Olazar parketik hasi eta Santa Krutz ermitaraino izan ohi da Eguzki talde ekologistak aspaldian antolatzen duen erreka jaitsiera. Ekologistekin batera gaztetxoen parte-hartzea ohikoa izaten da.
Jende gehiago hurbiltzea espero al duzue, aurten?
Maider Arabaolaza: Egia esan, bai. Aurten gure ikasturteko jende dezentek izena eman du, beraz, gehiago izango gara aurten.
Zuekin batera doazen sorosleak garrantzia handikoak dira...
M. A.: Dudarik gabe. Jaitsieran arriskuguneak daude, eta horietan oinez goazen bitartean beraiek gure ontziak behera jaisteaz arduratzen dira.
Bustiko zaretela seguru da, beraz.
Garazi Alkain: Bai, ia ezinezkoa da jaitsiera busti gabe egitea, ura hotza egoten da gainera! Baina oso ondo pasa ohi dugu.
Zenbat urte daramatzazue jaitsieran parte hartzen?
M. A.: Behin bakarrik hartu dugu parte jaitsieran. Aurtengoa bigarrena izango da.
G. A.: Halaxe da, eta parte hartzeko gogo biziz gaude.
Koadrilan ondo pasatzeko beste modu bat da, ezta?
M. A.: Bai, nahiz eta ura hotza egon, oso ondo pasatzen dugu. Ea eguraldiak laguntzen duen!
Hotzik ez izateko neurririk hartzen al duzue?
M. A.: Neoprenoa eramaten saiatzen gara, baina jantzi berezirik gabe ere parte hartu daiteke. Uneoro ariketa egiten denez, ez da horrenbesterako hotza sentitzen.
G. A.: Egia da, behin uretan zaudela tenperaturara egokitu eta ez da hotzik sentitzen.
Ze adin tarteko jendeak hartzen du parte?
M. A.: 16 urtetik gorakoek eta baita helduagoek ere. Eta ikusten jende asko egoten da.
Zer esango zeniekete barandatik begira dauden gainerako koadrilei?
M. A.: Ondo pasatzeko ekintza bat dela. Ez da lehiaketa bat. Anima daitezela, ez diezaiotela hotzari beldurrik izan. Mugimenduarekin azkar batean berotuko gara.