Zenbatek zoriondu zaituzte Urnietan?
Xakea ez da batere ezaguna kirol lehiaren munduan, baina prentsan nire izena agertu da eta zoriondu naute, bai. Gainerakoan, etxekoek agertu didate poza; horretarako, aurrez kanpainatxoa egin behar izan dut. Xakea ez da mediatikoa, eta gainera, ni bezalako jendea rara avis-a izan daiteke. Ez da normala herri txiki batean, halako hobbyarekin nabarmentzea…
Ezustekoa eman duzu Donostian, nazioarteko lehiaketa batean.
Amateurra izanik maisuen artean muturra sartzea lortu dut, lehen hamarren artean geratuz. Lehiaketako ezustekorik handiena izan dela esan daiteke, bai. Halakoak gutxitan gertatzen dira. 2015ean, Open hori Kuwaiteko jokalari batek irabazi zuen, maisua ez zena. Xakearen historian lehenengo aldia izango zen halakorik gertatzen zela. Egia da susmoak piztu zituela, ez ote zuen garbi jokatu. Izan ere, gaur egun informatikaren laguntza horrenbestekoa izan daiteke… Ezin izan zuten ezer frogatu, dena den.
Egingo zeniguke openaren kronika txikia?
Normalki bi eratako torneoak jokatzen dira, itxiak eta irekiak. Itxiak ligaren sistemara lotzen dira. Denak denen aurka. Aurrez badakizu noren aurka jokatuko duzun, eta etxetik daramazu estrategia jokalari bakoitzarekin erabiltzeko.
Jokalari gonbidatuek soilik hartzen dute parte, maisuak dira gehienak, profesionalak. Torneo horietan sariak potoloagoak dira, oihartzun mediatiko handiagokoak. Irekietan, aldiz, edonor izan daiteke parte-hartzaile, aski da federatuta egotea. Ez du hainbesteko garrantzia noren aurka jokatu duzun; ez duzu aurrez aurkaria aztertu beharrik, eta horrexegatik erakargarri egiten dira amateurrentzat.
Donostian sistema suitzarra aplikatu zen. Horrela, puntu berberak pilatuta dauzkan jokalariekin hasten zara. Partidak irabazi ahala, aurrera egiten duzu lehiaketan, eta aurrera egitea gero eta zailagoa da, noski. Iristen da une bat non galtzen eta irabazten hasten zaren, txandaka. Azken bi partidatan erabakitzen da amaierako sailkapena. Nik bederatzi norgehiagoka jokatu nituen.
Gipuzkoa mailan, zein da zure maila?
Gipuzkoan, gaur egun, iruditzen zait 40 bat jokalari izango direla nik baino ELO handiagoa daukatenak. ELO sistema mundu osoan erabiltzen da, jokalariak mailakatzeko. Zenbakien rankina da, jokalari bakoitzaren indarra neurtzen duena. 2.040eko ELOarekin iritsi nintzen Donostiako openera, baina hango emaitzari esker, 60 puntu eskuratu nituen. Astakeria da hori, normalki gertatzen ez dena.
Gipuzkoan bi torneo dira famatuenak, Donostiakoa eta Elgoibarkoa. Azken hori euskal federazioak antolatzen du, bertako jokalariak promozionatzeko. Niretzat amets hutsa litzateke hara gonbidatuko banindute.
Gogoratzen nola sartu zitzaizun xakerako sukarra?
Arauak bizilagun batek erakutsi zizkidala esango nuke, sei bat urte nituela. Urtetan aurrerago, 11 urteren bueltan, Urraka auzoan uda batean modan jarri zen xakea; auzoko gaztetxoak arratsaldero kalera jaisten ginen partidak jokatzeko irrikaz. Handik urtebetera, ikastolan xakeko taldea atera zuten eta bertan aritu nintzen beste herrien aurka. 16 urterekin, behin, adiskide batekin topo egin eta Andoaingo Agustin Leitzako taldera joateko tentatu ninduen. Hara hurbildu nintzen, eta gaur arte. 1986az geroztik lehiaketetan parte hartzen dut; 32 urte daramatzat dinamika horretan murgilduta.
Openean lortutako mailak aurrerantzean proiekziorik emango al dizu?
Ez dut uste. Lehen gipuzkoarra geratu izana pizgarria izan daiteke niretzat, eta saritzat hartzen dut aurretik egindako ahaleginagatik. Akaso inguruan xakea pittin bat sustatzeko balio dezake, baina ez gehiago.
Hobetzen segituko al duzu?
Amateurrak eguneroko bizitzaren menpe gaude. Hiru lanaldietan aritzen nintzen lehen, baina lanpostuz aldatu dut azken aldian, eta orain entrenatzeko ordutegi erregularragoa daukat. Arratsaldeak libre ditut, entrenamenduak planifikatzeko. Horrek eragina izan du nigan, xakean pittin bat hobetu ahal izateko.
Xake jokalariek koefiziente intelektuala goitik daukazuela uste izan da beti…
Argi dago mundu mailako maisu handiak denak direla inteligenteak. Jakina, horrek ez du kentzen gero pertsona bezala kirten hutsa izatea! Egin kontu, xakearen historian, 200 urtetan, soilik maisu handiko 1.500 titulu banatu dira. Eta ez da ahaztu behar futbola eta saskibaloia kenduta, munduan federatu gehien dauzkan kirola izango dela.
Egia esan, jokoak arretatsu izatea eta sakonki kontzentratzen jakitea eskatzen dizu. Gainerakoan jai duzu, ezin zehaztasunez egin kalkuluak! Hortik aparte, lehiarekin zerikusia dauzkaten dohainak behar dituzu eduki, buru-estima, autokonfiantza... Aipatu ditudan ezaugarri guzti horiek premiazkoak dira jokoarekin maitemintzeko.
Hausnarketarako joera duzuen pertsonak zarate, baina baita lehiakorrak ere, beraz.
Hala da. Jokoan zehar, aurkaria garaitzea da buruan daukazun helburu nagusia.
Zeintzuk dira xakearen bertuteak?
Gazteentzako zein helduentzako egokia da. Ez diot akatsik ikusten. Ez dauka adin mugarik, gainerako kirolek ez bezala. Ezin merkeagoa da praktikatzeko, eta, kontzentrazioa, pentsamendu logiko zein abstraktua lantzen laguntzen du. Bestelako kirolekin uztartu liteke; are gehiago, lagungarria da edozein kirolean jarduteko orduan, eta seguru inoiz ez dizula min fisikorik edo lesiorik eragingo. Gazteentzat oso gomendagarria da; aurkariaren ideiak errespetatzen eta porrota onartzen ikasten dute. Garaiotan, badirudi kosta egiten dela galtzen jakitea. Xakea egokia izan liteke frustrazio txiki horiek barneratzeko.
Xakea jokoa ote den, kirola ote… Zer diozu zuk?
Jokoa da ezeren gainetik, baina egia da garaipenak eta galtzeak daudela tarteko. Jokalariari jokoak ez dio ahalegin fisikoa eskatzen, baina aurkari batekin lehian ari da eta lehiaketa dago azpi-azpian. Jokoa dela esango nuke batik bat, nahiz eta testuingurua aintzat hartuz gero beste edozein kiroletan bezalatsuko baldintzak eman. Ofizialki, ez da kirol olinpikotzat hartzen, baina kirol jardueratzat bai. Orain urte batzuk, EAEko administrazioak kirolaren titulua kendu nahi izan zion xakeari, eta protesta egiteko kalera irten ginen. Azkenean, atzera egin behar izan zuten.
Teknologia berriek izan dezaketela eragina xakean aipatu duzu lehen.
Iraganean jokatzeko ez zeneukan beste erremediorik, xake klub batera joan edota lagun batekin geratu. Gau egun, interneta eta xakea ezin hobeki uztartzen dira. Etxetik atera gabe, pantaila aurrean uneoro aurkituko duzu baten bat zurekin jokatzeko prest. Erosoa da internet, eta gogoko duzun hobby hori jende askorekin partekatzeko aukera eskaintzen dizu. Gainera, galdu arren, inor ez da enteratuko (irriak).
Nolakoa da zure prestakuntza?
Bakarrik egin dut bidea. Liburuez baliatu naiz, batik bat. Izan ere, hobetzen joateko komeni da maisu handien jokaldiak analizatzea. Literatura asko idatzi da xakearen gainean; milaka eta milaka liburu argitaratu dira, gainerako kiroletan guztietan bezainbeste. Norberaren gabeziak kontuan hartuta, xakea alderdi ezberdinetatik aztertu eta landu liteke. Oinarri-oinarrizko bi dohain edukitzen saiatu behar duzu: posizio bat behar bezala baloratzen jakitea, eta zure eta aurkariaren jokaldiak eta aldaerak ondo kalkulatzen ikastea. Xakean, normalki, egoera baloratu egiten da, eta horren arabera, erabakiak hartzen dira. Behin helburua ondo markatuta, kalkuluen unea iristen da. Jakina, hasiberriak nahikoa dauka piezarik ez galtzearekin. Maisu baten maila, ordea, balorazioen eta kalkuluen eremuan nabarmentzen da.
Eguzki Xake taldeko partaidea zara Urnietan.
1992-1993an sortu zen kluba, eta bazkideak Urnietako Udalak utzitako egoitzan biltzen gara. Zenbait urtetan gaztetxoekin lan egin izan da, baina egun, federazio mailako lehiaketetan parte hartzera bideratzen ditugu indarrak. Bost jokalarik osatzen dugu taldea, eta Gipuzkoa nahiz EAE mailako txapelketetan jokatzen dugu. Hamabost urtez xakearen Euskal Ligan aritu gara.
Aurtengo denboraldian, martxoan amaitu berri dena, ezin izan diogu mailari eutsi eta datorrenean Gipuzkoakoan jokatu beharko dugu.
Gazte edo helduren batek taldera hurbildu nahiko balu, zer egin beharko luke?
Behar bada urnietar askok ez dute ezagutzen gure taldea; Urraka auzoan daukagu egoitza, haur parketik hurbil. Nire telefono zenbakia erabil daiteke gurekin harremanetan jartzeko (626 365 043).
Utzita daukagu formakuntzaren arloa Urnietan, esan bezala. Baina egingo genuke modua gure hurbileko taldea den Andoaingo Agustin Leitza taldearekin harremanetan jartzeko; handiagoa da kopuruan. Eta gehiago zaintzen dute gazteen formakuntza.