Zizurkilgo Txakurkrosa, apirilaren 14an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 13a, 02:00

Zizurkilgo plazatik abiatuko dira korrikalariak eta euren txakurrak, arratsaldeko 18:00etan.
Sei kilometroko ibilbide ederra izango dute gozagarri.

Eneko Agirre da kirol proba bereziaren antolatzaile nagusia. Musherra da Eneko, txakurrek tiratako lerarekin lehiatzen da neguan, elur gainean. Alpeetan amaitu du aurtengo denboraldia, asebeteta. Larunbateko txakurkrosa antolatzen ari da orain, buru-belarri.

Ibilbide berria izango du aurtengo edizioak. “Aurreko bi edizioetako esperientziak erakutsita, irteera puntua aldatu dugu. Perot lantegiko belazean eman genion hasiera lasterketari lehen bi urtetan. Jendea bertara gerturatzen zen baina helmuga plazan zegoenez, berehala hasten zen ikusle mugimendua, plaza aldera. Egoera horri irtenbidea eman behar geniola iritzi genion. Horregatik, plazatik bertatik hasiko da aurtengo lasterketa”.

Plazan hasi, plazan amaitu

Plazatik abiatu eta elizaren albotik pasata, Kamio aldera joango dira korrikalariak eta euren txakurrak. Olatza baserriaren ondotik igaro eta Agerreko bidean barrena hilerri aldera joan ondoren, plazara itzuliko dira korrikalariak. Perot aldera jaitsi, Nekola, Xaldu eta Txiarra etxeen ingurutik pasa eta Olentzo aldeko belazeetan barrena korrikaldia egin ondoren, Perotetik gora plazako helmugara iritsiko dira. “Plazara gerturatzen diren ikusleek, beraz, hiru aldiz ikusiko dituzte korrikalariak. Lasterketa nola doan jarraitzea errazagoa izango da modu horretan”, azaldu du Enekok.

Euskal Herriko txapelketa

Euskal Herriko Txakurkros txapelketako azken froga puntuagarria izango da Zizurkilgoa. “Sari-banaketa ekitaldia, beraz, berezia izango da. Izan ere, Zizurkilgo txakurkroseko irabazleak saritzeaz gain, Euskal Herriko txapelketako sari-banaketa ere egingo baita”. 50-60 parte hartzaile espero dituzte plazako irteera puntuan. “Euskal Herriko txapelketako azken froga denez, jokoan zerbait duten guztiak izango dira bertan. Posturik jokatzen ez dutenek berriz, nekearen arabera hartuko dute parte. Denboraldiaren amaiera denez, nekea pilatu egiten da eta baliteke zenbaitek ez parte hartzeko erabakia hartzea”, azaldu du Enekok.

Irteera, taldeka

Irteera mailakatua izango da. 30 segunduz behin, korrikalari taldetxo bat aterako da. “Txakurrak urduri egoten dira irteeran eta garrantzitsua da talde txikietan abitzea”, azpimarratu du. Junior, senior eta beteranoen mailatan lehiatuko dira parte-hartzaileak, baina guztiek bete beharko dute 6 kilometroko luzera duen ibilbide bera.

Ez dute eguraldi onik espero, “baina ziur nago ez dela iazkoa bezain txarra izango. Lasterketa hasi baino pixka bat lehenago errekan sartuta ibili behar izan nuen, zubirik ez zelako ikusi ere egiten. Ikaragarrizko euri pila egin zuen eta antolaketa oso zaila izan zen. Neka-neka eginda eta blai bukatu genuen guztiek ere”. Aurtengo eguraldi iragarpenak euri pixka bat egin dezakeela esaten badu ere, badirudi korrikalari zein antolatzaile eta ikusleek gozatzeko aukera izango dutela.

18:00etan, puntuan

Arratsaldeko 18:00etan dago iragarrita irteera ordua. “Oso eguraldi beroa egingo balu, atzeratu egingo genuke pixka bat. Txakurrek oso gaizki pasatzen dute beroarekin eta freskura bilatu behar izaten da lasterketa ordua finkatzeko garaian. Aurten, ez dirudi beroa arazo izango denik eta ia ziurtasun osoz esan dezakegu 18:00etan hasiko dela txakurkrosa”.

Antolatzaile lanetan aritzea egokituko zaio Eneko Agirreri. “Aurreko urtetan korrika atera izan naiz, baina ez dut gozatzen. Baliza guztiak ondo ote dauden begiratzen joaten naiz, tentsioan. Aurten ez dut txakurkrosean korrika parte hartuko. Irteerak ematen ariko den norbait topatzen badut, txakurrez tiratako lerarekin aterako naiz beharbada. Lasterkarien aurretik joango nintzateke, erakustaldi gisa, eta lasterkariei ibilbide berria erakusteko asmoz”.
 


Lekkarod musher frogan
{{IMG-40498}}

Martxoaren 14tik 23ra, Frantziako Alpeetan jokatu zen Lekkarod frogan parte hartu zuen Eneko Agirre musherrak. Sei txakurrez tiratako lerarekin lehiatu zen. Esperientzia gogorra bezain polita izan zela aitortu du Enekok.

Iaz ere froga berean izan zen Eneko. “Ordukoan, amaitzea zen nire helburu nagusia. Bederatzi eguneko froga da, oso aldapa gogorrak dituena. Ez nekien bederatzi egunei eusteko gaitasuna izango ote nuen edo ez. Iazko helburua beteta, aurten noraino iristeko gaitasuna ote nuen ikusi nahi nuen. Ahalik eta ondoen lehiatzea izan zen nire buruari jarritako erronka”.

Baldintza ikaragarriak

Berez oso gogorra den froga, are eta gogorragoa egin zuten baldintzek. “Ikaragarrizko elur pila zegoen eta frogak iraun zuen egunetan, gehiago bota zuen. Elurrari ez zion asentatu eta egonkortzeko denborarik ere ematen. Erabat elur hautsetan ibili beharra oso nekagarria zen. Berez ere ibilbide gogorra du frogak. 1800 metro positiboko desnibela ere izan genuen pare bat egunetan eta azken hiru egunetan 40 kilometro inguruko ibilbide luzeak”. Gauez egin beharreko etapak ere izan zituzten eta Enekori galduta ibiltzea ere egokitu zitzaion. “Behar baino kilometro gehiago egin nituen. Egia esan, ez nintzen konturatu helmugara iritsi arte. Ustez bide onetik egin nuen ibilbidea, baina egin nuen kilometro kopurua zenbatuta, garbi zegoen galduta ibili nintzela”, azaldu du.

Elurjauziak

Botatako elur kantitate itzelak arazo bat baino gehiago ekarri zien antolatzaileei. “Elurjauzi arriskuagatik bertan behera utzi behar izan zuten etapa bat. Arrisku handiegia zela eta, ez egiteko erabakia hartu zuten. Eta eskerrak. Lasterketak igaro behar zuen ibilbidean elurjauzi handi bat izan zen gauean. Egun argiz oso ondo ikusten zen zenbateko elurjauzia izan zen, ikaragarria. Norbait harrapatu izan balu ezbehar handiren bat gertatuko litzateke, ziur”. Eskiko pistetan barrena ibili ziren parte hartzaileak, makinek egokitu ondoren. Helikopteroak ere sumatu zituzten lanean, arriskua zegoen gunetan elurjauzi kontrolatuak eragiten.

{{IMG-40499}}

Andatzatik Alpeetara

Sei txakurrez tiratutako lerarekin lehiatu zen Eneko. “Lekkarod bezalako froga batera iristea ikaragarria da niretzat. Kontuan hartu behar da Euskal Herrian bizi naizela eta hemen oso gutxitan izaten dudala txakurrekin elurretan entrenatzeko aukerarik. Andatza aldean ibiltzen naiz, lokatzetan. Lekkaroderako sailkatu izana lorpen handia da”.

Zortzi txakur eraman zituen Enekok Lekkarod frogara. Sei txakurrekin lehiatu arren, beste bi eramateko aukera uzten baitu antolakuntzak. “Modu horretan, bi txakur atseden hartzen uzten dituzu etapa bakoitzean eta, hurrengorako, freskoago egoten dira”.

{{IMG-40512}}

Laugarren

Hirugarren eta laugarren postu inguruan ibili zen Eneko frogan zehar. “Seigarren etapan, txakur bat lesionatu zitzaidan. Txakur hura leran sartu, eta bost txakurrekin amaitu nuen etapa. Hamaika minutu galduta, sailkapenean atzera egin nuen, laugarren postura. Oso denbora gutxigatik ezin izan zuen  Enekok hirugarren postura itzuli. “Azken etapan hiru minutuko abantaila zuen nirekiko. Denbora irabazten joan nintzaion, baina 50 segundura geratu nintzen”.

Lantaldea

Laguntzaile talde berezia izan zuen Enekok Lekkaroden. Txakurrak lotu eta irteera lagunduko dion jendea eraman ohi du musher edo lasterkari bakoitzak. “Gurasoak etorri dira aurten eta oso esperientzia polita izan da denontzat. Gurasoek ez zekiten txakurrei arnesak lotzen ere, baina ikaragarri gozatu dute. Datorren urtean berriz ere joan behar duela esaten ari zait aita, gogor entrenatzeko”, azaldu du irribarretsu.

Lekkarod musher frogak duen antolaketa ere aipatu nahi izan du Enekok. “Txakurrentzako masaia zerbitzua ere bazegoen, pentsa. Edozein urgentzia gertatuz gero, 24 orduko albaitari zerbitzua eskaintzen dute eta lasterkariak ere oso ondo zaintzen gaituzte. Uneoro ematen dizute behar duzun informazio guztia. Ikaragarrizko lana egiten dute”.

Atsedena

Orain atseden hartzea egokitzen zaio Enekori. “Entrenamenduak, Lekkarod…, denboraldi bukaera oso intentsoa izan da. Zizurkilgo txakurkrosa amaituta, atsedenerako tartea hartuko dut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!