Bezero txartela aurkeztu berri du Oria Merkatarien Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 9a, 02:00

Herriko komertzio txikiak sustatzeko helburuz sortu du bezero txartela Oria Merkatarien Elkarteak. Txartelaren bitartez beherapenak eta zozketak eskuratuko ahal izango dituzte bezeroek Villabonako eta Zizurkilgo 11 dendetan. Larunbatean hasiko da txartelaren erabileraren kanpaina.

Komertzio txikiak bultzatzearen garrantziaz mintzatu dira Oria Merkatari Elkarteko kideak eguerdian egindako agerraldian. Lander Etxeberriak, Sahatsa belardendako langileak eta Oria Merkatarien Elkarteko kideak, adierazi duenez, "herria hutsa egongo litzateke komertzio txikirik gabe. Funtzio soziala dugula ohartzen gara, eta jendeari ohartarazi nahi diogu garrantzitsua dela komertzio txikiak bultzatzea, ez komertzioentzat bakarrik baita herriarentzat ere".

Oria Merkatarien Elkarteko 11 komertziok hartu dute parte txartelaren funtzionamenduan. Aste honetan zehar Villabonako eta Zizurkilgo etxebizitzetan informazio orria eta eskuorria banatuko dituzte bezero txartelaren berri emateko, baita inguruko herrietan ere. Izan ere, Villabonan nahiz Zizurkilen erosketak egiten dituen orok eskuratu dezake bezero txartela. Doakoa da.

Eskuorria betetakoan 11 denda horietakoren batean entregatu eta momentuan eskuratuko da bezero txartela. Dendan bertan ere lortu daiteke eskuorria.

Bezero txartela erabiltzen dutenen artean nekaturreko bono bat zozketatuko da apirilaren 14tik 28ra bitartean asteburu pasa joateko landetxe batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!