Errefuxiatuen aldeko karabana Andoainen izango da larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 25a, 02:00

SAPA armagintza enpresaren aurrean egingo du geldialdia Mugak Zabalduz karabanak larunbatean 13:00etan; enpresa horren produkzioaren zati bat armagintzara bideratzen baita. Karabanak Hendaia izango du abiapuntu, migratzaileentzako atxikitze gune bat eraikiko duten lekuan.

 

 

 

Honako ibilbidea egingo du karabanak Andoainen:

  • 13:00 Konzentrazioa SAPA fabrikaren aurrean.
  • 13:30 Kalejira Andoainera: SAPAtik oinez Udaletxera eta handik Zumeara.
  • Ondoren, bazkaria norberak etxetik ekarritakoarekin.
  • 16:30 Autobusa irtengo da Iruñeara.

2016 eta 2017 urteetan hurrenez hurren Grezia eta Melilla izan zuten helburu errefuxiatuekiko elkartasun karabanek: ekimen hauek EBren politika ekonomikoek gerrak sortarazten dituztela salatzea zuen helburu,eta nabarmen jartzea politika geo-estrategiko hauen ondorioz beraien herrialdea uzten duten milaka pertsonek mugen itxieren eta Atzerritartasun Legeen ondorioak pairatzen dituztela.

Aurten karabanak Euskal Herrian barne egingo du bere ibilbidea, hemen ematen diren praktika politiko eta ekonomikoek gerren eta migratzaile zein errefuxiatuen egoerarekin duten harremana azalerazi asmoz. Apirilaren 28an Hendaia izango du abiapuntu karabanak, migratzaileentzako atxikitze gune bat eraikiko duten lekuan.

Andoaingo SAPA armagintza enpresaren aurrean egingo du geldialdia karabanak 13:00etan. Enpresa horren produkzioaren zati bat armagintzara bideratzen da, eta adibidez Leopard Tankeen abiadura kaxa edo hegazkinen aurkako kanoien mantentze lanak egin izan dituzte eta Espainia, Turkia edo Estatu Batuetako armadak izan dira bere bezero.

Bere historian zehar, SAPAk ere produkzio zibila izan du. 60. hamarkadan trenetarako edo autogintzarako elementuak egin zituen eta baita ohialgintzarako makinaria ere: horregatik, giza eskubideen ikuspuntutik onuragarria izango litzateke produkzio militarra utzi eta produkzio zibilaren aldeko erabateko apustua egitea, eta bide horretan erakundeen laguntza izatea.   

Karabanak Bardeetako tiro-poligonoan ere egingo du geldialdia, Iruñea, Gasteiz eta Bilbon migratzaileen eta errefuxiatuen bizi baldintzen aldeko aldarrikapenak egingo dira eta BIlboko Portuan Saudi Arabiara egiten den armen trafikoa salatuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!