Larraul-Asteasu apustua maiatzaren 19an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 10a, 02:00

Larraulgo kirol astea ospatuko da maiatzaren 13tik 19ra bitartean. Bertako ekintzetako bat izango da gazteen arteko herriarteko apustua.

Larraulgo kirol astearen barruan, Larraulgo eta Asteasuko gazteen arteko apustua ikusteko tartea egongo da larunbatean. Asteasuko plazan hasi, eta Larraulgo plazan amaituko da apustua. Bi proba izango ditu, eta herri bakoitzak proba bat pentsatu du. Ioritz Mayoz asteasuarrak eta Ibon Jauregi larrauldarrak eman digute apustuaren berri.

Lehen zatian autoaren edota traktorearen gurpil bat [oraindik ez dago argi] igo beharko dute Asteasuko plazatik Larraulgo plazara, bide berritik, bi lagunen artean. Bigarren zatia burutzeko zain izango dute hirugarren laguna Larraulgo plazan. Bertan erreleboa hartuko du azken horrek eta Murgil mendiari itzuli bat eman beharko dio korrika.

Ibon Jauregik azaldu  duenez, “Asteasuren aurka apustua egitea polita izan zitekeela pentsatu zuten larrauldarrek, eta proposamena luzatu ziguten”. Gogotsu heldu diote asteasuarrek apustuari, eta larrauldarrek ilusio handiegiarekin heldu diotela apustuari esan du Ioritz Mayoz-ek. “Kamioiaren gurpilarekin saiatu nahi zuten, baina mugitu ere ezin zutenez, gurpil txikiagoarekin burutu beharko da proba, aldapa gogorra baita”.

Oraindik ez dago erabakita zein gaztek hartuko duten parte apustuan: “Indarra duten gazteei esan beharko diegu apustuan parte hartzeko. Herri bakoitzak bere estrategiak sortu behar ditu”, gehitu du Mayozek.

Apustua baino egun bat lehenago afaria egingo dute parte-hartzaileek eta apustua antolatzen aritu direnak.

Herriarteko apustua maiatzaren 19an izango da 18:30ak inguruan, Asteasuko plazatik abiatuta [Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia bukatu ostean]. Jendea animoak ematera joan dadin eskatu dute. Herriarteko apustuarekin emango zaio amaiera larunbatari.

Esperientzia

Ez da lehen aldia izango herri kiroletan parte hartzen dutena Jauregik eta Mayozek. Herriko festetan egin ohi diren herri kirol probetan aritu izan dira, baita inguruko herrien aurka egin izan diren probetan ere. “Jaietan herriko gazte askok hartzen dute parte herri kiroletan”. Horregatik, horietakoren bat animatuko  delakoan da Mayoz.

Larraulgo San Bartolome jaietan, esaterako, gazteak helduen aurka lehiatzen direla gogoratu du Jauregik.

Asteasuko festak

Asteasurrek “apustuzaleak” izatearen fama dutela dio Jauregik. Hori  dela eta, Asteasuko festetan errebantxa antolatzeko pentsamenduari bueltak ematen ari dira.

Oraindik erabakitzeke badago ere, baliteke jaietan Asteasuk erronka botatzea Larrauli.

Inguruko herrietako bizilagunei ere mota horretako apustuak egitera animatzen ditu Ibon Jauregik.

Igandean, kirol gehiago

Igandean kirolaz gozatzeko ekintza gehiago egongo dira. Mendi ibilaldi familiarrarekin ekingo diote egunari  eta ondoren hamaiketakoa izango da indarrak berreskuratzeko. Eguerdi aldera bote luzeko partida jokatuko da herriko plazan.

Arratsaldean, berriz, fronteniseko eta futbitoko txapelketaren finala izango da, 18:00etan eta 19:00etan hurrenez hurren.

Modu horretan emango zaio amaiera aurtengo kirol asteari Larraulen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!