Txaranga doinuek alaituko dute Andoain, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 20a, 02:00

"Txarangatzen" ekimenaren sustatzailea Gora Kale Txiki izan da. Txaranga ugari hurbilduko dira herrigunera.

Gipuzkoako zazpi txaranga Andoaingo kaleetan barrena ibiliko dira, larunbatean: Deiadar (Errenteria), Gautxori (Lasarte-Oria), Oria (Tolosa), Urumea (Hernani), Talai Mendi (Orio) eta Tximeletak (Donostia) eta bertako Gora Kale Txiki. Ez ohiko musikarien topaketa osatuko dute, eta normalean musika iristen ez den Andoaingo auzo eta kaleetan txarangek berarekin dakarten festa giroa zabalduko dute. 12:00etan Bastero plazan bilduko dira, ekitaldiari hasiera emanez.

Bertan, Joxe Mari Oiartzabalek Txarangatzen topaketari begira espreski sortu duen abestia interpretatuko dute guztiek. Ondoren, nork bere bidea hartuko du. 14:00etan, Leizaran jatetxean bilduko dira guztiak, bazkaltzeko. Txarangak kalean zehar dabiltzala, partaideek hamaiketakoaz gozatzeko aukera edukiko dute zenbait elkarte gastronomikotan. Aldi berean, Salkinek bultzatuta, pintxo pote berezia izango da. Aurreko egunetan dendetan erosleek txartelak eskuratu ahal izango dituzte, larunbatean erabiltzeko.

"Txarangatzen" ekimenarekin bat egin du Udaleko Kultura Sailak, eta 1.800 euroko diru-laguntza onartu du tren turistikoa jartzeko, herriko giroa eta merkataritza sustatzeko asmoz. Trena 10:00etatik 12:00ak arte egongo da herritarrentzat. Irteera Kale Nagusian izango du, Bastero Kulturgunearen ondoan, eta ibilbide bakoitzak 15-20 minutuko iraupena izango du. 12:00etatik 14:00k bitarte txarangak herriko auzo ezberdinetara eramateko erabiliko da trena. Honela, Txarangatzen ekimenaren giroa, herriaren erdigunean ez ezik, auzo
ezberdinetan ere gozatzeko aukera izango dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!