Aiztondoko pilota topaketen finalak jokatu zituzten Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 30a, 02:00

Giro ederrean joan da aurtengo Aiztondoko pilota topaketa. Finaleko partidak ere politak izan ziren. Usarrabi pilotalekuan jende asko bildu zen gaztetxoen jardunak gozatzera. Palaz zein eskuz, sei partida izan ziren ikusgai.

Argazkiak
 

Aurrebenjaminak izan ziren lehiatzen lehenak. Oso partida polita jokatuta, Larrarte-Plaza bikoteak 16-8 irabazi zion Altuna-Zufiria bikoteari. Ederki aritu ziren Behar Zana elkarteko lau pilotari gaztetxoak. Oso partida berdindua izan zen, nahiz eta markagailuak besterik adierazten duen.

Benjamin mailan, Otaegi-Lakarra 12, Zubiria-Galarraga 16, izan zen emaitza. Lau pilotariok ere Behar Zana elkartea ordezkatuz aritu dira Aiztondoko topaketan. Norgehiagoka berdindua eskaini zuten bi bikoteek.

Alebin mailan, Txulobi taldeko adunarrak aritu ziren nor baino nor. Iparragirre-Cestau 16,  Zabala- Aristeta 13. Partida luze eta ederra jokatu zuten.

Palaz, alebin mailako nesken partida izan zen lehendabizikoa. Behar Zana Elkarteko Altuna-Arretxe eta Adunako Agirre-Tejeria aritu ziren  lehian. Adunarrak izan ziren garaile, 7-16.

Infantil kadete mailan, Asteasuko bi bikote iritsi ziren finalera. Izagirre-Arrieta bikoteak Maiz-Sarasola bikoteari irabazi zion, 16-25.

Eskuz, mutilen infantil mailan, Behar Zanako Aranburu anaiek 18-11 irabazi zien Asteasuko Lanzeta-Uitzi bikoteari.

Pilotalekura hubildu ziren haurren artean pilotak zozketatu zituzten antolatzaileek. Txapelketa osoan zehar sortu den giro polit hori errepikatu zen finalean ere.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!