Iturria, udaberriko loraldiaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 15a, 02:00

Euskadi-Murias taldeko urnietarra Tour des Alps (Trentinoko Giroa) proban ariko da, astelehenean hasita. Astelehenean zortzi hilabete beteko dira Mikel Iturriak izterrezurra hautsi zuela, erorketa batean.

Orduz geroztik jo eta su aritu da errehabilitazioan, gimnasioan eta bizikletan, lesioa ahalik eta ondoen osatu, eta berriro bizikleta gainean lehiakor izateko esperantzarekin. Egunak mantso pasa dira, eta errekuperazioa poliki, baina Iturriak indartsu ikusten du bere burua, eta hasi berri den udaberrian hainbat proba korrituko ditu, helburu xume baino garrantzitsuarekin: “berriro lehiakor izatea, txirrindulari sentitzea”.

17 egunetan lehiatu da, eta esan beharrik ere ez, nabaritu du erritmo falta. Euskal Herriko itzulia korritu zuen taldean lekua bazeukan, sasoi puntu onean egon izan balitz, baina nahiago izan zuen Frantzia aldean proba batzuk korritu, eta sasoia findu, apirila, maiatza eta ekaineko lasterketei prestatuago ekiteko. Astelehenean hasiko du bi hilabete luzeko txangoa Europan barrena, eta nola, gainera. Italia eta Austrian da lehen hitzordua, Trentinoko Giroa zena (egun Tour des Alps da, ofizialki). Giroan aurrean ibili nahi duten txirrindularien gustuko itzulia da Trentino, World Tour-eko hainbat talde indartsu erakartzen dituena. Besteak beste, Froome eta Pinotekin batera lehiatuko da Dolomitetako malkar tenteetan.

{{IMG-40561}}

Apirilaren 22an Giro dell’Appenino korrituko du Euskadi-Murias taldeak, egun batez. Maiatzaren 4tik 6ra Madrilgo Itzulia, 8tik 13ra Dunkerqueko lau egunak, 16tik 20ra Norvegiako Itzulia, Luxenburgokoa ondoren, eta zikloa bukatzeko, Iturriak ondo ezagutzen duen proba: Route du Sud edo Hegoaldeko Itzulia (ekainak 14-17), eta Espainiako Txapelketa. Ez dio helmuga jakinik jarri nahi bere buruari: “Tropelean egon eta lehiatzeko gai naizela ikusita konforme nintzateke”.

Udaberria bukatzerako hankak erabat zukututa izango ditu Iturriak, baina denboraldia ez da orduan bukatuko. Asteartean baieztatu zen Euskadi-Murias taldeak Espainiako Vuelta korritzeko gonbidapena jasoko duela, ofizialki, eta hori, noski, berri bikaina da. Iturriak denboraldiko azken itzuli handia korrituko duen zortzikoan egon nahi luke, eta uda horretara bideratuko du, Donostiako Klasikoa eta Burgosko Itzulia korrituta. Taldeak ere badaki urteko lasterketa garrantzitsuena dela.

Alonso, iparraldeko klasikatan
Mikel Alonso Espainiako 23 urtez azpiko selekzioarekin lehiatzen aritu da Munduko Kopako bi probatan: Gante-Wevelgem eta Flandesko Tourra. Lehen proba bukatzea lortu zuen, ez bigarrena, Oude Kwaremont horman zulatu eta atzean geratu baitzen. Esperientzi ona izan dela dio Alonsok, “oso proba politak baitira”. Hurrengo asteetako plangintza ere bete-betea dauka: ZLM Tour selekzioarekin, eta Fundazioarekin Asturias eta Aragoiko Itzuliak, Espainiako Txapelketa eta Ronde d’Issard.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!