Bertso-eskolari emango diote protagonismoa larunbateko festan. Bertso-eskolaren estreinaldia izango da 18:30etatik aurrera, eta bertan herriko bertsolariek eta eskolako ikasleek hartuko dute parte.
Arratsaldeko beste ekimen garrantzitsua erronka izango da. Poxta Zaharreko kide izan direnen eta egun direnen arteko norgehiagoka ikusteko aukera egongo da, 16:30etan hasita. Lear herriko musika taldea arduratuko da arratsaldeko giroa alaitzeaz, 19:00etan eskainiko duen kontzertuarekin.
Afari herrikoirako menua hauxe: pasta entsalada, albondigak eta sorbetea. Tiketak 10 eurotan daude salgai osteguna arte Xauxar, Kantoi eta Guria tabernetan. Afarira edalontzi berrerabilgarriak eramatea eskatu dute antolatzaileek. Ez duenak, euro batean eskura dezake egunean bertan.
Gauean hiru kontzertuz gozatzeko aukera egongo da 23:00etan hasita. Sad Mirri, Makal & Global Funk Sound System eta DJ Albabarruna. Saroben eta San Juan plazan izango dira kontzertuak. Gainontzean, festa bere osotasunean plazan ospatuko da; eguraldi txarra eginez gero, Egape ikastolako jolastoki estalian.
Elkartera batzeko aldarria
Larunbateko festak mezu jakina darama atzean. Urnietako gazteak Poxta Zahar elkartera batzeko aldarria egin dute Josu Gines eta David Cuenca elkarteko kideek: "Polita da orain hamabost urte sortu zen elkarteak oraindik ekimenak antolatzen jarraitzea, eta hori posible izaten jarraitzeko nahi duen oro elkarteko kide izatera gonbidatuta dago".
Egun 17 eta 23 urte bitarteko 6 kuadrila inguruk osatzen dute Poxta Zahar Gazte Elkartea, eta ikasketak tarteko direla, jende gehiagoren beharrean aurkitzen dira urtean zehar ekimenak antolatzen jarraitzeko. "Gazte askok herritik kanpo ikasten dute, eta elkartea aktibo mantentzeko jende gehiago behar da".
Hurrengo jaiak
Hilabeteren buruan gazte festak ospatuko dira, eta larunbateko eguna amaitzean, begirada horretan jarriko dutela adierazi dute. Uda amaitzean, San Migel jaiei emango zaie hasiera. Jai horiek prestatzen ere laster hasi beharko dutela adierazi dute.