Santa Krutz eguna, maiatzaren 3a, iristear da. Andoaindar askorentzat egun berezia da. Horien artean, bereziki, bluxa zuri-berde kuadroduna soinean daraman koadrila. Aurten, gainera, eurek emango diote hasiera jaiari. Hots, Alberto Santa Cruz, Xabier Unzalo, Fernando Hernandez, Javier Zabala eta konpainia. "Jai batzordeak pregoilari kargua guri eskaintzeak badu gure aldeko miresmen puntua", horixe Santa Cruzen lehen burutapena.
Egun sakratua da eurentzat Santa Krutz eguna, eta oraindik ere kirioak dantzan edukitzen dituztela dio Xabier Unzaluk. 41 urte daramate elkarrekin, eta lanean guztiek ere jai hartzen dutela adierazi dute, asteko eguna izan nahiz asteburua izan. Batzuk Andoainen bertan bizitzen jarraitzen dute, baina beste batzuk herritik kanpo bizi dira. Hori dela eta, urte osoan ikusi ez dituzten lagunekin egoteko hitzordua da maiatzaren 3koa. Garrantzitsuena koadrila elkarturik mantentzea dela azpimarratu dute. Joanak diren hiru lagun omentzen dituzte: "Ez gaude guztiok, hiru bidean geratu dira eta urtero brindis batekin gogoan hartzen ditugu".
Sorrera Uranga tabernan
Hasierako urteetan Zumea kaleko Uranga tabernan bazkaltzen zuten. Santa Krutz eguneko ospakizunaren sorburua, beraz, bertan kokatzen da. Etxean bezala ibiltzen zirela oroitzen dute, bertako Mertxe etxekoandrea gogoan hartzean: "Baten bati eskerrak eman behar badizkiogu, hura Mertxe da. Hark maite gintuen, asko". Pregoirako prestatzen ari diren adierazpenean gogoan hartuko dutela aurreratu dute. Bertsolari arituko direla ere aipatu dute.
Egun osoko plangintza
Modu beretsuan ospatu ohi dute, urtez urte, Santa Krutz eguna. Lehenik, hamaiketako ederra egiten dute Errekaburu elkartean. Bazkaria, berriz, Zumeatarra elkartean. Menua, klasikoa: Urdaiazpikoa, patea, zainzuriak, errusiar entsalada, legatza labean, solomilloa piparrekin, pastelak, kafea eta kopa. "Bazkaldu eta gero kalejiran irteten gara trikitilari eta panderojoleen laguntzarekin". Musikaren konpainian, Zumeatarratik Peña Santa Krutz elkarteraino joaten dira. Tartean, noski, betiko tabernetan geldialdiren bat edo beste eginaz. Afaltzeko berriro ere Zumeatarra elkartera hurbildu ohi dira: "Gauerdian, ohitura da Zumeatarrako bandera jaistea. 25 urte daramatzagu zeremonia horretan".
Urteurren berezia
Urteurren borobilak edo bereziak izaten direnean, oparitxo batzuk egiten dituzte koadrilako kide guztien artean. Iaz, esaterako, koadrila modura Santa Krutz egunean irteten 40 urte bete zituzten, eta partaide bakoitzarentzat txapel handi bana egin zuten. Beste urte batean, norberaren izena idatzita daraman kamiseta eta ordularia oparitu zieten elkarri. 50. urteurrena oraindik urrun samar dago, baina ordurako ere zerbait prestatuko dutela dudarik ez dute. Hori iritsi bitarte, asmo ederra dute: koadrilak elkarturik eta giro onean jarraitzea. Santa Krutz egunean, nola ez.