Bezero txartela sortu du Oria Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 12a, 02:00

Bezero txartela aurkeztu berri du Oria Merkatarien Elkarteak. Abantailetan eta zozketetan parte hartu ahal izango dute erabiltzaileek. Larunbatean, apirilaren 14an, hasiko da martxan kanpaina.

Komertzio txikiak sustatzea du helburu Oria Merkatarien Elkarteak bezero txartelaren bitartez. Lander Etxeberriak, Sahatsa dendako langileak eta Oria Merkatarien Elkarteko kideak azaldu duenez, “funtzio soziala dugula ohartzen gara, eta jendeari ohartarazi nahi diogu garrantzitsua dela komertzio txikiak bultzatzea, ez komertzioentzat bakarrik, baita herriarentzat ere. Herria hutsik egongo litzateke komertzio txikirik gabe”.

Villabonako eta Zizurkilgo 11 denda animatu dira bezero txartela abiaraztea, eta horrela bezeroek abantaila ezberdinez gozatzeko aukera izango dute. Bi abantaila mota ditu txartelak. Batetik, elkarte gisa banatuko dituzte sari potoloenak. Hilabete honetan, esaterako, landetxe batean asteburu pasa joateko Nekatur bonoa zozketatuko dute. Eta bestetik, denda bakoitzak bere eskaintza propioak egingo ditu, berak erabakitako produktuetan. Txartelaren funtzionamendua ikusi ostean, denda gehiago animatuko direla uste du elkarteak.

Aste honetan zehar banatuko dituzte etxean informazio orriak eta izena emateko eskuorria. Villabonan eta Zizurkilen ez ezik, inguruko herrietan ere banatuko dute informazio orria, eurek ere aukera edukiko dutelako bezero txartela eskuratu eta haren abantailez gozatzeko. Eskuorriak 11 denda horietan ere eskura daitezke.

15 eguneko iraupena izango du kanpainak, eta larunbatean, apirilaren 14an, jarriko da martxan. Ordutik aurrera bezero txartela erabiltzearen abantailez gozatu ahal izango da.

Bezero txartelaren erabilera

Eskuorria dendetan entregatu eta zuzenean lortuko du bezero txartela eskatzaileak. Txartel bakoitzak barra-kode bat dauka, txartelaren jabea identifikatzeko erabiliko dena. Fidelizazio txartelaren funtzionamendu bera du. Txartela etxean ahaztuz gero, NAN zenbakia esatearekin nahikoa da eskaintzen diren abantailez gozatzen jarraitzeko.


Ainhoa lizarralde. Villabona Optika
{{IMG-40494}}

Villabona Optika bezero txartelaren erabilerara animatu den 11 komertzioetako bat da. Oria Elkarteko komertzioek elkarrekin egingo dituzten zozketez gain, beherapenak eskainiko ditu optikako zenbait produktutan. Azalpen gehiago eman ditu Ainhoa Lizarralde optikako arduradunak.

Zein iritzi duzu bezero txartelaren inguruan?

Herri askotan egiten ari dira mota honetako txartelen bat. Zerbitzu ezberdinak eskaintzeko eta herrian mugimendu gehiago sortzeko aukera ematen du bezero txartelak.

Zertarako balio du bezero txartelak?

Herriko komertzioetan fidelizatzeko txartela da. Dendarientzako bezeroaren fidelizazioa gisa balio du, eta bezeroek trukean sariak eta eskaintzak eskuratuko dituzte. Herriko komertzio txikiak sustatzeko bide da txartela.

Non eskuratu daiteke txartela?

Aste honetan Villabonako, Zizurkilgo nahiz inguruko herrietako etxebizitzetan banatuko da informazioa eta txartela eskuratzeko fitxa. Orri hori dendan aurkeztu, eta txartela entregatuko zaio bezeroari. Txartela betetzeko orria dendetan ere egongo da eskuragarri. 18 urtetik gorakoek lortu dezake bezero txartela.

Zein abantaila eskuratuko ditu bezeroak txartelarekin?

Jaulkipen kanpaina gisa, landetxe batean asteburu pasa bat zozketatuko da apirilaren 14tik 28ra bitartean. Bestalde, komertzio bakoitzak beren promozioak edota beherapenak eskaini ahalko ditu. Gure kasuan, Villabona Optikan une oro edukiko dugu abantailaren bat, esatereko, lentilletako likidoetan.

Bezero txartelaren bitartez, jende gehiago animatuko ote da herrian erostera?

Horixe da helburua. Erostera joatean sari txikiren bat emateak ilusioa egiten du. Ea horrela herrian gehiago erostera animatzen den jendea.

Martxan hasteko gogoz?

15 egun edukiko ditugu lehenengo urratsak emateko: programa informatikoaren erabilera ikasteko, bezeroei zalantzak argitzeko, besteak beste. Esan bezala, zerbitzu ezberdinak eskainiz jende gehiago herrian erostera animatu nahi da.


Aitziber Cenzano. Basajaun liburu-denda
{{IMG-40495}}

“Merkatarioi lana erraztuko digu bezero txartelak”

Basajaun liburu-dendako arduraduna den Aitziber Cenzanok beharrezkotzat ikusten du bezero txartela. Hasierako ideia herriko zerbitzu ezberdinetarako herritar txartel bakarra erabiltzea zela azaldu du, baina ezinezkoa izan dela Udalak eta liburutegiek  dituzten programak ez direlako bezero txartelarekin bateragarriak.

Bezero txartelaren sorrerarekin pozik agertu da Cenzano: “Merkatarioi lana erraztuko digu bezero txartelak, gehien bat zozketak egiterako orduan; txartela irakurgailutik pasatzean gordeta geratzen baitira bezeroaren datuak”.

Eskainiko diren beherapenak zenbatekoak izango diren zehazteko daukate, eta aste honetan zehar bilduko dira erabaki hori hartzeko.

Herrian zenbat eta zerbitzu gehiago eman herritarrak erosoago sentituko direlakoan da Basajauneko arduraduna. Izan ere, “komertzio handiak kalte izugarria egiten ari dira komertzio txikiengan, batez ere erosketak online egiteko zerbitzua eskaintzen baitute”. Eskualdean komertzio handiak ugaritzera doazela gehitu du.


Garazi Dorronsoro. Garazi loradenda
{{IMG-40496}}

“Ez zaiei behar adina garrantzia ematen komertzio txikiei”

Komertzio txikiak bultzatzeko zerbait egin behar dela argi du Garazi Dorronsoro, Garazi loradendako nagusiak. “Komertzio txikiak guk bultzatzen ez baditugu, ez digu inork lagunduko”, azpimarratu du.

Elkarte gisa ez ezik, komertzio bakoitzak bere eskaintza eta promozio propioak eskainiko ditu. “Bezero txartelak elkarte gisa nahiz independienteki lan egiteko balioko du”.

Oria Merkatarien Elkartea osatzen duten komertzioetatik hamaika animatu dira txartelaren erabilerara. Funtzionamendua ikustean denda gehiago batuko direlakoan da Dorronsoro. Hasteak errespetu pixka bat ematen diola aitortu du, baina martxa hartzean interesgarria izango delakoan da. “XXI. mendean gaude. Ezin dugu atzean geratu”.

Komertzio handiak txikiei sortzen dien kalteaz larrituta agertu da: “Ez zaie behar adina garrantzia ematen komertzio txikiei. Oso arduratuta gaude”. Inguruan 20 komertzio handiren irekiera dela eta arduratuta agertu da, Udala egoeraz kontziente ez dela edo kontziente izan nahi ez duela argudiatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!