Autobus zerbitzuaren inguruko prentsa oharra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 10a, 02:00

'Autobus zerbitzuetan murrizketarik ez!' plataformak prentsa oharra igorri du Usurbilgo autobus zerbitzuan iragarri duten murrizketaren harira:

Autobus zerbitzuetan murrizketarik ez! plataformaren izenean eta aldundiak (Marisol Garmendiaren ahotik) Usurbilgo udalari, ospitaletako zerbitzua kenduko dutela jakinarazi ostean, honakoa adierazi nahi dugu:

- Ozenki salatzen ditugula, kasu honetan Usurbilgo herriak jasango dituen murrizketak, Azken egunotan zerbitzu hauek indartuko dituztela saltzen diguten bitartean. Ospitaletara doan autobus zerbitzurik gabe utzi nahi dute Usurbil. Onartezina deritzogu, interes ekonomikoak herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuen gaindi jartzeari.

- Beste behin ere, herritarren iritzia kontutan hartu gabe, inposaketa bitartez, hartzen ari direla erabakiak. Aldundiko agintariek (PNV eta PSE-EE), herritarren iritzi eta erabakiari beldur diotela ematen du, demokraziaren bandera astintzen duten bitartean.

- Hau ikusita, kezka handia dugu, laster batean argitaratuko duten kontzesioaren (proiektuaren) edukia zein izango ote den. Gainontzeko herri eta zerbitzuei nola eragingo ote dien. Ez dira eta batere albiste onak herritarrontzat eta erabiltzaileontzat gaur jaso ditugunak. Esan bezala, Usurbilgo herriari gaur egokitu zaiona, datozen egunetan eskualdeko gainontzeko herriengana iritsiko denaren beldur baikara.

Honen guztiaren aurrean plataformak orain arteko aldarrikapenei eusten die eta aldundiari ondoko eskaerak luzatzen dizkie:

-Utz dezala bertan behera aurreproiektua.
-Instituzio publiko bezala, lehenetsi dezala herritarron ongizatea. Berma dezala gutxienez egun garraiobide publikoek eskaintzen duten zerbitzua eta ez
dadila murrizketarik egon.
-Alboratu ditzala ikuspuntu ekonomizista soilak eta jar dezala helburu nagusi
gisa jendarteari eskaintzen zaion zerbitzua eta berauen kalitatea.
-Adostutako eta guztiontzat kalte gutxien sortuko dituen erabaki bateratu batera iristeko helburuz, negoziazio mahai bat irekitzeko.

Bukatzeko, dei egiten diegu herritarrei murrizketa hauen aurrean kalera irten daitezen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!