Kazetaritza sari eraberrituta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 19a, 02:00

“30 urte 10 mugarri” izango da aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren goiburu nagusia. Sariekin batera, euskarazko kazetaritzak egin duen bide oparoa ospatzeko eguna izango da. Udazkenean izango da sari banaketa ekitaldia.

“30 urte 10 mugarri” izango da aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren goiburu nagusia. Sariekin batera, euskarazko kazetaritzak egin duen bide oparoa ospatzeko eguna izango da. Ainara Rodriguez Andoaingo euskara zinegotziak eta sariketako epaimahai buruak prentsaurrekoan aipatu bezala, “Euskarak hedabideen munduan azken lauzpabost hamarkadatan egin duen jauzia eta euskarazko kazetaritzak Rikardo Arregi sariaz geroztik egin duen aurrerakada saritu nahi dugu”. Horretarako, azken urte hauetan aitzindari, erreferentzia nagusi, bidegile edota bide erakusle izan diren hamar mugarri aitortu eta saritzea izango da aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien helburu nagusia.

Udal ordezkariak prentsaurrekoan erantsi bezala, “Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak gaur egungo kazetaritza moldeetara egokitu behar du. Beti ere ohiko kazetaritzari bizkarra eman gabe. Hedabideek xede nagusi bezala beti izan baitute informazioa eta entretenimendua landu eta jendarteratzea”. Hori horrela, Esti Alkorta Eusko Jaurlaritzako euskara zuzendariak argi du aurtengo sariketarekin lortu nahi dutena; “Aurtengo edizioan orain arte euskarazko kazetaritzan egindako bidea saritu eta horrekin batera etorkizuna hauspotzeko baliatu nahi dugu”.

Iaz saritua izan zen Goiena telebistako 'Kulturrizketak' saioaren izenean, prentsaurrekoan izan zen Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia. Rikardo Arregik berak behin aipatu omen zuen bere nahietakoa aurrekoarekin apurtzea zela, eta hori aintzat harturik, telebista saioarekin antzeko zerbait egin nahi izan zutela aipatu zuen.

Aurtengo lehiaketaren oinarri nagusiak
Azken hamarkadatako euskal kazetaritzan une jakin batean aitzindari edo mugarri izan den oro saritzea da xede nagusia. Pertsonak, hedabideak, ibilbideak, sustapen lanak, erremintak edota kazetaritza-lan erreferentzialak izan direnak. Alkortak aipatu bezala, “ezinbestekoa izan da euskarazko komunikazioaren lana euskararen biziberritze prozesuan. Hainbat eragile, kazetari, gidoilari edota euskaltzaleren ekarpena saritu nahi dugu aurten. Lan oparo hori benetan eraginkorra izan baita euskara dagoen tokian egon dadin”. Horrez gain, Rodriguezek gogorarazi zuenez, egun kazetaritza “ez da prentsa idatziko erredakzio edo irrati eta telebistako estudio eta platoetara mugatzen. Baina horrek guztiak hor jarraitzen du, eta hor egiten den lanaren bikaintasuna saritzen jarraitu behar du datozen urteetan ere Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak”.

Sarituen aukeraketan parte-hartzeko modua
Sariak erabakitzeko epaimahaia osatu dute. Hauexek izango dira edizio berezi honetako partaideak: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allende Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoitia. Ainara Rodriguez izango da mahaiburua, eta udaleko euskara zerbitzuburu Patxi Baztarrika idazkaria.

Edonork proposa ditzake sarituak izan daitezken hamar mugarriak. Horretarako, proposamenak eta aukeraketaren zergatia emailez bidali beharko da, ekainaren 15a baino lehen, euskarazerbitzua@andoain.eus helbidera. Ondoren, mahaikideek proposamen guztiak aztertuko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!