"Igeriketa bizitzeko modua da niretzat"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 22a, 02:00

Udaberriko Espainiako Open txapelketan marka pertsonala hobetzea lortu du Mikel Esnal andoaindarrak. Malagan izan zen, joan zen apirilaren 7tik 11ra bitarte. Estatuko eta atzerriko seiehun igerilari inguruk hartu du parte bertan.

Marka pertsonala hobetzea lortu duzu 50 tximeleta proban, Espainiako Txapelketan 26,41ekoarekin. Gustura, egindako lanarekin?
Gustura bai, baina era berean sentsazio gazi-gozoarekin. Iaz igeriketan geldialdi txiki bat egiteko erabakia hartu nuen, eta denboraldia lehiatu gabe igaro nuen. Urtarrilean ekin nion gogor entrenatzeari; lau egunetan uretan, eta beste hiru egunetan gimnasioan. Helburua nire marka onenaren denbora jaistea zen, eta baita nire burua lehiatzeko gai ikustea ere. Ikusita 3-4 hilabete entrenatuta joan naizela Espainiako Txapelketara, pozik nago lortutako emaitzarekin. Gustu handiz hartzen da marka jaistea. Aurreko marka hoberenak denboraldi gogor eta momentu on batean harrapatu ninduen, eta marka hori haustea, egon naizen egoeran, egonda oso pozgarria da.

Estatuko eta atzerriko igerilari handienak biltzen ditu Espainiako Txapelketak. Maila handiko txapelketa beraz…
5 eguneko konpetizioa izan da. Estatu mailako 600 igerilari hoberenak izan dira bertan junior, absolutu eta absolutu gazte mailan. 50 tximeleta proban 45 igerilari inguru ginen.

Zer moduzko esperientzia izan da?
Espainiako mailan lehiatzea pozgarria da. Aurretik egonda nengoen, orain dela bi urte edo. Estatu mailako igerilariak ikusten dituzu maila mundialean, europearrean edota olinpiadetan lehiatu direnak. Jende oso ona dago bertan.

Fisikoki prestatzeaz gain, psikikoki ere entrenatu beharko da...
Gipuzkoako edota Euskadiko Txapelketak izan dira gehien prestatu ditudanak, eta oso urduri jarri naiz bietan. Presio handia jartzen diot nire buruari.  Aurten lehiatzera bai, baina batez ere disfrutatzera joan naiz.

Ikasketek eta lanak kentzen dizute entrenatzeko denbora gehiena. Zeini ematen diozu lehentasuna antolatzerako orduan?
Txandakako ingeniaritza ikasten ari naiz Elgoibarko Makina Erreminta eskolan. Lana eta ikasketak uztartzeko modua dut era horretan. Aurreko urteetan lehentasuna igeriketak izan du, baina egun ikasketek hartu dute lehentasuna. Hala ere, ez dut igeriketa alde batera utzi nahi.

Zer darabilzu orain eskuartean?
Orain egunean egunekoa bizi, egutegia begiratu eta uztailean diren udako Espainiako txapelketari begira jarri naiz. Nire gorputzak nola eboluzionatzen duen ikusi, eta nire burua gai ikusten badut lehiatuko naiz. Eta, noski, Borja Apeztegia entrenatzaileak ere ondo ikusiz gero, konfiantza ematen dit.

Igeriketak asko eman dit, eta gauza asko erakutsi dizkit: disziplina, sakrifizioa... ikusi dut gauzak lanetik datozela… Nire bikotea ere uretan ezagutu dut. Nire bizitzeko modua izan da, eta etorkizunean ere horrela izatea nahi dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!