Leitzako Udaletxean aurkeztu zuten liburua joan zen astearte iluntzean, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna argitaratzaile izanik. Idazlea berak eta Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian.
Unanuek adierazi zuenez, “Euskal Herriaren iruditerian ongi finkatuta daukagu artzainaren eta artaldearen irudia gure mendi eta larreetan barrena, antzinako gizartearen ia funtsezko ogibide gisa. Leitzalarreko unaiak liburu honetan, ordea, Patziku Perurenaren tesi ausart bezain agiriz ongi hornitua aurkezten dugu, non argi eta garbi azaltzen den Leitzalarreko sarobeetan garai batean ez zirela ardiak bazkatzen, behiak baizik, nola Leitza bertakoak hala inguruko herrietakoak, edo Baztan aldetik zein Gipuzkoako Beterritik ekarritakoak ere, eta ardia oso berandu arte ez zela sartu hemen, askok menderen mendetatik bertakoa zela uste izan arren...”.
Perurenak ohi duen zorroztasunez, datu harrigarri ugari bildu ditu ikerlanean; besteak beste, XVII. eta XVIII. mendeetan Gipuzkoa aldeko Andoain, Urnieta, Aduna, Amasa, Usurbil eta Zizurkilgo baserri aberatsenetatik ehundaka behi eramaten zituztela urtero, gehienbat uda sasoian, Nafarroako Leitzalarre, Aritz eta Akango mendietara, bertako sarobeetan bazkatzera. Horretarako, larre-saria eta mugasariak ordaindu behar izaten zituzten baserritar jauntxoek. “Leitzalarrerako joera horrek eta azienda itzel horien joan etorriak gainbehera egin zuen XVIII. mendean”, gaineratu zuen Unanuek.
Datu historikoak, etnografikoak eta filologikoak aztergai hartuta, behiak, eta ondorioz zezenak, Leitzaran/Urumea aldeko herriotan izan duen garrantzia erakusten du liburuak, nola eguneroko bizimoduan hala ospakizun giroan ere.
Artxiboak arakatzetik bildutako informazio jakingarria
Perurenak, ikerlanaren gaineko makina bat xehetasun azaldu zituen Leitzako udaletxean egindako aurkezpenean. Ikerlanaren sorburuaz jardun zuen lehenbizi. Hain zuzen ere, Leitzako udal artxiboan aurkitu zuen “Cuentas de Vaqueros años 1683 a 1771” kontu-liburuak eman zion bidea liburuaren lehen zatia landu zezan. “Udal liburua gairik gai desglosatzea izan da nire lana, gaurko irakurleak orduko usadioaren berri errazago jaso dezan. Unaien liburu honek, beste gauza askoren artean erakusten digu, Baztango eta Gipuzkoako Beterriko jauntxoek nola ekartzen zituzten beren behiak Leitzalarreko sarobeetara, eta usadio horrek nola sortzen zuen hainbeste herrien arteko giza-harremana, Azpilikuetako herritik hasi eta Igeldo auzorainoko guztian”.
Mende beteko giza harreman oparo horren lekuko, Iruritako Perunea etxetik Leitzara unai etorritako Migel Perurenaren ibilerak sortu zitzaizkiola artxiboetako arakatze lanetan, adierazi zuen Patziku Perurenak. “Ez baitzen alferrik gure Iñaki Perurena famatuaren odoleko. Bai, bai, harri-jasotzaile ez ezik, euskal labeldun zekor-hazle eta harakin ere baden Iñaki famatuak ere, Baztanetik Leitzalarrera etorritako unai harekintxe finkatu zituen lehen erroak Leitzan”.
Zezenak plazan Goizuetan eta Leitzan
“Zezenak plazan Goizuetan eta Leitzan 1578-2017” izenburua daraman atal berezia dakar liburuak. Herri kirolak (harri-jasotzea, aizkora, sega, estropadak...) euskal jendarteak eguneroko langintzak joko bihurtu eta plazetara eraman duela gogoratu ostean, zezenekin ere antzeko prozesua gertatu dela adierazi zuen Perurenak. “Ezin nuen bazterrean utzi plazako zezenen gaia, nolabait esan, unaien lana festa bihurtu duen jokorik zaharrena eta errotuena izan baita gure herrietan, mendez mende. Aurrena ahaztu eta gero gehisko liluratu, beharbada; izan ere, larre-behiez eta unaiez ari den ikerlan batek izan zezakeen bukaerarik ederrena zela ikusi bainuen plazako zezen-festa. Baina argialdi horrek Leitzalarretik Anizlarrera eraman nau, eta horregatik "Goizueta: zezenak plazan (1601-2017") izeneko atala, honetan Leitzak ez bezalako sona izan duela jakinik Goizuetak”. Azken iritzi hori indartzeko, honako kantua berritu zuen: “Goizuetan badirade zezenak Espainian diraden hobenak / zizti ti zazta ezpatarekin hiltzen ez direnak”.
Trilogia baten lehen zatia
Perurenak aitortu zuenez, asteartean udaletxean aurkeztu zuen liburua azken urtetan esku artean darabilen trilogia baten aurreneko zatia da. Iraganeko euskal munduaren garapen historikoa kronologikoki kontatzen du trilogia horrek. Plazaratu den liburuak, Erregimen zaharreko jauntxoen sarobe-behi-unai bazkatze sistema eta horren akabera deskribatzen du. Bigarrengoak, aipatu akaberak herri bazterretan eta mendi hegaletan arta-lurren eta baserrien sorrera azalduko du. Hirugarrenak, azkenik, herri inguruetan gertatu zen baserri eta luberrien zabalkunde horren ondoren, haragoko goi-mendietan behia urritu eta ardia gailentzeak ekarri zuen ardi-borden sorrera emango du aditzera.
Patziku, saiakeragile bikaina
Jon Unanuek saiakeragile gisa Perurenak euskal ikerkuntzan irabazia daukan tokia aldarrikatu nahi izan zuen. “Patziku aski ezaguna literaturan, argitaratu dituen lanengatik ez ezik, saiakeraren arloan egin dituenengatik ere. Leitza, Goizuetan eta Nafarroako artxiboetan zer suma eta zer ikertzeari ekin dio azken urtetan. Nere lagun zahar batek esango lukeen bezala, artxiboetako pozoi beltza probatu du eta behin hori dastatuta, artxiboen deia jasotzen ari da behin eta berriro”.
Unanuek Perurenaren ikerlari estiloa nabarmendu zuen. “Estiloa eta ausardia ditu azpimarratzekoak. Batzuetan agian ez du asmatuko, baina jakintza handia erakusteaz gain, ikerketarako intuizio ikaragarria dauka. Eta ausarta da; iruditzen zaionean jakintza aitortuagoko ikerlari batek gauza bat esan duela, baina horrek kirrinka egiten diola, gaiari helduko dio eta berak aztertutakoa botako du.
Perurenak egin dituen saiakera liburuak aipatu zituen Unanuek. Besteak beste, Goizuetan bada gizon bat. Trabukoren kantako misterioak izan zuen hizpide. “Hartan bezala, gaurkoan aurkezten dugun liburuan ere estilo hori azaltzen zaigu, garbi. Liburuko lerroetan barrena ez du bakar-bakarrik ikertu duena kontatzen, baita ere, askotan, hitzak, izenak, esamoldeak... aipatzen dizkio irakurleari. Amua jartzen dio. Azken batean, lan ederrak argitaratu ditu, gozatzeko lanak utzi ditu; begiratu batean astunak direla ematen dutenak, dokumentazio asko dakartenez gero. Baina denbora hartuz eta pixkanakako irakurketa eskainiz gero, konturatzen da bat ikaragarrizko lezioak ari dela zabaltzen Perurena”.