Joxe Arregi plazak estalpea izango du uda ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 29a, 02:00

Aurtengo udal inbertsio nagusia izango da plazako estalpea jartzea. Danenako harmaila estaliak ere datorren denboraldirako jartzea espero dute.

Eguraldi euritsua denean jolasean ibili edo lasai egoteko gune zabala izango du laster Joxe Arregi plazak. Horretarako, 320 metro2 inguruko azalera duen estalpea jarriko dute bertan. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, “etxebizitza berriak egin eta plaza eraberritu zenetik, estalpea jartzea zen gure helburu nagusia. Aurten iritsiko da premia hori asetzeko aukera. 235.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta iraileko festetarako prest egotea nahiko genuke”.

Epeak

Lanak egiteko epeak ez daude guztiz Udalaren esku. Izan ere, erreka edo ibai batetik 100 metro baino gutxiagora dagoen edozein eremutan lanak egiteko, Ur agentziari baimena eskatu behar zaio. “Behin behineko txostena aldekoa izan da, baina behin betikoa iritsi zain gaude. Bitarte honetan, lanak esleitzeko pleguak garatu ditugu Udalean, gauzak aurreratzen joate aldera”. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, Elbarrenako jaietarako estalpea prest edukitzea da helburu nagusia. “Ekitaldi ezberdinak antolatzeko garaian, jokoa emango du estalitako gunea edukitzeak”, gaineratu du.

Oinarriak jarrita

Plaza berria egin zutenean, aurreikusi zuten estalpea non jarri eta dagoeneko jarrita daude beharrezko oinarriak. “Ez dira ikusten, baina lan horiek eginda daude. Horrek errazagoak egingo ditu estalpearen egitura bera jartzeko lanak”. Eserlekuak dauden ingurua da estaliko duten gunea, babesean lasai egoteko aukera emango duena. Metakrilatozko xaflen bidez osatuko dute estalkia. “Altuera ezberdinetan jarriko dituzte xafla horiek, eguzkitik eta euritik behar bezala babesteko”, azaldu du Joxe Marik.

Haurren parkea gaur egun dagoen toki berean utziko dute. “Lehendabiziko proiektuan haur parkea estalpearen azpian babestea aurreikusi zen, baina horrek asko mugatuko luke gune estaliaren erabilera. Festetako ekitaldiak antolatzeko ia tokirik gabe geratuko ginake eta, azkenean, haur parkea orain dagoen toki berean uztea erabaki genuen”, azpimarratu du.

Mailegurik ez

2018ko aurrekontuetan sartutako inbertsio nagusia izango da plazako estalpea. Aurreko urtetan lan hori egiteko mailegu bat eskatzeko aukera jarri izan dute mahai gainean, “baina egoerak ez zuen hori gomendatzen. Azkenean, aurtengo aurrekontuetan sartzeko aukera izan dugu”.
{{IMG-40636}}

Danenako harmailak

2018ko aurrekontuetan sartutako bigarren inbertsio nagusia, Danena futbol zelaian harmaila jartzea izango da. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, “hori ere lehentasunezko lana da. Jende asko ibiltzen da futbol zelaiaren inguruan, eta neguan, ez da batere erosoa. Bestalde, Danena taldeak ahalegin handia egiten du ekitaldi ezberdinak ekarriz; Donosti Cup, errugbi topaketa…, Herriari bizi handia eman dio. Hori guztia kontuan hartuta, beharrezkoa iruditu zaigu futbol zelaiari harmaila duin bat jartzea”.

Bidegorriaren alderditik jarriko diote hamaila futbol zelaiari. “Hiru mailakoa izango da, altuera gutxikoa beraz. Izan ere, bidegorriak mugatzen gaitu toki aldetik. Zabaleran ez da handia izango, baina bai luzeran; ia 50 metro luze izango baita”. Guztira, 300 pertsonentzako eserlekuak hartuko ditu harmaila berriak, guztiak estalpean.

Denboraldi berrirako

Lanak egiteko epeei dagokienez, plazako estalpearekin gertatzen den gauza bera gertatzen da. “Ur agentziak baimendu behar du obra, eta horrexen zain gaude. Ondo bidean, futbol denboraldi berria hasterako eserlekuak izango ditu Danena zelaiak”. Lanak hasita, bi aste eta erdi inguru beharko dituzte guztiz amaitzeko. “Ez dira obra handiak. Guztira, 79.000 euro inguru aurreikusi ditugu lan horiek egiteko”, azpimarratu du alkateak.

Herribideak

Herribideak konpontzeko lanak ere egin ohi ditu Zizurkilgo Udalak eta aurten, Olatzako bidea konponduko dute. “Iaz egitekoak genituen lan horiek. Gipuzkoako Urakekoek horren berri izan zutenean, hodi berriak sartu nahi zituztela jakinarazi ziguten. Horrek atzeratu egin ditu pixka bat lanak, baina dagoeneko hasita daude. Tubo berriak sartuta, asfaltoa botako dute herribidean, txukun utziz”. 40.000 euroko aurrekontua dute lanek, baina 21.000 euroko dirulaguntza lortu du Udalak.

Eskeltzuko herribidea ere konponketa beharrean dago. Momentuz, ordea, “ez dugu martxan jarriko. Dirulaguntza eskatuta dago, baina baiezkoa etorri arte ezin dugu aurrera egin”, azaldu du Joxe Mari Luengok. Bitartean, 15.000 euroko partida aurreikusi dute herribideko zuloak tapatu eta txukundu bat emateko.

Inbertsio gehiago

Urteko inbertsioen atalean aurreikusitako beste partida bat, udaletxeko kanpoaldea kontzeko bideratuko dute. Guztira, 12.000 euro beharko dituzte beharrezko konponketak egin eta margotzeko. “Iaz barrualdeko paretak txukundu genituen, eta aurten, kanpoaldea txukunduko dugu”, azaldu du Joxe Marik.

Herriko argiteria aldatzeko prozesua, bestalde, martxan da. “Auzoz auzo ari gara LED sistema ezartzen. Aurten, Beldarrain eta Muñoan egingo ditugu lan horiek”. Herriko gune askotan, bola formako farolak edo kaleko argiak daude oraindik ere. Hausten diren bolak berritzeko, “6.000 euro inguru gastatzen genuen, urtero. Pixkanaka bola horiek kentzen ari gara. Gainera, LED sistemak aurrezpen handia ekartzen du kontsumoan”, azaldu du.

Irizibarko karobia berritzeko lanak, Loatzo Musika eskolarako piano berriaren erosketa, Plazida Otaño liburutegirako liburuen erosketa…, beste hainbat partida txiki ere sartu dituzte aurrekontuetan.

Etorkizuna

Etorkizunera begira, Plazida Otaño liburutegia osatzeko helburua ere azpimarratu du Joxe Mari Luengok. “Gela handia bat badago hutsa, eta hari eman beharreko erabilera zehaztu eta pixkanaka hornitzen joan beharko dugu. Jende asko etortzen da ikastera eta askotan bete ere egiten da ikasgela. Premia horri erantzun behar diogu, ahal dugunean”. Plazida Otaño liburutegiak duen harrerarekin gustura azaldu da alkatea. “Inbertsio handia izan zen, baina jendeak eman dion erabilerak merezi izan zuela erakutsi digu”, azpimarratu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!