Bizitzako eskarmentu eta emozioetatik sortutako kantak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 13a, 02:00

Goi mailako piano interpretaria izan zen gaztetan, eta sortzaile gisa ekin zion orain lau urte; sormen jarioa agortezina bilakatu zaio.

Musika sortzearen bidetik jo duzu azken aldian. Zer dela eta?

Bai. Bederatzi kanta eginak dauzkat, eta hamargarrenarekin nabil oraintxe. Pianoaren aurrean jarri, eta ideiak, doinuak...  berez ari zaizkit isurtzen azken lau urtetan. Ama hil eta pare bat hilabetera ekin nion. Ez zen oso hausnartua izan, barru-barrutik irten zitzaidan. Ohartu nintzen on egiten zidala, barruko emozioak eta sentimenak askatzeko tresna egokia egiten zitzaidala.    

Zein estilokoak dira zure kantak?

Xuabeak dira, goxoak, erlaxagarriak; maitasuna dariela esango nuke. Gazteei igual irudituko zaie tristezia puntua transmititzen dutela, baina kontrakoa esango nuke nik: alaitasunarekin eta baikortasunarekin identifikatzen ditut. Musika minimalista eta new age estiloetako musikariak entzuten ditut asko, Wim Mertens, George Winston..., eta baliteke horien eragina edukitzea.

Hitzik ez daukate?

Ez diet jarri, ez. Baina egokiak izan litezke, esate baterako, poesia errezitaldi baten lagungarri. Primeran uztartuko lirateke, hitza aurretik eta musika atzetik.

Inspirazioa nondik datorkizu?

Sormen prozesuak ez dauka misteriorik. Ez da zerutik erortzen zaidan ahalmen dibinorik. Esan nezake eguneroko esperientziek sortzen dizkidaten emozioei uzten diedala bere bidea egin dezaten. Gizakiok bizi esperientzia diferenteak eduki ditzakegu, baina emozioetan ez gara hainbeste ezberdintzen; edonor identifika daiteke emozio horiekin.

Bizi esperientziak baliatzen ditut kantak sortzeko, esan bezala; hiru seme-alaben ama naizen aldetik, hortik jo dut zenbaitetan. Esate batera, gogoratzen naiz semeetako bati lehen parranda egitea egokitu zitzaionean. Bizi legea da, badakizu noizbait gertatzekoa dela eta konfidantza daukazu jarria semearengan; badakizu aske utzi behar dela bere bidea egin dezan, eta hartara zeu ere aske senti zaitezen. Baina buruhausteek ez dizute bakean uzten! Horrela, gogoeta eta sentimendu kontrajarri horiek bultzatu ninduten abesti bat egitera; amaren eta semearen arteko elkarrizketa moduan egituratu nuen abestia.


{{IMG-40518}}

Piano jotzailea izan zinen gaztetan, eta publikoari begirako kontzertuak eskaini zenituen.

Pianoko goi ikasketak egin nituen, eta aldian behin kontzertuak eskaini izan nituen, prestaketa moduan. Beti besteek sortutako piezak interpretatzen nituen. Alberto Agirre abesbatzarekin, dultzaineroekin, Junkal Gerrerorekin... ere zenbait emanaldi eskaini nituen. Abeletxe jatetxean, larunbat gauetan ordu pare bateko girotze kontzertuak ematen nituen tarteka; txandaka ibiltzen ginen Jon anaia, Borja Rubiños eta beste zenbait. Goi ikasketak bukatu eta Kataluniara joan nintzen pianoko teknika berriak ikastera; bizialdi hartan ere zenbait kontzertutan parte hartu nuen, taldekideekin batera. Baina azkenerako, utzi egin nuen. Gogorra egiten baita publikoaren aurrean jotzeko burua prestatu behar izatea. Gainera, bikotea, hiru haurrak... heldu ziren.

Geroztik pianoarekin lotuta jarraitu izan dut, ez dut inoiz baztertu, baina niretzako eta etxean. Garai polita izan zen hura, baina ez naiz atzera begira-zalea. Eskuartean daukagunak eta orainean bizi dugunak balio digu, eta horri eutsi behar diogu. Hori da nire bizi-filosofia.

Eta egun, ez zara animatzen jendaurrean kontzerturik ematera, kanta-sorta oinarri hartuta?

Helburu hori ez daukat sortzera jartzen naizenean, baina irekita nago. Proposamenen bat etorriko balitz, zergatik ez... Egia esan, egin izan ditut pare bat saio jendaurrean. Bata, Andoainen, Agustin Leitza kalean, garai batean familiak zeukan komertzioko egoitzan. Familia eta lagunak gonbidatu nituen, “nahi al dituzue entzun prestatu ditudan kantak?” galdetuta. 40 bat minutuko kontzertu txikia izan zen; kanta guztiak azalpenekin aurkeztu nituen. Gero aitortu zidatenez hunkigarria izan omen zen, emozio asko ibili omen zen gelan; malkoren bat edo beste sumatu nuen, bai.

Bigarren emanaldi txikia, Andoaingo zaharren egoitzan izan zen. Hango langile den ezagun batekin hitz egin ostean, piano digitala besapean hartu eta hara abiatu nintzen arratsalde batean. Beldur pixka bat baneukan, aspergarria izango ote nintzen aitona-amonentzat; tira, lagunak esan zidanez oso gustura egon ziren. Horixe zen nire asmoa, musikaren gozamena hurbilarazi, eta diferentea bihurtu haien bizitzako arratsalde bat.

Musikaren irakaskuntza duzu lanbide, egun.

Bai, hala da. Egia esan, filosofiaren ikasketak eraman ninduen hezkuntzara. Baina denbora aurrera joan ahala, musikaren bidetik jo ahal izan nuen. Sei urtez Txingudiko (Irun) institutuan aritu nintzen, DBHko ikasleekin. Iaztik, berriz, Orixe instituan nabil, Tolosan. Pozik nago lanbide honekin, mundu hori dut gustuko.   

Ez al zaizu iruditzen, gizarte honetan garrantzia jartzen dela musika interpretariak atera daitezen, eta ez musika sortzaileak?

Baliteke halaxe izatea. Gazteei gehiago kitzikatu beharko litzaieke sormenaren alderdi hori. Noski, denek ez dituzte edukiko doaiak sortzaile izateko, baina behintzat hori landu arazi, eta, geroak esan beza. Izan ere, pertsona guztiok, umetan batik bat, badaukagu gaitasun bereziren bat barru-barruan, eta hori deskubritzen eta azaleratzen laguntzen bazaigu, aberasgarria gerta dakiguke bizitzan zehar. Begira niri gertatu zaidana: 46 urte bete arte burutik pasa ere ez zitzaidan egiten sortzearena!

Oiartzun Labaien familiako senideak musikariak eta kantariak zarete. Gurasoengandik jasoko zenuten zaletasuna, ezta hala?

Aitak kanturako izugarrizko zaletasuna eduki zuen eta hori transmititu zigun seme-alaboi. Baina nire kasuan, amaren eragina izan zen nabarmenagoa. Mojetan pianoa jotzen ikasi zuen arren, gero etxean seme-alaben aurrean ez zuen jotzeko ohiturarik eduki. Behin, nik zortzi urte nituela, izebaren etxera joan, eta han egoten zen piano zahar eta desafinatuari heldu zion. Zirrara eragin zidan, emozionatu egin nintzen erabat, eta argi eduki nuen pianoa nire bizitzara lotuko zela harrezkero. Amak Begoña Tolaretxipi irakaslearengana eraman ninduen agudo, eta horrela ekin nion musikaren ikasketari.

Egia esan, musika-zale amorratua izan da familia, eta bitxia izango da, baina niri, askotan, bizilagunak etortzen zaizkit gogora. Oso jende ona egokitu zaigu aldamenean; pentsa, Jon anaia eta biok pianoa jo eta jo urtetan, notak makina bat aldiz errepikatzen aritu, eta kexarik ez dugu jaso inoiz!

 


Mikel Goenaga gogoan

2016ko martxoaren 16an hil zen Mikel Goenaga apaizari eskainia da Maite Oiartzunek sortu duen kantetako bat.

{{IMG-40517}}

Andoaingo Askagintza taldeko kideak, Mikel Goenaga barne, 90eko hamarkadan. Atzean: Begoña Calvo, Joxema Setien, Eva Pelaez, Maite Oiartzun, Karmen Rodriguez eta Jon Mikel Mujika. Aurrean: Xofor Oria, Juankar, Mikel Goenaga, Luis Eskudero, Jimmy Brosa eta Lontxo Oiartzabal.

Goenagak Andoainen egin zuen bizialdian (1984-1996) bertako gazte askorekin jardun zuen orpoz orpo, eta horietako bat izan zen Oiartzun. “Gaixo zegoela bixita egin nion eta egun hartatik nebilkien buruan”. Caritas elkarteak “Joxe Mari Olazabalen Bidea” saria emateko antolatutako ekitaldian interpretatu zuen Basteron joan den abenduan; entzuleek gozatua hartu zuten “Agur, lagun” piezarekin.

Goenagak izugarri markatu zuen Andoaingo belaunaldi gazte bat. “Oso fresko etorri zen, bere bizitzako momenturik utopikoenean. Gu ere halaxe harrapatu gintuen: herri giroa pizteko gogoz. Egia esan, Andoainen asko zegoen egiteko. Garai gogorrak ziren, gazteek aisialdirako alternatiba askorik ez, drogamenpekotasuna, heroina eskuz esku, ihesa... Bestalde, gaztetxearen eta Olinpiapopularren garai biziak ziren.

Mikelek Oiartzun eta Astigarragara abiatu behar izan zuen halako batean, eta harremanak hozten joan ziren derrigor, nahiz eta tarteka geratu afaltzeko.

Geroztik, gutako bakoitzak geure bizitzari ekin genion, familia, umeak... baina berak konpromisuari eutsi zion. Gogoratzen naiz behin nola esan zidan 38 pertsona emigrante erroldatuta zeuzkala etxean; arriskatzen segitzen zuen, gizarte justu baten alde”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!