'Andoaingo ibilaldia', Euskaldunaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko api. 6a, 02:00

Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituaren baitan, Euskalduna mendigoizale elkarteak eta Euskal Mendizale Federazioak 'Andoaingo ibilbidea' eguna antolatu dute. Apirilaren 15ean hiru ibilbide ezberdinen artean aukeratu ahal izango da.

Hiru ibilbide eskainiko dituzte aurtengo edizioan. Andoaingo eta inguruko familiei begira, 10 kilometroko ibilbide laburra antolatu dute Belkoain eta Aduna ingurutik igaroko dena. Adunako kontrolgunean jatekoa eta edatekoa eskainiko zaie parte hartzaileei.

Mendizaleei begira, beste bi ibilbide antolatu dituzte. Motza izenekoa 21 kilometrokoa da eta ibilbidean zehar Aduna, Zizurkil Goia, Zarateko Benta eta Belkoain zeharkatuko dituzte. Parte hartzaileei hamaiketakoa Zarateko Bentan eskainiko diete.

Ibilbide luzea 42 kilometrokoa da eta Aiztondo bailara zeharkatuko du (Aduna, Zizurkil Goia, Asteasu, Larraul, Alkiza, Erniozabal, Ernio, Gazume, Zelatun, Zarateko Benta, Belkoain). Kontrol guneak Alkizan, Zelatunen eta Zarateko Bentan ipiniko dituzte. Izen-ematea zabalik dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!