Euskararen aldeko festa koloretsua larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 26a, 02:00

Eguerdian emango diote hasiera jaiari trikijirarekin, Juanita Alkain plazan. Ondoren, bazkaria eta jolas ezberdinak egingo dira herriko txoko ezberdinak bisitatuz. Arratsaldean, Andoain kolorez jantziko dute Holly festarekin.

Nerabeen artean euskara sustatzea da Zabalik taldearen helburu nagusia. Hamabost nerabek eta sei hezitzailek osatzen dute taldea, eta astean behin elkartzen dira Andoaingo gazteen artean euskara sustatzeko ekimenak antolatzeko. Horietako bat da larunbat honetan izango dena.

Lidergotza, ekintzailetza eta berrikuntza gradua ikasten ari diren sei hezitzailek gidatzen dute taldea. Horien artean da Ekiñe Izagirre, eta azaldu duenez, "nerabeei bozgorailu lana egin nahi diegu, beraiek aktibo eta ekintzaile bilakatzen lagunduz". Proiektu bat hutsetik abiatuta nola aurrera eramaten den ikasi dute nerabeek festa antolatzearekin batera. Lehenik, zein ekimen egin pentsatu dute ideia ezberdinak aztertuaz. Bigarrenik, kalera irten dira nerabeei euskara sustatzeko zein ekimenetan parte hartu nahiko luketen galdetzera, eta azkenik, festarako aurrekontua egiten ikasi dute. Orain, marketing lanean ari dira buru-belarri. "Ideiak guk geuk proposatzen ditugu, eta hezitzaileek ideia horiek aurrera eramaten laguntzen digute", azaldu du June Korta nerabeak.

Aita Larramendi ikastolako, Ondarreta ikastetxeko eta La Salle Berrozpe ikastetxeko nerabeak dira Zabalik proiektuan parte-hartzen dutenak, eta elkarren artean harremanak sendotzeko bide izan dela adierazi dute. "Lehen bistaz baino ez ginen ezagutzen, orain konfiantza gehiago dago gure artean", esan du Aizpea Miner nerabeak.

Nerabeak eta euskara
Andoaingo nerabeen artean euskara gutxi praktikatzen delakoan dira Zabalik taldeko gazteak. "Gure helburua herrian euskara bultzatzea da, ikusten baitugu ez dela askorik erabiltzen nerabeen artean. Helburu horrekin gustura eta pozik etortzen gara asteroko zitara", argitu du Minerrek. Euskaraz gutxi hitz egitearen arrazoiaz galdetzean, lagun taldeak eragin handia duela horretan adierazi dute taldeko nerabeek, sarritan euskaraz mintzatzeari "paso" eginez.

Holly festa
"Andoain euskaraz koloreztatuz" da Zabalik taldearen leloa, eta mezu hori zabalduz antolatu dute Holly festa. Elkarri koloretako hautsak jaurtitzean datza ekimena. "Koloretako hautsekin herriari bizitasuna eta euskarari alaitasuna eman nahi diogu", azaldu du Izagirrek. Hori dela eta, kamiseta zuriekin joateko deia egin dute. Euskara sustatzeko bestelako ekimenak ere egingo dituzte, hala nola, euskal abestiak ipiniko dituzte herri-kiroletan nahiz egiten diren joko ezberdinetan. Herriko eta inguruko nerabeak festara etortzera animatzen dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!