Pikabea irabazle aizkora eta lasterka apustuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 24a, 02:00

Rosario Pikabea hernaniarra Jon Arizmendi andoaindarra baino gehiago izan da  aizkoran eta korrika, Hernanin arratsaldean jokatu den apustuan.

[Argazkiak] [Bideoa]

Pikabeak 24:06ko denbora behar izan du 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko ebakitzeko; Arizmendik, berriz, 25:14. Aizkoran ez da hainbesteko aldea sumatu biren artean, baina bestelako kontua izan da lasterka. Ereñozu auzoko kirolariak 33:46ko denbora egin du ehun metroko eraztunari 70 itzuli emateko. Arizmendik 38:44etan amaitu du lasterketako lana.  

Aurre ikusmenei kasu eginez gero, bazirudien Arizmendi gehixeago izango zela aizkoran; eginbehar horretan aldea aterako ziola eta lasterkako frogan helduko zela lehia bizia. Ez da hala izan, Pikabea oso atleta bikaina dela erakutsi baitu, eta aizkoran aisa aritu da.

Hirureun bat ikusle bildu dira Jauregi jatetxeko zelaian, eta kirol ikuskizunarekin nahikoa gozatu du, nahiz eta ia norgehiagoka osoan Pikabearen nagusitasuna ez den egon zalantzan. Bi kirolariek zaletu ugari erakarri dituzte joko zelaira, eta horien animoak etengabe jaso dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!