Bilkura jendetsua SAPA enpresaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 1a, 02:00

"Mugak zabalduz Karabana EH" ekimenak deituta, bilkura jendetsua egin zuten Andoainen joan den larunbatean. Eguardian SAPA enpresa parean elkarretaratzea egin zuten, armagintzarekin zerikusia duten negozioak salatzeko asmoz. Manifestazioan Goikoplazara iritxi eta han bigarren ekitaldia burutu ostean, karabanako kideek Zumea plazara abiatu ziren, han bazkaltzeko asmotan. Iruñeko bidea hartu zuten arratsaldean.

[Argazkiak]

[Bideoa]

Europar Batasunak migrazio arloan eragiten dituen politikak salatzeko asmoz sortu zen “Mugak zabalduz” ekimena Euskal Herrian. Ekimeneko kideek adierazi dutenez, “EBren politika ekonomikoek gerrak sortarazten dituztela salatzen dugu; baliabide natural eta ekonomikoen espoliazioa sortzen dute eta pertsonen lan eta esplotazio sozialak sortarazi. Politika geoestrategiko eta ekonomikoak, halaber, Atzerritartasun Legeengatik daude lotuta, eta mugen itxiera, arrazismo instituzionala eta abar ekartzen dituzte mundura”.

Aurreko bi urtetan nazioartean ibili ostean, aurtengoan Euskal Herrian barrena ibili da Mugak zabalduz karabana. Joan den asteburuan jarri zen abian, eta Hendaian egin zuen lehen geldialdia, etorkinei begira dagoen egoitzaren aurrean. “Emigranteen protagonismoa ikustarazi nahi dugu, alde batetik, eurekin bat eginez esplotazioaren kontrako borrokan, eta bestetik, eskubide internazionala den zirkulazio askea aldarrikatuz”.

Sapa enpresak Andoainen daukan lantegiaren aurrean egin zuen bigarren geldialdia karabanak. 300 bat pertsona bildu ziren bertan. Han manifestu bat irakurri zuten, armagintzaren aurkakoa. Besteak beste, hona zer zioen manifestuak:

“Gogoz kontra emigratzera bultzatzen duen arrazoiek, hainbat kausa dituzte. Kasu askotan, Europatik bultzatutako garapen ekonomiko kapitalista da arrazoia, eta beste hainbatetan, armagintza eta “segurtasun” industria.  Gertatzen ari den migrazio uhin handiarekin bada irabazle ateratzen denik. Segurtasun eta armagintza enpresak milioi ugariko kontratuak
lortu dituzte, mugak zaintzeko arma eta teknologiak salduz.

Sarritan, armen ekoizpen eta trafikoa urrutiko gertakari gisa ikusi ohi dugu. Aitzitik, armagintza enpresa handi batzuk gure etxeetatik gertu daude, gure zergaz diruz lagunduta. Ekoizpen zibilaren estalkipean, hemendik milaka kilometrora heriotza ereiten dute, eta migratzera behartzen dute. Euskal Herrian, 100 konpainia inguru dira euren jarduna
armagintzan oinarritzen dutenak.

Espainiako sektore militarraren parte garrantzitsu dira, besteak beste: Aernova eta ITP arlo aeroespazialean, SENER misil eta elektronika militarrean, edota SAPA. Euskal enpresek ekoitzitako armagintza produktuak nagusiki, honakoei zuzentzen zaizkie: Espainiar estatuko defentsa ministerioari eta indar armatuei, AEBei, Turkia, Saudi Arabiari, Marokori, Israeli, Yemeni eta Siriara.

SAPAK negozioa egiten du gerrarekin. Nagusiki ekoizpen militarra egiten du, milioi askoko kontratuekin. Hainbat txostenen arabera, Espainiako seigarren enpresa da armagintzaren azpisektorean. Bere produktuen artean, tiro eraginkortasun handiko artilleria, gerra gurdiak, kainoiak eta blindatuak ditu. Bezeroei dagokionez, besteak beste Ameriketako Estatu
Batuetako ejertzitoa. SAPAren teknologia aurrerapenei esker, AEBek zuzendutako tankeak azkarrago mugitu ahal izango dira, munduko edozein txokotan euren helburuak kolpatzeko”.

 

Goikoplazan bigarren ekitaldia

Elkarretaratzea amaituta, karabana Goikoplazara abiatu zen manifestazioan. Han, besteak beste. EH Bildu eta PSE-EE udal alderdietako ordezkariak zituzten zain. Biolin jotzaile batek eta dantzari batek aurreskua eskaini ostean, Ana Carrere alkateak hartu zuen hitza. Zera adierazi zien karabanako partaideei: “Andoaingo herriaren izenean gure babesa helarazi nahi dizuegu. Mundua aldatzea ezinezkoa dela sinestarazi digute, baina beste mundu bat nahi dugula posible dela aldarrikatzera zatozte, eta gatoz. Botere ekonomikoek sortzen duten pobreziaren aurka, botere horiek beren onurarako sortzen dituzten gerren aurka. Giza eskubideak nonahi urratuak izaten diren bitartean, hemen bildu garenok horren kontra ahotsa altxatu nahi dugu. Andoainen ere hainbat proiektu daude martxan, bai herri mugimenduak aurrera eramaten dituenak eta baita udalak bultzatzen dituenak. Hala nola, azken urteotan, zurrumurruak stop sarean dihardugu lanean, Hurria-Sahara elkartearekin batera Saharako herritarren giza eskubideen aldeko ekimenetan elkarlanean aritzen gara, edo eta, aurrerantzean, Andoainen bizi diren etorkin familiekin programa berriak martxan jarri nahi ditugu. Andoain mugarik gabeko herria izango da etorkizunean ere, mugarik gabeko soberanistak garenontzat ez dagoelako pertsona ilegalik. Eskubide guztiak pertsona guztientzat!”.

 

Alaia Martin bertsolariak hnako bi bertso kantatu zituen Goikoplazan:

Nahiz eta gerrak berez ez duen

fama onik jendartean,

gu ez al gara parte han,

mugatzen eta armatzen duten

horien inpunitatean? (bis)

Fokua jarri dezagun gure

historia migrantean.

Gu ere egon gintezke han.

Batera idatzi behar genuke:

ongietorri atean,

pertsona ilegal bihur lezaken

legedi legal batean (bis).

 

Bide on, beraz, herri hontan ta

bide on, beraz, bestetan.

Zorte on zuen esketan,

korapiloak aska daitezen

behingoz guztion estetan (bis).

Nahiz sarri egon bosgarren plano

urrun baten albistetan,

eta sekzio tristetan,

itxituretan jarriko dugu

krisketatxo bat krisketan

eta esaldi horiz segiko dugu

isiltzen denaz hizketan (bis).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!