"Terraza garaia, Euskal Sagardo Garaia" ekimena aurkeztu dute Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 27a, 02:00

Gipuzkoa osoko 45 tabernak eta jatetxek hartuko dute parte "Terraza garaia, Euskal Sagardo Garaia" ekimenean. Euskal Sagardo deitura duten sagardoen kontsumoa sustatzea da helburua. Gaurtik hasi eta maiatzaren 13ra bitarte iraungo du ekimenak.

[Argazkiak]

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen HAZI Fundazioak sustatutako ekimena da "Terraza garaia, Euskal Sagardo Garaia". Goizean izan da aurkezpen ekitaldea Donostiako Kata 4 jatetxeko terrazan eta bertan izan dira Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzailea eta Iñaki Illarramendi Ostalaritza Elkarteko lehendakariorde eragilea.

Gipuzkoa osoko ostalaritza establezimenduen terrazetan Euskal Sagardo Jatorri Deiturako sagardoaren kontsumoa sustatzea du helburu egitasmoak.

Gaurtik hasi eta maiatzaren 13ra bitarte egongo da abian, eta Gipuzkoa osoko 45 tabernek eta jatetxek hartuko dute parte. Urnietan, Zizurkilen eta Asteasun hauxek hartuko dute parte:

  • Urnieta: K10 Hotela
  • Zizurkil: Iriarte jatetxea eta Izarra taberna.
  • Asteasu: Iturri Ondo jatetxea.

Euskal Sagardoen dastatzeak ostalarientzat

Ostalarientzako Euskal Sagardoen hainbat dastatze antolatu dira maiatzean zehar:

- Maiatzak 8: Sutegi Kultur Etxea (Usurbil).

- Maiatzak 22: Casino jatetxea (Irun).

- Maiatzak 29: Txinparta Elkartea (Tolosa).

 

 

Aurkezpenean izan dira

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!