Auto telegidatuen munduan murgilduta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 26a, 02:00

Villabonako Agaraitz auzoko industriagunean mugimendu berezia egoten da igande goizetan. Auto telegidatuekin ibiltzeko zirkuitua dute bertan Mila Bira elkarteko kideek. Bestalde, erakustaldia eskainiko dute apirilaren 29an, Arroako plazan.

Urtebete inguru da zirkuitua margotu eta prestatu zutela. Auto telegidatuekin ibiltzeko gune baten premia zuten, eta Agaraitzeko industriagunean aurkitu zuten horretarako toki aproposa. Villabonan bizi den Kepa Zatarainek eman ditu azalpenak: “Martutenen bazegoen gisa honetako zirkuitu bat, baina arazo batzuk tarteko, han ibiltzeko baimena bertan behera utzi zuten. Geroztik, aparkalekuetan elkartzen ginen gure zaletasunari eusteko baina laster, beste zirkuitu bat bilatzeko premia sortu zitzagun. Mekanikaria naiz ofizioz, eta Agaraitzeko industrigunean dut tailerra. Industriguneko gainerako kideei baimena eskatu nien bertan zirkuitua jartzeko”. Baiezkoa jaso zuen Kepak, eta zirkuitua margotzeari ekin zion zaletasun bera duten beste zenbait lagunekin batera. “Pena zen gure zaletasunari eutsi ezin izatea eta gustura hartu dugu zirkuitu hau. Ez ditu lehiak antolatu ahal izateko beharko lituzkeen ezaugarriak betetzen, baina gure arteko saioak egiteko egokia da”, azaldu du Kepak.

Igandero

Igande goizetan elkartzen dira bertan, lagunartean. “Astean zehar industriagunea martxan dago eta ezin da zirkuitua erabili. Horregatik, igande goizak aprobetxatzen ditugu elkartu eta autoekin ibiltzeko. Gustura pasatzen dugu goiza”, gaineratu du.

Mila Bira elkarteko lehendakaria da Kepa. Egun, hogeita bat kide ditu elkarteak, guztiak telegidatuekin ibiltzearen zaleak. “Instalakuntza ederrik ez badugu ere, pixkanaka jende gehiago batzen joan zaigu. Momentuz ez dugu ekitaldi gehiegirik antolatu, baina etorkizunari begira gogotsu gaude”, azpimarratu du.

Gaztetatik

Hamasei urterekin hasi zen Kepa auto telegidatuen mundu horretan murgiltzen. “Mekanikoa naiz lanbidez, eta betidanik gustatu izan zaizkit autoak eta haiekin zerikusia duen guztia. Gasolinazko autoa telegidatuak eduki izan ditut beti eta horri eusten diot. Badira elektrikoak ere, noski, eta gasolinazkoek baino emaitza hobeak lortzen dituzte lehiaketatan, baina nik nahiago ditut gasolinazkoak”. Gasolinazko auto telegidatuak elektrikoak baino konplikatuagoak dira mantenimendu aldetik, eta baita garestixeagoak ere, baina Kepak argi du haiekin jarraituko duela.

Auto telegidatua ibiltzea ez da zaila, Kepak azaldu duenez. “Praktika pixka batekin lor daiteke autoa ondo ibiltzea. Konpetizioa edo lehia beste kontu bat da ordea. Ordu asko sartu beharra dago abiadura horietan autoa ondo eramateko”. Benetako autoen lasterketekin alderatu ditu Kepak. “Arlo mekanikoan ere antzekotasun handia du. Den-dena doitu daiteke. Mandotik hasita, motorra… Ordu asko eta asko eskaini behar zaizkio lehian ondo ibiltzeko”.

Lehiatu gabe

Kepak ez du telegidatuen lehiaketatan parte hartzen. “Estatuan barrena dauden zirkuituetara joan behar da horretarako. Neurri zainduak dituzten zirkuituak dira eta horrez gain, beharrezkoa da gidarientzako toki berezi bat edukitzea. Altura batean egokitutako gunean egoten dira pilotuak, eta behean mekanikari eta gainerako laguntzaileak”. Izan ere, taldean parte hartzen baitute lehiaketatan, “ohiko auto lasterketatan gertatzen den bezala, berdin-berdin”.

Tamaina ezberdinetako auto-telegidatuak erabiltzen dituzte zaletuek. “Eskala ezberdinetakoak egoten dira. Ohikoenak 1:10 eta 1:8 eskalak izaten dira”. Kepak zazpi auto ditu momentu honetan. “Denetarik dut, gehienak errepidean ibiltzekoak. Orotarikoren bat ere badut, baina haiekin ez dut horrenbeste gozatzen”.

Sarean

Internet bidez erosten dituzte autoak eta haientzako behar dituzten ordezko piezak. Duela urte batzuk denda fisikoak ere bazeuden, baina ia guztiak desagertu direla azaldu du Kepak: “Villabonan, Tolosan, Donostian…, bolada batean denda aukera handia zegoen, baina pixkanaka, desagertzen joan ziren. Internet bidez egiten ditugu orain erosketak”. Kepak azaldu duenez, ohikoa da bigarren eskuko autoak erostea: “Konpetiziotan dabilen jendeak salgai jarritakoak…, tarteka sortzen dira aukera politak. Auto berriak oso garestiak izaten dira eta komenigarria da beste aukera horien zain egotea”. 200 euro balio ditzake hasiberrientzako auto berri batek, mila eurotik gora lehiarako autoak.

Ordezko piezak ere erosten dituzte, noski, matxurak gertatzen direnerako. “Gehien ibiltzen dudan autoaren pieza guzti-guztiak dauzkat. Edozein momentutan zerbait puskatzen bada, pieza aldatu eta jarraitzeko segurtasuna ematen dit horrek”.

Kepak azaldu duenez, ohikoak dira matxurak auto telegidatuetan. Harritxintxar txikiak, beste autoren bati eroritako pieza txikiren bat… arerio asko dituzte. “Gure elkarteko kideen artean, haize-makina bat erosi genuen eta autoak atera aurretik, makina horrekin garbitzen dugu zirkuitua, arazoak saihesteko”.

120 kilometro orduko

Tamaina txikikoak badira ere, abiadura handia hartzen dute telegidatuek. “Auto on batek 100 kilometro ordutik gora har dezake, erraz”. Horregatik, komeni da gutxieneko segurtasun neurriak zaintzea. “Gutxitan gertatzen da, baina gerta daiteke abiadura horretan auto baten kontrola galtzea. Norbaiti hankan joko balio, min handia egingo lioke. Ikusleak daudenean, eremua hesituta izatea komeni da”.

Auto telegidatuekin ibiltzeko, bestalde, komenigarria da mekanika ezagutza gutxienekoak izatea. “Piezen mekanismoa ezagutzea interesgarria da. Modelismoa egitearen antzekoa dela esango nuke, pieza guztiak oso txikiak direlako. Lanbidez mekanikari izateak asko lagundu dit auto telegidatuak doitu eta konpontzeko garaian”.

Kepak azaldu duenez, lizentzia edo baimen berezirik ez da behar auto telegidatuak ibiltzeko, “jostailu gisa sailkatuta daudelako. Ez da oso logikoa sailkapen horretan mantentzea, baina momentuz hala dago. Lehian parte hartzeko federatu egin beharra dago, baina zaletasun gisa egiteko, ez da baimen berezirik eskuratu beharrik”.

Etorkizuna

Etorkizunari begira, instalakuntzak hobetzeko gogoz daude Kepa eta Mila Bira elkarteko kideak. “Lurrezko pista bat egitea, adibidez, oso erraza da, baina gure autoek asfalto gainean ibili behar dute, eta konplikatuagoa da toki egokia bilatzea. Momentuz konforme gaude daukagunarekin, baina lehiaketak antolatzeko edo gure elkartea hazi ahal izateko, zirkuitu hobea beharko genuke eta horretarako, erakunderen baten laguntza beharko genuke”, azaldu du. “Bilbon badute konpetiziorako pista bat, Nafarroako San Adrianen dago beste bat, eta Arabako Gamarran ere badute. Gipuzkoan horrelakorik ez egotea oztopo handia da guretzat eta horren aldeko lana egingo dugu. Guretzako aukerarik hoberena, pabilioi bat lortzea izango litzateke, euritik babestuta aritu ahal izateko”, azaldu du Kepak.

Erakustaldiak antolatzen hasiak dira Mila Birako kideak. Apirilaren 29an, Arroako plazan elkartuko dira euren autoekin nola ibiltzen diren erakusteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!