Helduentzako bertso tailerra Aiztondon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 26a, 02:00

Tailerrean apuntatzeko azken eguna apirilaren 30a da. 40 euroko kostua du, eta maiatzaren 8tik ekainaren 5a bitarteko astearteetan izango da.

Harituz Bertsozale Taldeak  antolatu du helduentzako bertso tailerra, “kanpotik ederra bada, ederragoa da barrutik” lelopean. Aiztondo bailarako (Zizurkil, Asteasu, Alkiza, Larraul, Villabona eta Aduna) herritarrentzat izango da, eta bertsolaritzaren mundua helduei gertuagotik erakustea du xede.

Unai Mendizabal bertsolari zizurkildarra arituko da irakasle lanetan. Ahalegin berezia egin nahi dute Harituz taldetik bertso-eskolak indartzeko. Mendizabal Harituz taldeko kide da, eta hark esandakoaren arabera, “gazteek badute bertsolaritzaz ikasteko modua, eta helduei ere aukera eskaini nahi izan diegu”.

Saioak tailerrean izena ematen dutenen gustura prestatuko dituztela azaldu du zizurkildarrak: “Ez du inporta bakoitzak duen maila. Taldearen mailara moldatuko da tailerra”. Oro har, bertsolaritza mundua jarraitzen duten gizonezkoak eta emakumezkoak joan ohi dira tailerrera. “Apuntatzen den jendea bertsozalea izan ohi da, bertso saioetara joan ohi direnak, alegia. Baina, batez ere bertsoaren mundua probatzeko gogoz daudenak”.

Adinari dagokionean, 18 urtetik gorakoei zuzendutako tailerra da, nahiz eta ez den muga  hori zehatz-mehatz beteko. Baina, bereziki helduei zuzendutakoa izango da.

Maiatzaren 8tik ekainaren 5a bitarteko astearteetan gauzatuko dira klaseak, 19:00etatik aurrera. Lekua oraindik ez dago finkatuta. Izan ere, izena ematen duen jende kopuruaren arabera erabakiko da zein herritan eta eraikinean izango diren klaseak. 40 euroko kostua du, eta izena apirilaren 30a baino lehen eman behar da ondorengo helbidean edota telefono zenbakian: harituz.bzt@gmail.com edo 695 751 450.

Aurrez Tolosaldean

Lehendik ere antolatu ditu Harituz Bertsozale Taldeak helduentzako bertso tailerrak, Ibarran eta Tolosan, hain zuzen. Lehenengo aldia zen helduentzat bertso tailerrak antolatzen zituztena. Esperientzia positiboki baloratu dute Harituz-eko antolatzaileek, eta tailerrean parte hartu dutenak gustura egon direla azpimarratu du Mendizabalek.

Eskaintza zabaltzeko asmoz Aiztondora ekarriko dute tailerra ,maiatzaren 8tik ekainaren 5a bitarte. Modu horretan, bertako herritarrek bertsoaren sorkuntza gertuagotik ezagutzeko aukera edukiko dute, eta baita elkarren artean bertsolaritza munduaz gozatzeko tartea ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!