Zumeatarra elkarteko hainbat lagun Santa Krutz eguna hitzordu berezitzat hartzen hasi zen, duela berrogei urte inguru. Uranga tabernan elkartu, eta ospakizun ederrari hasiera eman zioten. Maite zuten Uranga taberna eta bertako Mertxe nagusia, eta hark ere etxekotzat hartzen zituen "Exkerreneako bluxak" koadrilako kideak. Taberna itxi zuten, Mertxek erretiroa hartu zuen, eta garaiak aldatuz joan badira ere, Zumeatarrako lagun taldeak Santa Krutz eguneko ospakizunari eutsi egin dio. Egun, trikitia eta panderoarekin, kalean gora eta behera ibiltzen dira Santa Krutz egunean. Ez dira egitarauan agertzen, baina auzotar gehienek jakin badakite maiatzaren 3ko osagaietakoa dela bluxadun koadrilaren kalejira. Oraindik orain, eguna girotzen dute.
Txupinazoa maiatzaren 2an, arratsaldeko 19:00tan
Kale Nagusiko Zubiaurre etxetik jaiari hasiera emango diote. Txupina botata, Zumeatarrako danborrada abiatuko da.