Urtean zehar jaiak ospatzen dituzten auzoek hiru probatan neurtuko dituzte indarrak, Santakruzetan: ergometroa, trontza eta ingudea. Taldeak, berriz, zazpi izango dira: Santa Krutz, Goiburu, Kaletxiki, Buruntza, Etxeberrieta, Karrika eta Sorabilla. Aurreko urtetan jokatu izan dira auzoen arteko lehiak, Kaletxiki eta Goibururen artekoak hain zuzen. Baina lehenengo aldia izango da auzo guztiak elkarren arteko norgehiagokan jarduteko biltzen direla.
Liga sistema
Liga moduko txapelketa jokatzea erabaki dute. Santakrutzetan emango zaio hasiera lehiaketari, eta finala Sorabillako jaietan ospatuko da.
Makina bat herri-kiroletan neurtu beharko dituzte indarrak kirolariek; hiru probetan, auzo bakoitzean egingo den saioan. Santa Krutzetarako ergometroa, ingudea eta trontza hautatu dituzte; hurrengoetarako lokotxak, sokatira, harri-jasotzea, pirrinka, karretila karrera, kixkia, txingak, lasto altxatzea...
Auzo taldeak osatzen
Andoainen jai giroa bultzatzeaz gain, herri-kirolariak bultzatzea eta herri-kirolari trebatuak ez diren auzotarrak plazara eramatea. Azken bi helburu horiekin asmatu nahi luke Andoaingo Auzoetako Jai Batzordeak, eta bere kideak azken asteetan buru-belarri dabiltza auzo bakoitzak bere kirol ordezkariak eduki ditzan. Antolatzaileetako bat den Etxeberrieta auzoko Delan Irazuk aitortu du nahikoa kosta zaiela taldea osatzea. “Gazteek lehenbizikoak behar lukete izan herri-kiroletan parte hartzeko orduan, beraiek direlako sasoian daudenak. Baina ez dago erraza horiek konbentzitzen. Kirolari onak dauzkagu auzoan, baina ematen du futbola besterik ez daukatela buruan. Konturatzen ari gara gure atzetik datozen belaunaldiek herri-kirolak ez dituztela behar bezala ezagutzen, eta erreparoa ematen diela horiek praktikatzea, nahiz eta gure ekitaldia guztiz herrikoia izan”.
Zailtasunak zailtasun, auzo gehienek osatu dituzte kirol taldeak, eta dagoeneko denbora puska daramate prestaketa lanetan.