Erromantizismoa eta intriga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 8a, 02:00

Tamara Cadena Judesty nobelagile andoaindarrak bere hirugarren eleberria kaleratu du. Maitasunaren generoa ardatz duen arren, intrigari eta suspenseari heltzen segitzen du oraingoan ere. Ernaitza liburudendan egingo du aurkezpena, maiatzaren 9an, astezkenarekin, 20:30etatik aurrera.

Zerekin egingo du topo "El Tiempo roto" eleberria eskuetan hartzen duen irakurleak?
Garai desegokian landutako amodiozko istorio bati egingo dio aurre; inork aurrerabiderik emango ez liokeen bikote baten istorioa da, azken batean. Batetik, Nolan daukagu, gizon heldua, familia-bizitza egina daukana; bizkarrean eskarmentu asko darama, trauma latz bat tartean. Eta bestetik, Giovanna, bizitzaren eztitan dabilen gaztetxoa; familia gatazkatsuko kidea da, eta sekretu itzelak eta mingarriak gordetzen ditu berarekin; etengabe oinazetzen dute sekretu horiek.

Biak ere ardatz ezberdinetan orbitatzen dabiltzan sateliteak dira, baina patu maltzur baten eraginez, topo egiten dute une jakin batean, eta jakina, euren bizitzen norabideak bortizki aldatzen dira.  

Andoainen maiatzaren 9an aurkeztuko duzu. Nola helduko diozu egun horri?
Egundoko ilusioa daukat aurkezpen horrekin, baina ez dut ukatuko izua ere  eragiten didala. Izan ere, niretzako lehenengo aldia da liburu baten argitalpen eta promozio prozesu guztiari aurre egin behar diodala. Erabat berria egiten zait argitalpenaren mundu hori, eta gauza asko ari naiz ikasten.

Zure eleberrietan, genero ezberdinen (erromantikoa, suspensea, misterioa…) arteko nahasketarako joera igartzen da. Badirudi nahiko eroso sentitzen zarela eremu horretan.
Bai, halaxe da. Irakurle gisa irakurri nahiko nukeen hori idazten saiatzen naiz. Beharbada, izan daiteke genero erromantikoak izugarri erakartzen nauelako, edota, genero hori eta bere azpi generoak jorratzen dituzten eleberri ugari irakurri ditudalako. Kontua da, eleberri batek nigan interesa pizteko, nahitaezkoa dela amodiozko istorioren bat jaso dezala.

Iruditzen zaizu, arian-arian, berezko estiloa lortu duzula?
Ez da erraza nork bere estilo propioa lortzea, batik bat kontuan hartzen badugu Espainian, urtean, milioi eta erdi liburu saltzen direla genero erromantikoan. Estatu Batuetan, esate baterako, salmentak hamazazpi milioietara iristen dira, azpigenero erotikoa nabarmentzen delarik datu horretan. Nolanahi ere, denentzako gustuko produktuak plazaratzen dira, eta nire eleberriak, zenbaitetan beste egileen antzekoak izan daitezkeen arren, badituzte ezaugarri bereziak, tramaren aurkezpena dela, pertsonaiak direla, e.a.

Nondik datorkizu unibertsoak, pertsonaiak, egoerak…, eratzeko irudimena eta inspirazioa?
Egiari zor, ezingo nuke ezer ziurtasunez esan. Behar-beharrezkoa egiten zait idaztea. Edo hobe esanda, buruan darabilkidana etengabe adierazteko premia sentitzen dut, eta modurik egokiena asmatutako zerbait idaztea dela iruditzen zait. Idaztera propio jartzen naizenean ez ezik, egunean zehar eta edozein unetan ere, boligrafoa, papera, pantaila eta teklatu bat eskuetan dudan bitartean, idazten hasten naiz. Errazago konpontzen naiz letrekin, pertsonekin baino; baldintzarik gabeko adiskideak ditut hitzak, nahiz eta maiz ez errespetatu merezi duten adina… Esan nahi dut presaka ibiltzeak eta neurria hartzen ez jakiteak barkaezinak diren akatsak eragiten dizkidatela, puntuazio-markak batik bat.

Idazten ari naizenean ez dakit nola garatuko den istorioa. Hastapenean, ezezagunak dira pertsonaia guztiak niretzat, eta poliki-poliki doaz definitzen. Gogoko dut pertsonaia horrekin ezustekoak hartzen dituen lehendabizikoa izatea, ohartzen naizenean pertsonaia batek sekula pentsatuko ez nukeen gauzak egiten dituela.

Badaukazu harremanik irakurleekin? Ematen dizute iritzia?
Bai. Pozarren nago, gertuko jende gehienak irakurri baitu azken eleberria. Eta tira, oso kritika onak jaso ditut. Denak ere bi iritzirekin datoz bat: tramari dagokionez, aurreko bi eleberrietatik aldendu egiten dela, eta idazle bezala antzematen dela eboluzioa.

Zer esango zenioke eleberrien kontsumitzaile horri; oraindik ezagutzen ez zaituenari?
Esango nieke tramekin gozatu egingo dutela nire eleberriak irakurtzen badituzte. Nahiz eta maitasuna oinarri izan, asko daukate suspensetik eta intrigatik. Genero poliziala eta misterioa nahasten dituzten eleberriak dira. Azken biak norabide aldaketa asko dauzkaten thrillerrak dira, eta ondo definitutako pertsonaiak sartzen dira jokoan, hainbat dualtasun planteatzen dituztenak; traizioa, gezurra, maitasun eza… Eta hori guztia, ikertu behar den erailketa batek zipriztinduta.

Bi lehen eleberriak merkatalgune handi batek babestuta kaleratu zenituen, Bookandyou argitaletxearen literatura saria irabazi ostean. Oraingoan, zeuk argitaratu duzu. Zer dela eta aldaketa? Liburuaren merkatuaren egoerak behartu al zaitu horretara, ala propio hartutako erabakia izan da?
Biak, batera. Liburu bat atontzea urtebete edo biko lana izaten da normalki, eta ondoren argitaletxeren baten erantzunaren zain geratu behar izaten da. Gutxitan erantzuten dizute; urte bete pasa eta gero jasotzen da mezuren bat, eta orduan ezezkoa izaten da gehienetan. Demagun argitaratzeko prest agertu zaizula baten bat; bada, huskeria da idazleak jasotzen duena, %7a edo %10a, asko jota.

Ostera, autopublikazioak onura ugari dakar berarekin, nahiz eta lan guztia norberak egitera behartuta egon; promoziorako aukera gehiago dauzkazu. Sarea mugagabea da eta salmentarako bide gehiago eskaintzen dizkizu.

Hilabete batzuk igaro dira eleberria modu autogestionatuan argitaratu zenuenetik. Nola doa esperientzia? Finantzaketa, promozioko lan pertsonala, salmenta…
Ondo joan dira lehen hilabeteak, baina ez da ahaztu behar modu jarraituan egin behar dela promozio eta salmenta prozesu guztia. Idazketari beste lan bat erantsi behar izan diot. Lan guzti horri ez badiozu denbora eskaintzen, ez duzu saltzen, jendea ahaztu egiten da zurekin.

Laugarren eleberriari heldu omen diozu jada. Zerbait aurrera zenezake?
Orrialde mordoa idatzita daukat, baina zehaztu gabe dauzkat generoa, trama, gaia… Hori ataletan aurrera egin ahala eta irudimena azaleratu ahala jakingo dut.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!