Egin beharreko lanak hauexek izango dira: aizkoran 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko, eta lasterka, 7 kilometro (70 itzuli 100 metroko eraztunari).
Aiurrik Jon Arizmendirekin asteartean egin zuen hitzordua Merdilegi baserrian, Goiburu auzoan. Aizkorarekin saioa egiteko asmotan zebilen: “Gaur egingo dut azkeneko saioa. Larunbatera fresko iritsi nahi dut; azken egunetan egiten direnak ez dute askorako balio, kalterako gehiago igual”. Apustua iristeko gosez zegoela aitortu zigun. “Plazara ateratzeko sasoi onean nagoela esango nuke. Motibazio aldetik, astez aste goraka egin dut. Izan ere, orain bi hilabete eta erdi, korrika gorputza gehiegi behartu eta errenka itzuli nintzen etxera. Hiru asteko etenaldia eduki nuen prestakuntzan; beldurra sartu zitzaidan gorputzean, eta apustua lotzeko egunean ere halaxe joan nintzen Jauregi jatetxera, minduta eta pixka bat ezkor. Nolanahi ere, eskerrak eman behar dizkiot nire neska lagunari –Miren Altuna–; fisioa da eta bere eskuek miraria egin dute. Ez daukat aitzakiarik. Prest nago”.
Badauka bigarren arrazoia neska lagunarekin esker oneko egoteko: “apustuaren kontuak tentsioan jartzen zaitu, eta izaera ere aldatzen dizu. Mirenek aitortu izan dit erretxin samarra sumatzen nauela”.
Pikabea ala bera, nor ikusten duen irabazle galdetuta, zera dio: “Argi daukat aizkoran atera beharko diodala abantaila, jai daukat gainerakoan. Lasterka bera bizkorragoa da; hogei kiloko diferentzia daukagu, eta ez da alferrikako kontua korrika!”.
Apustua, ikuskizun
Inguruan desafioa zer esana ematen ari dela adierazi du Arizmendik. “Herri-kirol proba polita ikustera eta ni animatzera doazela esaten didate denek. Pikabeak ere adierazi dit bere inguruko jendea azalduko dela. Ederra litzateke saltsa pixka bat sortzea lortuko bagenu, herri kirolaren mesedetan”.
Kezka bat darabil buruan, nagusiki, jendearengan sortutako espektatibarik ez zapuztea”. Ion Beloki izango da frogako esataria.