Ehun mila pertsona inguru behar dituzte Donostia, Bilbo eta Gasteiz batzeko. Denera 201,9 kilometro osatuko dituzte eskuz-esku. Urnietarrek kilometro erdia bete beharko dute Aginagan (Usurbil), eta horretarako 250 lagun behar dituzte. Pasa den ostiralean egin zuten lehen agerraldi publikoa Urnietako Gure Esku Dago ekimeneko kideek. Informazio karpa jarri zuten Zaldundegi plazan ekainaren 10ean burutuko den ekimenaz informatzeko. Izena ematen duen pertsonak Gure Esku Dago mugimenduari atxikimendua adierazten dio, eta era berean, erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera erakusten du. Bost euroko kostua du izena emateak, eta ordainetan zapia jasoko da, giza-katean erabili beharko dena. Bestalde, kamisetak erosteko aukera ere egon zen. Arratsaldea girotzen Txanbolin txistulari taldekoak aritu ziren, kalejiran.
Urnietako Gure Esku Dago taldea martxan jarri da
Lander Cia Urnietako Gure Esku Dago ekimeneko kideak adierazi duenez, "guztiok elkarrekin egin beharreko ekintza da giza-katea. Berdin da zein alderdi politikoetakoak garen, denok elkartu eta gure eskubideak aldarrikatu behar ditugu".
Urnietarrak giza-katean izena ematera animatzeaz gain, bestelako helburu bat ere badu Gure Esku Dagok. "Euskal Herriko herri guztien artean 2019 arrazoi bilatuko ditugu, herritarrok egin nahi ditugun aldaketak erakusteko", azaldu du Iker Elgarresta Urnietako Gure Esku Dago ekimeneko kideak.