Euskalkien eguna ospatuko dute maiatzaren 12an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 10a, 02:00

Euskara izango da aurtengo Maiatza Saltsan ekimeneko ardatz nagusia. Maiatzaren 12ko ekitaldia, Euskaraldiaren abiapuntua izango da

Urte amaieran iritsiko da Euskaraldia. Hamaika egunez euskaraz bizitzeko erronkari eustea eskatuko zaie herritarrei. Horri lotuta, aurtengo Maiatza Saltsan euskarari eskaintzea erabaki zuten eta maiatzaren 12an egingo dute ekitaldi nagusia, herriko hainbat eragileren parte-hartzea eskatuko duena eta nola ez, euskara ardatz izango duena.

Eragileei lekukoa

Joan zen urteko abenduaren 3an Euskaraldian parte hartzeko lekukoa hartu zuen Zizurkilgo hainbat eragilek; Pedro Mari Otaño ikastetxearen eskutik jaso ere. Ainhoa Larrea euskara teknikariak azaldu duenez, “aurrez bazegoen lanketa bat egina Otaño ikastetxean. Gurasoen arteko elkarrizketa asko gazteleraz zirela ohartuta, gaiaren inguruko bideotxo bat grabatzea erabaki zuten. Haur parkeetan ere euskaraz aritzeko eskatzen zuten karteltxoak jarri ziren. 2017an Euslider tailerrak antolatu ziren. AEKko Mikel Urdangarinek eskolako hainbat eragile trebatu zituen euskararen inguruan”.

Eskolako Euskararen astearen baitan, bost egunez euskara hutsean aritzeko erronkari heldu zioten eta baita figura ezberdinak sortu ere: “Aho bizi, euskaraz hitz egiteko gaitasuna dutenak; belarri prest, hitzegiteko gaitasunik eduki ez arren, euskaraz ulertzen dutenak; eta bihotz bero, euskaraz ulertu ez arren, hizkuntzarekiko errespetua azalduz ekimenarekin bat egiten dutenak”, azaldu du Ainhoa Larreak.

Otañoko prozesu hori martxan zenean iritsi zen Euskaraldian parte hartzeko gonbita. “Abenduaren 3an, herriari pasa zion lekukoa ikastetxeak. Eragile ezberdinek jaso zuten lekuko hori, Euskaraldian parte hartzeko konpromezua hartuz”.

Euskara batzordea

Oraindik zenbait hilabete falta da Euskaraldia iristeko, baina euskararen inguruko ekitaldiak martxan dira. “Euskara batzorde zabala sortu eta martxan jarri zen. Euskararen kale neurketek garbi erakutsi zuten erabileran bost puntuko jaitsiera izan dela, eta zerbait egin beharra dagoela. Horren haritik, eta maiatza iristear zegoela, Euskalkien eguna antolatzeko ideia indarra hartzen hasi zen”.

Irakurketa jarraitua

Maiatzaren 12n ospatuko dute Euskalkien eguna. Irakurketa jarraitua egingo dute goizeko 11:00etan hasita, eta hortik abiatuz, jai giroa luzatzeko asmoa azaldu dute eragileek. “Zazpi lurraldeetako ordezkariak etorriko dira irakurketa egitera. Idazleak, bertsolariak…, kultur ordezkari ezberdinak izango dira. Gipuzkoatik Juan Kruz Igerabide eta Maite Amenabar, Onintza Enbeita bizkaieraz, Nafarroatik Julio Soto, etab.”.

Postuak

Euskalki bakoitzean 6-8 minutuko irakurraldia egingo dute eta ondoren, eragile ezberdinek prestatutako postuek izango dute protagonismo nagusia. Maite Amenabar zinegotziak azaldu duenez, “lurralde bakoitzak postu bana izango du. Lurraldearen inguruko informazio orokorra eta turismo informazioa ere bilduko da postu horietan. Horrez gain, eragile ezberdinek postu horiek atontzeko konpromezua hartu zuten”. Herriko hiru ikastetxeak, Teodoro Hernandorena kultur taldea, Gaztezulo, Kuttuna haurreskola, Elizpe jubilatu elkartea…, bakoitzak lurralde bat aukeratu du eta haren inguruan girotuko du postua. Plazida Otaño liburutegiak dituen ekintzailetza eta indarra ere hartu du ahotan Maite Amenabarrek: “ekitaldi asko antolatzen dute urtean zehar eta irakurzaletasuna sustatzeko lan handia egiten ari dira. Zazpi euskalkietan irakurraldia egiteak oso ondo uztartzen ditu literatura, liburutegia eta euskara”.

Pintxoak

Euskal Herrian ez da festarik jatekorik gabe, eta horretatik ere izango da maiatzaren 12an. Xabier Tello sukaldari zizurkildarrak hartu du lurralde bakoitzari lotutako pintxoak egiteko ardura. Postu bakoitzean berrogeita hamar bat pintxo jarriko dira. Edateko sagardoa, ardoa eta txakolina ere izango dira aukeran. Hiru euroren truke, edalontzia hartu eta bi pintxo jateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Euro batean pintxo bat jateko aukera ere zabalik izango da.

Formakuntza

Maiatzeko jaia pasata, irailean ekingo diote Euskaraldirako motorrak berotzeari. Euskaraldiaren ezaugarri nagusia, herritarrek sustatuko zerbait izatea da, eta iraila inguruan, herritarrak formatzeko tailerrak antolatzeko asmoa dute. “Euskaraldiaren motorra izango diren eragileak formatu behar ditugu”, azpimarratu du Ainhoa Larreak.

Danena futbol taldeko entrenatzaileek ere jasoko dute formazioa, euren saioak euskaraz egin ditzaten. “Futbol mundua oso erdalduna da, eta entrenatzaile gehienak euskaldunak izanik ere, oso ohikoa da entrenamentuetan haiek gazteleraz ari direla entzutea. Egoera horri buelta eman nahi diogu”.

Dendari eta ostalari

Zizurkilgo merkatari eta tabernariekin abiarazitako batzordea ere azpimarratu dute Ainhoa Larreak eta Maite Amenabarrek. “Izan ere, herritarrekin harreman zuzenean daude eta eragile handiak dira. Euskaraldia bezalako ekimen potolo batean oso garrantzitsua da haien papera. Bileratan oso jarrera positiboa erakutsi dute”.

Konpromezua

Tolosaldeko hogei herritik gora dago izena emanda Euskaraldian. Hamar herritarretik zazpik badaki euskaraz Tolosaldean eta horrek, “erraztu egiten du Euskaraldia bezalako ekimena aurrera eramatea. Izan ere, oso posiblea da aurrean duzun pertsonak euskaraz jakitea”, azaldu du Larrea. Nolanahi ere, argi utzi nahi du Euskaraldia ez dela festa bat izango. “Norbanako bakoitzari hausnarketa bat eskatuko dio eta baita euskararekiko konpromezu bat ere. Gainera, ez da hamaika egun horietan amaituko. Euskaraldiak bilatzen duena hizkuntza ohiturak aldatzea da, eta hamaika egun horiek horretarako abiapuntu izatea nahi genuke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!