirkuluak behin eta berriro errepikatzen dira lan horietan. Aplikazio eta programa ezberdinak erabiliz, efektu interesgarriak sor ditzakezu”.

Ordenagailuan sortutakoa, paperera pasatzen du batzuetan, eta sare sozialak ere erabiltzen ditu. “Jendeak nire lanaz goza dezala nahi dut eta sareek horretarako bidea ematen dute”. Zizurkilgo erakusketak ere aurrerapausoa emateko aukera emango diola azaldu du Alonsok. “Nire oso inguruko jendeak badaki margotu egiten dudala, baina hortik aurrea, beste inork gutxik. Erakusketa honen bidez jende gehiagok izango du nire berri. Ea beste erakusketaren bat egiteko aukera sortzen zaidan”.

Ideien garapena

Etengabe lanean aritzen dela azpimarratu du Alonsok, pintzelak eskutan eduki gabe ere sormena eta irudimena martxan izaten dituela azalduz: “Ideiak etorri ahala tabletean gordetzen ditut. Aurre-ideiak izaten dira, batere garatu gabeak. Denborarekin joaten naiz ideia horiei bueltak ematen. Batzuetan, nolanahi ere, lehendabiziko ideia hark ez du zerikusi handirik izaten amaieran sortzen dudan lanarekin”.

Pinturako lehen ikastaro hura egin zuenetik, asko ikasi duela dio Alonsok. “Nire kasara aritu naiz. Asko gustatzen zait, hala ere, beste zenbait artisten lanak jarraitzea. Besteak zertan ari diren ikusiz ere asko ikasten da eta begia egiten joaten zaizu. Arituaren arituz berriz, eskuak trebatzen joaten dira”.

Arteak ez du mugarik eta Alonsok azaldu duenez, edozein momentutan sor daiteke: “Etxeko pareta margotu behar nuen. Errodiloarekin egindako bi mugimentutan, oso irudi polita atera zitzaidan. Argazkiak atera nizkion, hor ere bazegoelako zerbait interesgarria. Dagoeneko estalita dago, baina gustura gordeko nuke lan hura, ahalko banu”.

Sailkatuta

Etxean ditu margotzen dituen lan gehienak. Lagunei edo etxekoei oparitu dizkienak izan ezik, gainerakoak karpeta ezberdinetan sailkatuta gordetzen ditu. “Baliteke 1000 margolan inguru edukitzea, ez dakit ziur. Margotzen hasten naizenean erraz sor ditzaket 10 edo 12 lan jarraian. Tarteka, eginda ditudanei errepasoa egiten diet eta batzuk eraldatu ere egin izan ditut. Erakusketaren aitzakian, esaterako, atzera begiratu txiki bat egin dut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!