Eneko Zulaika kantariak, Eneko Bustillo bateria-jotzaileak eta Endika Garcia baxu jotzaileak osatzen dute Lappa taldea. Kontzertuaren atarian, hauexek hirukotearen sentsazioak.
Denbora luzean aritu al zarete disko berriaren sorkuntzan?
Eneko Bustillo: Prestakuntzak, egia esan, ez digu denbora asko kendu. Estudioan sartu eta bertan egin dugu lanik handiena.
Eneko Zulaika: Esan genezake abestiak sortzen joan garen heinean diskoa ekoizten joan garela.
Eta ostiralean Saroben aurkezteak zer esan nahi du zuentzat?
E. Z.: Egon daitekeen tokirik aproposena dela guretzat. Etxean jotzen dugu eta entseatzeko dugun lokalaren gainean, gainera.
Endika Garcia: Gogoa genuen Saroben jotzeko. Iaz ere bertan jo genuen, baina ez kontzertu honetan erabiliko dugun maila teknikoarekin. Gainera, gu izango gara kartelburuak. 'Physis versus nomos' talde donostiarrak joko du gure aurretik, eta jarraian gure txanda iritsiko da.
Zein estilotan kokatuko zenukete egiten duzuen musika?
E. Z.: Gure sare sozialetan izendatu dugu gure estiloa; Pop, metal, ska, emo, trap…, Egia da orain maiz jotzen dugula pop metalera, bertan alderdi lasaia eta alderdi gogorra jorratuz. Hori gustatzen zaigu guri, denetariko musika uztartzea.
E. G.: Oso ondo pasatzen dugu jotzen eta jendea egiten dugunarekin disfrutatzen ikustea da gehien gustatzen zaiguna. Agian, gure kontzertuetara etortzen den jendea ez duzu beste hainbat kontzertutan bezain motibatua ikusiko, baina, irribarretsu eta egiten dugunaz disfrutatzen ikusten ditugu.
Basoa bideoklipa bistaratu duzue. Zer nolakoa izan zen grabazio prozesua?
E. B.: Pasada bat. Bizkaia aldean grabatu dugu eta argi genuen ez genuela instrumentuak jotzen atera nahi. Istorio bat kontatu nahi genuen eta niretzat pertsonalki oso esperientzia ederra izan da. Jon Etxeberria urnietarrarekin grabatu genuen eta ikaragarria izan da bizi izan genuena.
Zein da oraintxe musikari gisa duzuen helbururik handiena? Noraino iritsi nahi duzue?
E. Z.: Orain gutxi inguruko herri batean jotzeko deitu gaituzte eta horrelako gauzek ilusio handia egiten digute. Niretzako helburua jendeak egiten dugun musikarekin gozatzea da, eta ahal dela pixkanaka jende gehiagorengana iristea. Hori bai, lehenik gu gustura egotea eta gero publikoari gustatzea.
E. G.: Nire aldetik, batez ere musika egiten jarraitzea.
Zer esango zeniokete zuen kontzertura joan nahi duenari?
E. G.: Urnietan denok ezagutzen dugu elkar. Lehen, Saroben hilabetero kontzertu indartsuak egiten ziren. Baina bada bolada bat bertan kontzerturik egiten ez dena, eta espero dugu gure kontzertuarekin ekimen horri jarraipena ematen jarraitzea. Jendea animatu nahi dugu, guztion artean Sarobera kontzertu gehiago ekar ditzagun.
Zuen helburua ondo pasatzea dela esango zenukete, beraz?
E. G.: Bai, baina ez dugu horretara mugatu nahi. Beste soinu bat bilatuz jauzia eman dugula esan genezake.
E. Z.: Endika taldean sartzeak asko lagundu du soinu berri hori bilatzeko garaian. Diskoa grabatzerakoan baxua txertatzea erabaki genuen, eta geroztik Endika taldekide dugu.