“Igandeko aurkezpen ekitaldia berezia izango da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 20a, 02:00

Alberto Irazu idazle andoaindarrak "Rocka puntua!" liburua aurkeztuko du igandean Andoaingo gaztetxean, 18:00etatik aurrera. Bertsolaritzaren eta gaztetxeen arteko harremana aztertu ditu liburuan.

Segidan, mahai-ingurua helduko da gaztetxe zaharreko kideekin, musikariekin eta Puntuka bertso-eskolako kideekin. Solasaldiak kito egin ostean, 19:15ak aldera, bertso saioaren txanda izango da. Eta saioari amaiera emateko, Pekozza United taldeak musika kontzertua eskainiko du.

Nondik nora joango da zure aurkezpena?
“Rocka puntua!” idaztea bidaia modukoa izan da, zenbait fanzine eta liburu, abesti eta bertsotan barrena egindako bidaia bat, hain zuzen. Beraz, nire asmoa horixe da: Gaztetxera etortzen den jendeari bidaia hori nirekin batera eginaraztea. Horretarako fanzineak, binilozko disko zaharrak eramango ditut Gaztetxera.

Liburuan aitzindaritzat jotzen duzu Andoaingo Gaztetxe zaharra, rocka eta bertsoa uztartzeko saiakeran...
Orain ahaztuta gaude, baina Bap! taldeak lauko handi bat kantatuta hasi ohi zituen bere hasiera-hasierako kontzertuak, eta Ximorra taldeak ere bertsoak kantatzen zituen punk erara. Uztarketa horretan Bap! eta Ximorra lehenetakoak izan ziren.

Dudarik gabe, Gaztetxea bera bai izan zen aitzindaria: 80eko hamarkadan ez zen batere ohikoa gaztetxe batean bertso saioak antolatzea, eta Andoainen, 1985eko azaroan antolatu zuten lehendabizikoa, eta gainera, bertso saio horren kronika egin zuten “Pestea” izeneko fanzinean. Beraz, bertsoa gaztetxeen girora ekartzen lehen esperientzietako bat izan zen Andoaingoa, eta bertsoak fanzineetara ekartzen, bakarra.

Aurkezpena Gaztetxe zaharreko lagunekin eta orduko musika taldeetako kideekin egingo duzu.
Hiruzpalau aurkezpen egina nago han eta hemen, baina Andoaingoa berezia izango da. Izan ere, nik liburuan kontatzen ditudan gauza batzuk lehen pertsonan bizi izan zituzten lagunak hor izango direlako.

Zure bizitzako bi zaletasun, musika eta bertsoa, Andoaingo Gaztetxe zaharrean topatu zenituen.
Ez dut gezurrik esango: askoz harreman handiagoa izan dut musika munduarekin bertso munduarekin baino. Andoainen sekulako taldeak aurrez aurre ikusteko aukera izan genuen. Eta bertsolaritza ere asko interesatu zait.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!