Maiatzaren 4an, ostiralarekin, ospatuko da koadrilen eguna. Egitarau oparoa prestatu dute, tartean Beñat Beloki gazteak.
Berrikuntzarik ba al da aurtengo egitarauean?
Orokorrean, egitaraua urteroko berdina da. Zerbait berria gehitzearren, bazkalosteko jokoak berritu nahi izan ditugu, urtero berdinak izan ez daitezen. Arratsaldean, Dj Bull-ekin kalejira izango da, eta arratsalde bukaera aldera karaoke saioa. Goiza txarangaren atzetik saltoka hasiko dugu, eta amaitu, berriz, kontzertuetan.
Noiz sortzen da giro politagoa, egunez ala gauez?
Goizez zein arratsaldez nahiko giro polita egoten da, baina nire ustez politena arratsaldekoa izaten da. Dj Bull-ekin kalejiran giro ederra sortzen da. Goizeko giroa hotzagoa izaten da normalean. Bazkariaren ostean animatuago gabiltza denak [kar kar kar].
Nortzuk zabiltzate antolatzaile lanetan?
Gure koadrilatik, Balantzaka koadrila gara, lau lagun gaude antolatzaileen artean. Gu baino gazteagoak diren neska-mutil batzuk ere badabiltza. Denera hamar inguru izango gara koadrila eguneko batzordean.
Noiztik zarete antolatzaile?
Orain dela hiru urte, jai batzordeko kideek antolatzen zuten koadrila eguna. Den dena batera antolatzea lan handia zela eta, gazte jendeari eskaini ziguten jaia antolatzeko aukera. Geroztik gu ari gara Santakrutzetako koadrila eguna antolatzen.
Egitaraua prestatzen noiz hasten zarete?
Otsaila aldean hasten gara lehen bilerak egiten, eta Santakrutz jaiak hasi baino pare aste lehenago ematen diogu amaiera egitarauari, gutxi gorabehera. Modu horretan, dena prest egoten da koadrila eguneko ekitaldi guztiez gozatzeko.
Santa Krutz jaietako egunik handiena al da koadrila eguna?
Gazteen artean, seguraski bai. Jaien erdigunean dagoen Santa Krutz eguna, maiatzak 3, izaten da oro har egunik garrantzitsuena andoaindar askorentzat.
Zenbat jende bildu ohi da koadrila eguneko bazkarian?
Bostehun lagun inguru elkartu ginen iaz Ondarreta ikastetxeko jolastokian.
Inguruko herrietatik ere jendea bertaratu ohi da Santa Krutz jaietara...
Bai, eta nik ere animatu nahi ditut inguruko herrietatik Santa Krutz jaietara etor daitezen. Gainera, aurten ostiralez egokitu da koadrila eguna. Asteko eguna izanik zailagoa dute askok egunez etortzea, eskola eta lana direlako medio, baina iluntzean edota gauean behintzat jendea etortzera animatu nahiko nituzke, gau giro polita eta kontzertu bikainak daudelako.