Euskara, Lanbide Heziketatik lan mundura murgiltzeko zubia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 26a, 02:00

2018-19 ikasturterako matrikulazio epea zabaltzeko hilabete inguru falta denean, hedabideetan bolo-bolo dabil albistea: bertako enpresek lanbide heziketako ikasleak behar dituzte lanerako. “Egia da. Behar handia dago”, diote eskualdeko adituek.

Enpresen beharren aurrean, euskarak paper garrantzitsua jokatzen du. Lantegi askok, euskaraz ikasi duten ikasleak nahi eta behar dituzte. “Enpresa askok ikasle elebidunak eskatzen dizkigute. Kontuan izan, inguruotako enpresen bezero asko euskalduna dela”, Usurbilgo Lanbide Eskolatik gaineratu digutenez. Nazioartekotze prozesu betean diren lantegiok, “hizkuntzak menderatzen dituzten langileak nahi dituzte. Zenbat eta hizkuntza gehiago menderatu, hobeto”. Eta tartean noski, “ikasleak euskara mendera dezala, enpresa askotako eskaera izaten da”.

Lan eremuaren arabera ordea, panorama aldatzen da. Leizaran institutuan gizarteratzearen inguruko goi mailako heziketa zikloa eskaintzen dute, D ereduan. Bada euskarazko langileen eskaria; “hezkuntza-laguntzako espezialista izateko, menpekotasunarekin lotutako lanpostu batzuetan ere bai, baina harrera-egoitzetako hezitzaileen laguntzaile izateko lanpostuetan ez”.

Baliabideak euskalduntzen
Egungo lan munduko erronka eta beharrei erantzuteko euskarazko eskaintzaren aldeko apustua egiten da Buruntzaldeko ikastetxeetan. “Lanbide Heziketa beti saiatzen da enpresari erantzuna ematen”, Usurbilgo Lanbide Eskolatik adierazi dutenez.

Horrek noski, lanketa handia eskatzen du, baliabideen ikuspuntutik. Azpimarratzekoa da zentzu honetan, Laneki proiektuak Lanbide Heziketan ikasmaterial didaktikoak euskaratzen egiten duen ekarpena. Eta ondorioz, hezkuntza eskaintza hau euskalduntzen dihardu. “Beti saiatzen gara material berria euskaratzen. Lan handia da”, adierazi digute Usurbilgo Lanbide Eskolatik.

Azpimarratzekoa esaterako, Leizaran Institutuan izan duen eragina. “Gure Gizarteratzeko departamentua aitzindaria izan zen gure zikloko euskarazko materiala Laneki/Jakinbai web- orrian argitaratzen. Hainbat lan, itzulpen eta irakasleen IRALE euskalduntze programaren bidezko R-400 ikastaroaren bidez ere gure ekarpena egin dugu”.

Aurretik eginiko ibilbidearen eragina
Eskaintza eta baliabideak badaude euskaraz, euskaraz ikasteko eskaera ere badago eta. Belaunaldi berria geroz eta euskaldunagoa da eta horrek isla argia du D eredua eskaintzen duten ikastetxeetan. Usurbilgo Lanbide Eskolan esaterako, “geroz eta ikasle gehiagok eskatzen du euskaraz ikastea”.

Mailaren arabera ordea desberdintasunak nabari dituzte, esaterako, Hernaniko Lanbide Heziketan. Goi mailako zikloetan bai, eskari handia dute. Aldiz, Oinarrizko Lanbide Heziketan, euskaraz ez dakiten ikasle bat baino gehiago dute, gerora erdi mailara igarotzen direnak. “Ez dago laguntzarik ikasleok euskaraz ikasi ahal izateko” eta horrek “erdi mailan eragiten du”. Talde mistoa dute mekanizazioko ikasketetan. Alde horretatik garrantzizkoa deritzote Hernaniko Lanbide Heziketako ikastetxetik, erdi eta goi mailako zikloetara heldu aurretik, “ikasleek egiten duten bidea euskalduntzea, Lanbide Heziketara heltzean euskararen erabilpen handiagoa egon dadin”.

B eredua
D ereduaz gain, Buruntzaldeako ikastetxeetan bada euskara neurri batean txertatua duen B eredua ere. Kasuotan, “moduluen %25a euskaraz bermatua egon behar du”, Urnietako Salesiarren ikastetxetik zehaztu digutenez. Bada ezberdintasun nabarmen bat, ikastetxe publiko eta kontzertatuen artean. “Kontzertatuak oso mugatuak geratzen gara, euskara ehuneko ehunean bermatzeko”. Andoaingo La Salle-Berrozpetik gaineratu digutenez, “publikoek euskarazko taldeak sortzeko desdobleak dituzte. Ikastetxe kontzertatuetan ez dugu halako baliabiderik”.

Eta ondorio argia du horrek. La Salle-Berrozpen aurreko etapetan D ereduan ikasi duten ikasleak dituzte Lanbide Heziketan. Baina hauez gain, badira kanpotik bertara ikastera datozenak ere, oso profil ezberdinekoak, “batzuk euskara maila ona dute, beste batzuk aldiz, ez”. Testuinguru honetan, “taldeak desdoblatzeko aukerarik ematen ez digutenez, gure erronka, perfil ezberdin horiek talde berdinetan txertatzea da, horretara behartuta gaude”. B eredua euskalduntzen ahalegintzen dabiltzala gaineratu digute, “plangintza egina dugu eta garatzen ari gara”.

Buruntzaldeako Lanbide Heziketako ikastetxeek erronka gehiago ere badituzte. Andoaingo Leitzaranen, “erabiltzen dugun material gehiago euskaratzea da gure helburuetako bat, eta metodologia berri aktibo-kolaboratiboetan sartzen ari garenez, egiten ditugun erronkak euskaraz egitea da gure helburua”.

Etengabe berritu, eguneratzea aipatzen dute Usurbilgo Lanbide Eskolatik, helburu argi batekin; euskaraz ikasi nahi duten guztiei erantzun ahal izatea.

Euskalduntzen segitzeko lana
Erreportajean zehar argi geratu den moduan, bada euskarazko eskaintza Lanbide Heziketan Buruntzaldean. Euskara ikastea ezinbestekoa da, lan merkatuan ate gehiago zabaltzeko. Baina oraindik bada zer egina Lanbide Heziketa guztiz euskalduna izateko bide horretan. Eta horretan dihardute bai ikastetxeek, baita Buruntzaldeako tokiko erakundeek. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udaletako euskara batzordeek urteak daramatzate Lanbide Heziketan ere euskara bermatua egon dadin lanean. Tartean, ikasmateriala euskaratzen duen Laneki egitasmoa diruz laguntzen. Aurten, 8.000 euro bideratu dituzte proiektu horretara. Aurrematrikulazio kanpaina gerturatzen ari den honetan, urtero moduan, herritarrak ikasketok euskaraz egitera animatzen dituzte.

D ereduan ikasteak, hainbat abantaila eskaintzen baititu. Euskaraz ikasten segitzeko aukera izatearekin batera, bi hizkuntzetan lan egiteko prestakuntza jaso daiteke Buruntzaldean. Eta ikasketak euskaraz eginez gero, erdi mailako zikloetan B-1 eta goi mailako zikloetan B-2 euskara ziurtagiriak eskuratu daitezke azterketarik egin gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!